Oihana Azkorbebeitia mendi-korrikalariarekin egingo da Negutraila igandean
Irteeraren ondoren bazkaria egingo dute, Azkorbebeitiarekin batera, Depor tabernan
2026/02/23
12:50
Ekhi Belar Errasti
Igande honetan, martxoak 1, Negutraila egingo da Mendi Jardunaldien egutegiaren barruan. Aurtengoan, Oihana Azkorbebeitia mendi-korrikalaria gonbidatu dute mendi-topaketa egiteko eta, ibilbidean zehar berari galderak egiteko aukera egoteaz gain, ondoren bazkaria egingo dute Depor tabernan.
Negutraila 08:30ean hasiko da Eibarko Klub Deportiboaren egoitzaren aurretik (Toribio Etxebarria kalea) eta bi ibilbide egiteko aukera egongo da, bata 13,5 km-koa eta bestea 14,34 km-koa, toki berean amaitzeko.
Lasterketaren inguruko informazioa dokumentu honetan aurkitu dezakezue eta Negutrailean parte-hartzeko hemen eman behar da izena.
Ibilbidearen deskribapena
- Ibilbidea Eibarko Klub Deportiboaren aurrean hasiko dugu taldeko argazkia egin ondoren. Toribio Etxebarria kaletik abiatuta lehen kilometroak Eibarko kaleetatik egingo ditugu Estaziño kaletik bariantera igotzeko (1,3 km). Saihesbidean, Asua Erreka parean, eskuinetara eskailara batzuetatik jaitsiko gara, saihesbiea azpiko tuneletik pasatu eta Santa Kurutzera doan GRa hartuko dugu.
- Naiorbe baserritik gora 500 metro inguru zementuzko pistatik igo ondoren, lehengo gurdi bidea jarraituko dugu Santa Kurutzeko ermitara iristeko.
- Santa Kurutzen (3,5 km), Oihana Azkorbebeitiari galderak egiteko lehen geldialdia egingo dugu. Solasaldiaren ondoren, aurrera jarraituko dugu Arratera doan errepidea gurutzatu eta Usartzara joateko (4,6 km).
- Usartzan Kalamuako ohiko bidea hartu, atea pasatu eta eskuinera doan bidea hartuko dugu, zuzen-zuzen Akondiara igotzeko (5,5 km).
- Akondia tontorrean (749 m) taldeko argazkia atera eta Aizketa aldera jaitsiko gara, Akondiako lepoan dagoen putzuan ezkerrera hartu eta Kalamua aldera joateko (5,8 km).
- Hala ere, ez gara iritsiko Kalamuara; Garagoitzi eta Akondia arteko lepoan ezkerrera hartuko dugu (6,3 km).
- Garagoitzi eta Akondia arteko lepoan, pinadian sartu eta berau zeharkatzen duen bideziodorra jarraituko dugu Kalamuatik Usartzara doan pistara ateratzeko (7 km).
- Pistatik Usartzara arte jarraituko dugu (7,8 km), bertan, eguneko bigarren geldialdia egin eta Oihanarekin bigarren solasaldia egiteko. Galdera-erantzunen ondoren, Usartzatik Ixuara arteko 700 metroak errepidetik egingo ditugu. Kontu handiz errepidea zeharkatu eta eguraldiaren arabera, erabakiko dugu A edo B ibilbidetik jarraitzea (8,5 km).
A ibilbidea
- Ixuatik Urkoko ohiko bide hartuko dugu, Urko (791 m, 9,6 km) gainean taldeko argazkia egin eta Eibar aldera jaisteko.
- Elorretara doan ohiko bidetik jaisten hasi eta 400 metrora (10 km), bide garbia utzi eta ezkerreko bidezidorra hartuko dugu Aritxuluetako zelaitik Arrajola aldera zuzen jaisteko.
- Hasieran zelaitik zuzen jaitsiko gara (11,1 km) eta zelaia bukatzen denean pistatik jarraituz Arrajola baserrira arte (12,2 km). Arrajolan hirugarren eta azken geldialdia egingo dugu, Oihanari azken galderak egiteko aukera izanik.
- Arrajolatik Itzioko parkinera jaitsiko gara (12,8 km). Arratebide, Mekola eta Ardantzatik pasatu ondoren Klub Deportibo aurrean amaituko dugu irteera(13,5 km).
B ibilbidea
- Ixuatik “Urkoko barrankoko bidea” edo “Kateen bidea” bezala ezagutzen dena hartuko dugu, bide zabal eta garbia. Xuabe bada ere, goruntz egiten du eta km bat inguru egin ondoren ate bat zeharkatuko dugu. Atea pasatu eta jarraian ezkerretara hartuko dugu (9,5 km) Katillu baserrira jaisteko.
- Hasieran bidezidor estua bada ere, 300 metro inguru beteta baso-bide zabala aurkituko dugu Katillu baserrira iritsi arte (10,5 km). Baserri aurretik pasatuko gara eta Urkoko troka zeharkatuko dugu Aritxulueta zelaira irteteko (11,6 km).
- Aritxuluetako zelaian sartzeko ate bat pasatuko dugu. Ate parean aurrera jarraituko dugu bidezidor batetik, Arrajola baserrira doan pista hartzeko.
- Arrajolan (13 km) Oihanari galderak egiteko hirugarren eta azken geldialdia egingo dugu.
- Arrajolatik Itzioko parkinera jaitsiko gara (13,6 km). Arratebide, Mekola eta Ardantzatik pasatu ondoren Klub Deportibo aurrean amaituko dugu irteera(14,34 km).