Miguel Arroitajauregi: “Orduan guztiok ginen iraultzaileak, baina barrenean burges txikiak eta matxistak ginen”
Liburuaren izenburuak dioen bezala, trantsizioak dira nobelaren ardatza: historikoak eta pertsonalak. Eleberria Ekuatore Gineako eta Espainiako trantsizio politikoetan kokatzen da eta, era berean, pertsonaiek bizi dituzten trantsizioak azaltzen dira, haurtzarotik nerabezarora eta gaztarora nola igarotzen diren ikusiz, horrek dakarren guztiarekin: belaunaldien arteko borroka, ideologikoki heltzea, konpromiso politikoa, sexu-ernatzea, eta abar.
Liburua ‘Transiciones’ deitzen da eta trantsizioak dira ardatz, baina zein zentzutan?
Bi ikuspegi ezberdinetatik lantzen dut kontzeptu hori. Trantsizioa berba entzuten dugunean trantsizio politikoa etorri ohi zaigu burura, Espainiakoa adibidez, frankismotik demokrazia honetara eman zena. Baina badaude trantsizio pertsonalak ere, gugan ematen diren aldaketak. Liburuan hiru pertsonaia agertzen dira eta denak jaio dira 1950-1952 urteen inguruan. Ni pixka bat gazteagoa naiz, baina hori guztia ezagutu nuen. Franco hil zenean 19 urte nituen, adibidez. Pertsonaiak nahita jarri ditut ni baino zaharragoak, sasoi horietako gertakizunetan agente pasiboa izan nintzelako eta eurak antifrankismoaren kontu horietan gehiago sartuta zeudela irudikatu nahi nuelako. Alde batetik, gertatutakoa gogoratu nahi izan dut. Gauza ezagunak izan arren, trama lotzeko informazioa bilatu behar izan dut datak ondo zehazteko, eta abar. Eta bestetik, beste trantsizio bat aipatu nahi nuen, Ekuatore Gineakoa. 1969. urtean lortu zuten independentzia eta gertakizun horrekin hasten dut liburua.
Nola egituratu duzu liburua?
Lehenengo eleberriarekin alderatuz, honek egitura sinpleagoa du. Besteak denboran jauziak egiten zituen, hiru sasoi ezberdin agertzen ziren... Hemen ez, oso lineala da. Flashback batekin hasten da, azalduz Espainia nola irten zen Gineatik. Frankismoak isildu egin zuen, baina Espainiarentzat oso gogorra izan zen. Hori hartzen dut aitzakia moduan hiru pertsonaietatik bi aurkezteko, euren harremana nola hasi zen azalduz. Hortik Madrilera pasatzen gara eta hortik aurrerakoa bertan gertatzen da. Batzuk galdetzen zidaten: “Eta zergatik ez Euskal Herrian?”. Ba sasoi hori ez nuelako Eibarren bizi. 16-17 urterekin joan nintzen hemendik eta 23rekin bueltatu nintzen. Bost urte egin nituen Salamancan ikasten eta beste bat soldadutzan. Hemengoa ezagutzen nuen, baina ez nuen bizi izan. Gehiago ezagutzen nuen Salamancan, Valladoliden edo Madrilen gertatutakoa, toki hauetan ikasten genuen euskaldunok harremana genuelako eta batetik bestera ibiltzen ginelako.
Beraz, liburuak badu autobiografikotik?
Zerbait bai. Pasarte batzuetan inguruko jendeak edo nik ezagututako edo bizitako gauzak azaltzen dira. Beraz, bi edo hiru gauzatan bada autobiografikoa, agian gehiagotan. Badakizu, azkenean nahigabe... Bitxikeria moduan, liburua idazten amaitu nuenean 6-7 laguni eman nien euren iritzia jasotzeko eta batek esan zidan.
“Miguel, hori zu zara”, eta nik, “ez da izango!”. Nolakoak dira pertsonaiak?
Hiru gazte dira, neska bi eta mutil bat. Mutila nik ezagutu nituen bi edo hiru lagunen sintesia da. Familia oneko jendea, baina guztiz iraultzailea. Sasoi horretan guztiok ginen iraultzaileak, baina gure barrenean burges txikiak eta matxistak ginen, besteak beste, eta hori islatu nahi izan dut. Pertsonaia hori komunista da, abokatua, beti istiluetan dabil, baina bere aita Justizia Idazkariordea da. Beraz, babestu egiten du, inoiz ez da kartzelan egon, pisua amak ordaindu dio... Iraultza egitea errazagoa da horrela. Bestalde, ez nuke esango matxista denik, baina bai da guk jaso dugun hezkuntzaren erakusle.
Nolakoak dira beste biak?
Neska biek Ginean ezagutzen dute elkar, gurasoak han bizi direlako. Baten aita ingeniari agronomoa da, eta bestearena Guardia Zibila. Azken hau, Olga, oso iraultzailea da, baina ez alde politikotik bakarrik, arlo guztietatik baizik. Bestea, Maria Pilar, neska mimatua da, gurasoek esaten dutena beti iruditzen zaio ondo... eta Olgak, ezagutzen duenean, ikusten du asko eragin dezakeela beragan. Hor ere bilakaera bat ikusten dugu. Baten bilakaera naturala da eta bestearena baldintzatua. Gineatik Madrilera joan arren, elkarrekin jarraitzen dute eta han mutila ezagutzen dute. Mutilak eta neska batek amodio-kontu bat dute, eta era berean bi nesken arteko harremana nolakoa den beti dago airean.
Orduan, liburua idazteko lanketa bikoitza egin duzu. Batetik, historiaren arloa zaintzeko, dokumentazio-lana adibidez; eta bestetik, pertsonaien eta fikziozko istorioaren lanketa, ertz asko baititu
Egia esan, dokumentazioaren aldetik ez dut lan handirik egin behar izan. Gineako pasartea kontatzeko bai, eskolan Ginearen inguruan zerbait ikasi arren, ez nuelako zehazki ezagutzen zer gertatu zen bertan. Beste guztia kontatzeko, dokumentazio-lana egin baino, datak ondo gogoratzea eta zehaztea izan da lana.
Agian dokumentazio lana ez, baina bai izan da sasoi horiek gogoratzeko ariketa?
Zentzu horretan bai izan da introspekzio-lana. Salamancara ezer jakin gabe joan nintzen eta sasoi horretan hara joatea ez zen gaur egun bezala. Irailean joaten ginen eta Gabonetan bueltatzen ginen. Komunikatzeko ez zegoen aukera askorik, batzuetan telefonoz hitz egiten genuen familiarekin, baina lagunekin ia inoiz. Gutunak idazten genituen, baina ez zen praktikoa. Salamancan beste mundu bat ezagutu nuen. Eibarren astero joaten nintzen elizara, baina hara joan eta hamabost egun geroago konturatu nintzen ez nintzela elizara joan. Ze gertatzen da hor? Alde batetik, hemen, ardiek bezala, besteek egiten zutena egiten nuen; eta bestetik, han askatasuna izan nuen, mota askotako jendea ezagutu nuen...

Zergatik erabaki duzu liburua sasoi horretan kokatzea?
Esperientzia pertsonala barruan nuelako, baina esperientzia pertsonalak kontatzea gogorra izaten da, eta ispilu bat jarri eta beste batzuek kontatzea izaten da onena. Garbi nuen sasoi horri buruz hitz egin nahi nuela. Beste liburua amaitu nuenean ez nuen beste nobelarik egiteko asmorik, baina dena ondo irten zen eta ilusio handiarekin pasa nituen bi urte horiek. Beraz, zergatik ez bigarren bat idatzi? Lehenengo ideia beste nobelan agertzen zen pertsonaia bat ardatz hartzea zen, baina 1934an jaiotakoa zen, zaharregia nire esperientzia islatzeko. Beraz, zerotik hasi nintzen.
Beste liburuarekin alderatuz, asko aldatu da idazketa-prozesua?
Bai, guztiz. Lehengo nobelarekin, urte asko neramatzan zerbait idazteko gogoarekin. Kasualitatez, zerbait lotu eta hortik jo nuen. Aldez aurretik lan handia egina nuen, informazio pila bat neukan, baina kasu honetan ezberdina izan da. Informazioa ez da hain sakona. Gineakoa dozena bat orrialdetan sartzen da eta beste zatiaren alde historikoa lantzeko ez dut ikerketa-lan handia egin behar izan. Bestalde, liburu berriarekin bai izan ditut krisiak eta bi-hiru hilabetetan ezer idatzi gabe egon naiz.
Eta nola askatu duzu korapiloa?
Ez dakizu zelan, baina momentu batean zerbait etortzen zaizu eta hortik jarraitzen duzu. Batzuk diote musek lanean harrapatu behar zaituztela, baina nire kasuan ez da horrela izan. Nire bizitzarekin jarraitzen nuen eta bat-batean ideia bat etortzen zitzaidan, probatzen nuen, balio zuela ikusi eta aurrera. Gainera, prozesuaren erdian etxe aldaketa egin dugu eta hor ez zegoen idazterik (barreak).