MIREN ARANGUREN: “Zaintzaren ikuspegi integral batetik ekingo dion arkitektura erakundetu bat aldarrikatzen dugu”
Astelehenean eman zitzaion hasiera Martxoaren 8ko egitarauari Miren Aranguren Etxarteren hitzaldiarekin. Emagin elkarteko soziologoak zaintza sistema publiko komunitarioaren inguruan egin zuen berba ikuspuntu feminista batetik. Gainera, bere azalpenak entzun ondoren, Andretxean elkartu ziren lagunekin solasaldia sortu zen.
Zaintza izan da eta da gaur egun ere mugimendu feministaren hausnarketa puntu garrantzitsuetako bat. Horren inguruan mobilizatu dira azken urteotan eta aurten ere hori izango da aurtengo Martxoaren 8ko ardatzetako bat, Eibarren erabiliko den goiburua ‘Bizitza duinak guztiontzat eta edonon’ izango delarik.
Zertaz ari gara zaintza sistema publiko komunitarioaz berba egiten dugunean?
Batetik, azkenengo urteetan Euskal Herriko mugimendu feministak egin duen aldarrikapena da, gaur egun dugun antolaketa bidegabeari aurre egiteko. Sistema bat aldarrikatzen da, gaur egun ez dugulako zaintzari ikuspegi integral batetik begiratzen dion sistema bat eta bakarra. Ditugun sistemak, egiturak eta abarrak artxipelago bat osatzen duten irla solteak dira, baina ez dira sistema bat bere horretan, ez bada menpekotasunari arreta egiteko gizarte zerbitzuen esparru hori. Osakidetzan daude parte batzuk, hezkuntzan beste batzuk, gizarte zerbitzuetan ere, beste parte batzuk ez dira estaltzen, hirigintzan ere badaude parte batzuk... Oso ikuspegi sakabanatua da. Beraz, ikuspegi integral batetik ekingo dion arkitektura erakundetu bat aldarrikatzen dugu. Bestalde, publiko komunitarioaren kontu hori esaten dugunean, edukiz janzten ari garen aldarrikapen bat dela esan beharra dago. Emaginentzan zerbait inspiratzailea da, hainbat aukera ematen dizkigulako: publikoaren ikuspegi tradizionaletik harago pentsatzeko; zer nolako publikoa nahi dugun hausnartzeko; demokratizazioan sakontzeko; eta komunitatean gaur gaurkoz ez zaintzearen pribilegioa duten gizonak, belaunaldi gazteagoak eta horiek guztiak interpelatzeko, besteak beste. Gaur egun dugun publikoaren ikuspegi itxia gainditzen duen ikuspegia ematen digu. Hibridatze horiek (publiko, kooperatibo, komunitario...) gizarte honen konplexutasunei eta dauzkagun erronkei aurre egiteko aukerak ematen dizkigute.
Bide horretan, zein izan beharko litzateke administrazio publikoaren papera?
Duda barik, administrazio publikoari dagokion ardura hartzea eskatzen diogu. Ez dugu esaten komunitatea gauza batzuez arduratuko dela eta administrazioa beste batzuez. Ez, ez gara horretaz berba egiten ari, baizik eta honek eskatzen duela prozesu bat non ehun soziala artikulatuko den. Merkatu pribatua kanpoan lagako dugu neurri handi batean. Ez ditugu aliantza publiko-pribatuak nahi, publiko-komunitarioak baizik.
Zergatik da garrantzitsua zaintzaren gaia ikuspegi feministatik lantzea?
Zaintzaren eremua emakumeoi gehien desjabetzen zaigun esparrua delako. Horren zama eta ardura emakumeoi egotzi zaigun sistema patriarkalean bizi gara. Orduan, batetik, emakumeoi egozten zaigun rol edo funtzioa da eta aldaketarako palanka oso potentea da. Eta bestetik, kapitalaren eta irabazi asmoaren logika lehenesten duen sistema batean bizitza eta hori ahalbidetzen guztia erdigunean jartzeko aukera ematen digu, eta hori ere beste palanka indartsua da. Batzuek zaintza deitzen diote, beste batzuek beste modu batean (elkartasuna, adibidez), kontzeptu asko daude, baina guretzat bizitzak erdigunean jartzeko palanka indartsua da. Beraz, zaintzek ardazten duten gizartea eraikiko bagenu, beste harreman bat eraikiko genuke mundu honetan bizi garen izaki bizidun guztion artean.
Zeintzuk dira zaintzaren inguruan Euskal Herrian dauden arazo nagusienak?
Batetik, lehen esan bezala, antolaketa anabasa da. Bestalde, bidegabea da, erabat feminizatua dagoelako. Emakumeok arduratzen gara horretaz eta horrek esan nahi du administrazio publikoa oso gauza gutxitaz arduratzen dela, gizonek ez dutela parte hartzen antolaketan eta egiten dugun ia lan guztia doan egiten dugula (maitasunagatik, derrigortasunagatik, lanerako beste aukerarik ez dugulako...). Familia erdigunean jartzen duen sistema da. Familia arduratzen da ingurukoen zaintzaz eta familiak huts egiten badu, agian orduan artikulatuko dira beste mekanismo batzuk administrazioan, baina ordura arte espero da familia arduratzea hori egiteaz, eta hor barruan badakigu zeintzuk arduratuko diren. Gainera, geroz eta arrazializatuagoa da eta horrek klase konponente handia du. Emakume pobre eta migratuak dira historikoki zaintza lanez derrigor arduratu behar izan direnak; izan landa-guneetatik hiriguneetara joaten zirelako (lehen Euskal Herrian gertatu zen bezala) edo, gaur egun gertatzen den moduan, txirotu ditugun beste herrialde batzuetatik etorri direlako. Horrez gain, zaintza pribatizatuta dago, etxeko eremura mugatzen delako edo etxeko eremu hori lehenesten delako, baina geroz eta merkantilizatuagoa dagoelako ere bai. Beraz, demaseko injustiziak gertatzen diren eremua dela iruditzen zaigu eta ikusi besterik ez dago zaintzaile profesionalen lan baldintzak nolakoak diren, zaintza lanek zein prestigio gutxi duten, etxeko zaintzetan dauden emakume internen egoera zein den... Urgentziarekin artatu beharko genukeen egoera da. Gainera, menpekotasunean fokoa jarrita, Euskal Herriko adineko eta menpekotasuna garatu duten lagun asko subjektuak izango ez balira bezala tratatuak dira, erabakimenik gabe. Beraz, zeharo aldatu behar den eredua da.
Nolako pausoak eman beharko lirateke zaintza sistema publiko komunitarioa lortzeko bidean?
Tokiko politiketan eragin nahian gabiltza, beraz, herrietan ari gara lanean. Diagnostikoak egin ditugu egoera zehatz eta kokatuak ezagutzeko, eta oso aberasgarria da jakitea nola antolatzen diren eta herrietan zein baliabide dauden. Bestalde, orain arte asko atenditu ez dugun eremu bat artikulatu nahi dugu. Izan ere, inoiz ez gara joan zaintzaileengana ezer galdetzera, ez politikariak ez ia inor. Orduan, eurekin egote hutsa koso aberatsa dihardu izaten. Bestalde, diagnostiko horretatik prozesuak artikulatzen ditugu, ahal den neurrian prozesu parte-hartzaileak, ikusteko komunitate edo udal horrek nondik nahi duen hasi gauzak aldatzen. Aldaketarako bost eragin eremu identifikatu ditugu: arkitekturak edo egiturak osatzea (udaletan ez daude zaintza mahaiak edo horrelakoak), zaintzaileen lan- eta bizi-baldintzak hobetzeko prozesuak aktibatzea (hitzarmen kolektiboetan eragitea, padroiari edo etxebizitzari buruz hitz egitea...), artikulazio komunitarioa sustatzea, arreta ereduari buelta bat ematea eta zerbitzuak hobetzea, eta zaintzen duten guneak eta lurraldeak sortzeko prozesuak martxan jartzea.