Mikel Gaztelurrutia: “Orain dela 40 urte ezinezkoa zen imajinatzea Eibarren eta inguruan jazz musikaririk egotea”

Pianojole eibartarrak ‘Black on white’ diskoa aurkeztuko du bihar Coliseo antzokian
Mikel Gaztelurrutia: “Orain dela 40 urte ezinezkoa zen imajinatzea Eibarren eta inguruan jazz musikaririk egotea”
2024/05/03 16:00
eta kitto!

Pianojole eibartarrak bere hirugarren diskoa kaleratu du: Black on white. Pianoko tekla zuri-beltzetatik abiatuz, jazz-doinu koloretsuak igortzen ditu Aritza Castro eta Javier Callen musikariek lagunduta. Orain, diskoa zuzenean aurkezteko ordua heldu zaio Mikel Gaztelurrutia Trio taldeari eta Coliseo antzokian arituko dira bihar, 20:00etatik aurrera.

Mikel Gaztelurrutiak bere buruarekin eta artearekin duen konpromisoaren eta printzipioen adierazpena da ‘Black on White’. “Asmo aitorpen bat, egileak bere buruarekin eta bere sormenarekin duen konpromiso hautsezina”, Errebal Jazz zigiluaren arabera. Berba ederrak dira, baina zein hobe artista bera baino diskoari buruz berba egiteko? Jarraian batu ditugu telefonoaren beste aldetik kontatu dizkigunak.

 

Nolako diskoa da ‘Black on white’?

Disko oso eklektikoa da eta, egiten ditudan grabazio guztietan bezala, egiten dudan lehenengo gauza ‘disko-egarria’ sortzea da, hau da, jendeari egarria eragitea. Izan ere, gero eta gutxiago gertatzen da, baina normalean jendeak jazza entzuten duenean ikaratu egiten da eta tira. Jazza oso zabala da eta jendeak hausnarketa txiki bat egiten duenean berari gustatzen zaion estiloa edo estilo asko aurkitzen ditu, denetarik baitago. Gustatzen zaidan musika egiten saiatu naiz, baina musika ona eta musika dibertigarria aldi berean ere egin daitekeela pentsatzen dut.

Zergatik ‘Black on white’ izenburua?

Izenburuak zenbait gauza islatu nahi ditu. Alde batetik, piano baten teklak beltzak eta zuriak dira. Gero, egunerokotasunean gela txuri-txuri batean egiten dut lan eta erdian piano beltz bat dago. Hori ere bada ‘Black on white’. Bestetik, ‘Black on white’ bizitzaren kontrasteak ere badira. Toki batean gaude eta bat-batean bizitzak beste kolore bat ematen digu. Bizitza aldatzen doa, norberaren bizitzara polikromia ezberdinak ekarriz, eta kontraste hori ere islatu nahi du izenburuak. Baina batez ere, musikalki, niretzat ‘black’ txikitan entzuten nuen musika beltz afroamerikarra da: Motown, Otis Redding, Marvi Gaye, Michael Jackson, Diana Ross... Eta tartean, kontserbatoriora joaten nintzen Mozart, Chopin eta Rajmaninov ikastera. Bi ikasketa horiek gakoak izan ziren nire formakuntzarako. Bata arautua eta bestea medioetan aurkitzen nuena, lagunek diskoen bitartez partekatzen genuena. Bi eskola oso politak izan ziren.

Hirugarren diskoa da zuretzat. Aldea dago beste biekin konparatuz gero edo jarraikortasun bat dago?

Disko berriak ildo bat jarraitzen duela uste dut. Disko bat egiten duzunean, bukaera ikusi arte ez dakizu zein ukitu edo emaitza izango duen, eta uste dut oraingo honetan badagoela ildo bat. Jazz amerikanoa eta musika beltza da ildo hori. Esentzia hori, belztasun hori, oso garrantzitsua da. Aurreko proiektuetan beste modu batzuetan irudikatu arren, badago ukitu hori. Eta hurrengo diskoan, abian dagoen laugarren diskoan, belztasun hori atzeman daiteke. Txikitatik entzundako musika hori nire DNAaren barrenean dago eta doinuak subkontzientean daramatzat.

Sortzerako orduan nolako prozesua jarraitzen duzu?

Niretzat ez dago musika konposatzeko sortzeko modu bakarra. Ideia erritmikoetan, melodietan edo armonietan oinarrituta konposatu dezakezu, adibidez. Nik dena erabiltzen dut. Batzuetan erritmikan oinarritzen naiz gehiago eta, adibidez, ‘Walk’ (nire bigarren diska), erritmo afrokubatarretan oinarritzen da. ‘Black on white’ konposaketan eta moldaketan dago gehiago oinarrituta. Era berean, inprobisaziorako oinarria ere badago, baina niretzat konposaketa eta moldaketa ariketa izan da gehiago.

“Biharko kontzertuan, arlo musikalari dagokionez, diskoan oinarrituko gara, baina irekia izango da era berean”

Aritza Castro eta Javier Callen izan dituzu bidelagun diskoaren grabaketan. Zure proiektu pertsonala da, baina eurek ere tokia dute. Zenbaterainokoa da euren eragina?

Gai berdina beste musikari batzuekin jotzean ezberdin entzuten da. Bakoitzak bere ukitua eskaintzen du. Oinarritik abiatuta, musikari bakoitzak bere ñabardurak eta ukituak emateko askatasuna du. Alde horretatik, jazza oso interesgarria da, oinarri edo egitura hori errespetatuz gero, hortik aurrera musikari bakoitzak bere ikuspuntu pertsonala jarri ahal diolako piezari. Disko bera bateria eta kontrabaxu batekin edo beste batekin grabatuz gero, ezberdin entzungo litzateke. Hori da jazzak eta inprobisazioak duen aberastasunetako bat. Aritzak eta Javierrek lan oso polita eta sendoa egin dute.

Diskoaren grabaketa nolakoa izan da?

Grabaketa oso erraza izan da. Bi egunetan Josue Pascual deituriko teknikari batekin grabatu genuen. Jazzean oso aditua da eta esperientzia handia duen teknikaria da. Arlo teknikoari dagokionez, oso grabaketa erraza izan da.

Gaztelupeko Hotsak ekoiztetxearen Errebal Jazz zigiluarekin argitaratu duzu diskoa. Garrantzitsua da jazzaren aldeko apustua egiten duen zigilua edukitzea etxe alboan?

Lehenengo diskoa, ‘The new jazz voices esemble’, eurekin grabatu nuen. Bigarrena, ‘Walk’, autoekoizketa izan zen. Eta orain, berriz ere, Gaztelupeko Hotsakek ekoiztu eta argitaratu du diskoa. Aspalditik ezagutzen dugu elkar eta oso erraz jarri dizkidate gauzak. Oso harreman estua eta erraza izan da. Orain dela 40 urte ezinezkoa zen imajinatzea Eibarren eta inguruan jazz musikariak egotea, eta gero eta gehiago gaude. Eta bestalde, musika hau lantzen duen disketxea dugu. Zorte hori dugu eta proiektu sendoa da, gero eta jazz musikari eta disko gehiago ateratzen ari direlako. Oso trinkotuta dagoen errealitatea da eta oso proiektu polita. Seguru asko aurrera egingo du eta hazi egingo da. Batek daki nora helduko den.

Aitzindaria zara hemengo jazz munduan. Hasi zinenean ez zen egongo aipatu duzun ekosistemarik. Nola gogoratzen dituzu hastapenak?

Maitasun handiarekin gogoratzen ditut, eta baita arduragabetasun eta ausardia puntu batekin ere. Batzuetan bizitzan gauzak horrela egin behar dituzu, bestela ez duzu sekula arrankatzen. Poliki-poliki pausoak ematen hasten zara eta pauso bakoitzak erreferentzia ematen dizu gero beste pauso bat emateko, eta horrela. Musika maratoia da, oso karrera luzea. Nik ikuspuntu hori eman diot nire bizitza musikalari. Maratoia izanik, asko ez nekatzen saiatzen naiz. Irakaslea naiz eta jardunaldi osoan egin izan dut lan beti. Orduan, sobratzen zaidan energia eta denborarekin, batzuetan energia eta denbora hori ez da asko, baina gauzak eskaintzen saiatzen naiz eta ahal dudan neurrian jarraitu egingo dut. Pauso txikietatik asko ikasten da: hurrengo pausoa nola irudikatu, zein gauza on eta ez hain on egin dituzun... Musika metodo zientifikoa bezalakoa da: froga eta errorea. Eta inprobisazioan are gehiago. Inprobisazioa asko landu behar dugu, baina ez dakigu egun bakoitzean zer egingo dugun eta horretarako prestatu behar gara. Hori da gure eguneroko erronka teknikoa.

Diskoa zuzenean aurkeztuko duzue Eibarren. Zuretzat berezia izango da etxean jotzea?

Oso berezia da. Emozio puntu garrantzitsua du. Era berean, Coliseo antzokian oso gustora jotzen dut, oso baldintza onetan jotzen dugulako. Bertako langileak punta-puntakoak dira eta beti tratatu gaituzte maitasun handiarekin. Arlo musikalari dagokionez, diskoan oinarrituko gara, baina irekia izango da era berean. Momentu batzuetan inprobisaziora irekiko gara eta beste batzuetan oinarrira bueltatuko gara. Kontzertu guztietan jokatzen dugu antzera. Hau da, oinarrizko egitura ezartzen dugu, baina gero solista batek inprobisatzen duenean taldeak jarraitzen dio eta jarraipen horrek egoera berrietara eramaten gaitu. Hori da interesgarria. Hortik nora arte heldu ahal gara? Zer aterako dugu berria? Momentuan momentukoa? Hori da inprobisazioaren magia.