Patxi Bisquert, aktorea: “Naturazko zinea gustatzen zait, artifizio gutxi duena, bihotzetara iristen dena”

Patxi Bisquert, aktorea: “Naturazko zinea gustatzen zait, artifizio gutxi duena, bihotzetara iristen dena”
2021/06/04 08:27
eta kitto!
Eguaztenean ‘Ombuaren itzala’ proiektuaren berri eman zuten Arrate Kultur Elkartean. Eguzki Art Zinemak Pello Mari Otaño bertsolariaren (Zizurkil, 1857 – Argentina, 1910) inguruan egin nahi duen pelikularen izenburua da eta proiektua auzolanean egin nahi dute. Eibarren hazi zen Patxi Bisquert dago egitasmoaren atzean eta berak azaldu zituen horren nondik norakoak herrikideen aurrean. Informazio gehiago pellomariotañoauzolana.eus webgunean.

 

Nolako proiektua da ‘Ombuaren itzala’?

Pello Mari Otaño bertsolari handiari buruzko istorioa da, baina ez hori bakarrik, bere sasoia nolakoa zen kontatzeko aprobetxatu nahi baitugu, Euskal Herrian oso garrantzitsua izan zelako. Bera desagertu ondorengo hamarkadetan hasi ziren hazten sozialismo inertea, abertzaletasun berria… eta guzti hori azaldu nahi dugu.

 

Proiektua auzolanean sortu nahi duzue. Nolakoa da zuen planteamendua?

Proiektua modu normalean egiten saiatu naiz, baina gaur egungo telebista, plataforma handi eta ekoiztetxeei ez zaizkie gehiegi gustatzen horrelako istorioak. Gaur egun ‘Tasio’ pelikularen gidoia hartuko balute, bi sekuentzia irakurri ondoren zakarrontzira botako lukete. Autore-zineak zailtasun handiak ditu gaur egun, eta ez bakarrik aipatutakoagatik. Gure zineman pelikula dezente egiten ditugu urtero eta, gainera, oso onak, ospe onekoak eta sarituak; baina oso leku mugatuetan ikusten dira eta, ikusleen aldetik, oso kopuru txikian. Horri ere buelta bat eman beharra zaio. Horregatik hartu dugu proiektu hau herrigintzan egiteko erabakia. ‘Ombuaren itzala’ Euskal Herri osoko ehun herri baino gehiagotan aurkeztuko dugu. Normalean, gure pelikulak 40 lekutan edo hiri nagusietan estreinatzen dira, ez dira bailaretara edo herri txikietara iristen. Herrigintzan egiteak ate horrek zabaltzen dizkigu, ez dugulako zinema-aretoetan bakarrik ikusiko, ikastoletan eta eskola publikoetan ere ikusiko delako.

 

Nolako harrera izan du proiektuak orain arte?

Aurkezpena Zizurkilen egin genuen, Otañoren jaioterrian, urriaren 8an, eta 50 toki ingurutan izan gara, Nafarroan eta Gipuzkoan batez ere. Euskal Herriko bazter guztietara heltzeko asmoa dugu eta bi urteko epea dugu gauzak poliki-poliki egiten joateko.

 

Zure moduko zinegileek kontatu ezean, Pello Mari Otañoren bezalako istorioak ahazteko arriskua dago?

Zoritxarrez hori gertatzen da eta horrek asko mugitu nau Pello Mari Otañoren memoria ez galtzeko lan egitera. Gure adineko jendea bere koplekin hazi zen, sasoi hartan oso ezaguna zen eta itzal handia izan du beti Euskal Herrian, baina orain ez da hain ezaguna, helduen eta adituen buruan bakarrik geratu da. Hori aldatu nahi dugu, belaunaldi berrietara iritsi. Horregatik, auzolan hau eskoletara bideratu dugu neurri handi batean. Belaunaldi berriek Otañoren bizitzaren erreferentzia edukitzea nahi dugu eta zinema oso erraminta ona da.

 

“Zinema ona egiten jarraitu nahi dut”, aipatzen duzu proiektuaren aurkezpen-oharrean. Zuretzat zer da zinema ona?

Naturazko zinea, artifizio gutxi duena, bihotzetara iristen dena. Hitza edo irudia ardatz hartuta, arte guztiak jorratzen dituena. Mila efektu-berezi dituzten pelikulak edo filma fantastikoak ez zaizkit hainbeste gustatzen, nahiago ditut pertsonen inguruan lantzen diren pelikulak. Horretarako, ez da pertsonaia ospetsu edo garrantzitsua bat izan behar, pertsona arruntek ere asko dutelako kontatzeko.

 

Pello Mari Otaño pertsona arrunta izan zen?

Bere sasoirako oso pertsona berezia zen. Bere giroan, bertsogintzan, gehienak karlistak ziren, baina bera liberala zen. Bestetik, gehienak erdi analfabetoak ziren, baina bera oso jantzia zen, aditua, kultura handiko gizona. Gainera, Otañoren sasoia suspergarria izan zen Euskal Herriarentzat eta gaur egun antzeko egoeran gaude. Herri hau aurrera egin ezinik dago. Diktaduran baino denbora gehiago daramagu demokrazian, baina herri hau geldirik dago eta hori ez da ona. Gure gazteek gaur egun ez dute 60. hamarkadakoek etorkizun hobeago baten bila atzerrira joateko zuten aukera. Atzerrira joaten dira, baina ez dute sasoi hartako Argentina edo Alemania, gaur egun han ere baldintzak ez direlako hain onak. Aukera ona izan daiteke Otañoren urteak aztertzea, gaur egun bide berriak jorratzeko erreferentzia bezala.

 

Nolako pelikula izango da?

Fikziozko istorioa kontatuko dugu, Otañoren obra argudio gisa hartuz, bere eboluzio politikoa ikusteko, besteak beste. Proiektuarekin hasi nintzenean, Otañoren azalean ni neu jartzeko asmoa nuen, baina bera 53 urterekin hil zen eta filma 33 urte zituenean kokatzen da hasiera batean. Nik 69 bete behar ditut. Ikusiko dugu nola egin, ea makillatzaileak zer dioen.