Pello Berrizbeitia: “100 kilometroko lasterketa bat egiteko burugogogorra izatea ezinbestekoa dela uste dut”

Pello Berrizbeitia: “100 kilometroko lasterketa bat egiteko burugogogorra izatea ezinbestekoa dela uste dut”
2021/09/07 11:38
eta kitto!
Pello Berrizbeitia Apellanizek 100 kilometro inguruko bi lasterketa egin ditu azken bi hilabeteetan. Bata, Val D’Aran by UMTB: 104,60 kilometroko lasterketa 6.600 metroko desnibel positiboarekin. Eta bestea, Mont Blanc inguruan, UTMB-ren CCC ibilbidea: 99,10 kilometro eta 5.990 metroko desnibel positiboa. Ia ezer. Bejondeiola.

 

Hankak zer moduz?

Ondo! Ez dut denbora askorik izan indarberritzeko, lasterketaren hurrengo egunean etxera itzuli behar izan nintzelako... eta astelehenean lanera! Hori bai, pozik bueltatu nintzen lasterketan lortutakoarengatik.

 

Lasterketarako ezarri zenituen helburuak lortu zenituen? Nola bizi izan zenuen?

Aurreko edizioetan jendeak egindako lanaren erreferentzia nuen eta 13 ordu eta erdi beharko nituela kalkulatzen nuen. Ibilbidean zehar zenbait puntu daude eta bertan denborak apuntatzen ditugu. Lehenengo puntuan ikusi nuen espero nuena baino bost minutu hobeago nindoala eta azkenengo puntuan 20 minutu hobeago. Hori ikusita, ahal zen moduan helmugara iritsi behar nintzela pentsatu nuen eta erritmoari eutsi nion. 20 minututan hobetu nuen aurreikuspena eta, lasterketan zegoen maila handia ikusita, 48. postuan amaitzea zoragarria izan zen. Hasi aurretik lagunei esaten nien ez nuela uste lehen ehunen artean sartuko nintzenik ere.

 

13 orduko lasterketa batean gora-beherak izaten dira?

Bai, asko. Momentu batean oso ondo sentitu zaitezke eta hortik hamar minutura erdi hilda. Azken lasterketa honetan izan nuen krisi momentu bat, igoera batean, hanketako minarekin, eta banekien jaitsieran lagunak egongo zirela bide ertzean. Pentsatu nuen eurengana iristen nintzenean lasterketa lagako nuela, ez nindoalako ondo, baina bat-batean umorea aldatu zitzaidan, oso ondo sentitzen hasi nintzen, jendea aurreratu nuen eta horrela helmugara arte. Horrelako lasterketa bat egiteko, fisikoaz gain, burua oso garrantzitsua da.

 

Arlo psikologikoa entrenatu egiten da?

Nik ez, baina korrikalari onenek bai. Burugogorra izatea ezinbestekoa dela uste dut (barreak). Lasterketara gozatzera joan zarela pentsatu behar duzu.

 

Fisikoki nola prestatu zara bi hilabetetan 100 kilometro inguruko bi lasterketa egiteko?

Orain dela hilabete batzuk hasi nintzen lanean Ander Romarate prestatzailearekin. Oso ondo eramaten nau Anderrek. Hasieran antxintxiketaldi luzeak egin nituen eta distantzia luzatzen joan nintzen. Gainera, Arango haraneko lasterketa baino lehen Vielha ingurura joan nintzen, nolakoa zen ikusteko. Azken bi hilabeteetan zazpi edo bederatzi orduko antxintxiketaldiak egin ditut eta horrek, fisikoa lantzen laguntzeaz gain, burua indartzeko ere balio du.

 

Profesionala ez zarenez, nola moldatzen zara entrenatzeko?

Zortea dut, bikotea dudalako eta umerik ez. Beraz, lanetik irten eta entrenatzeko denbora dut soberan. Egia da korrikalarien bikoteek pazientzia handia izan behar dutela. Adibidez, asteburuan nonbaitera joaten bagara, entrenatu behar izaten dut baita ere. 100 kilometroko karrerak egiteko ezin da txanda pasarik egin. Zentzu horretan, bikotearekin taldea osatzen dut, asko laguntzen didalako eta anoa-postuetan egoten delako. Jatekoa edo edatekoa emateaz gain, animoak ematen dizkit eta biziki eskertzen ditut.

pello berrizbeitia chamonix1

 

Nork eman zizun ikurriña helmuga zeharkatzeko?

Orain dela bi urte lagunekin eta bikotearekin joan nintzen UMTBra, beste ibilbide bat egitera, eta helmugan ikurriñarekin sartu behar nintzela esan zidaten. Horrela egin nuen eta bideoan grabatu zuten, eta jendeari asko gustatu zitzaion. Orduan, aurten gauza bera egiteko esan zidaten eta, oso postu ona lortu nuenez, emozio handiarekin heldu nintzenez. Politak geratu dira argazkiak.

 

Nola bizi izan zenuen helmugako momentu hura?

Horrelako lasterketetan publiko asko egoten da lehen hiru gizonezkoak eta hiru emakumezkoak sartu arte. Kasualitatez, hirugarren postuan zihoan emakumearen aurretik heldu nintzen eta, ondorioz, helmuga jendez beteta zegoen. Gainera, herriko argiak itzali eta helmugakoak piztu zituzten, eta ikusgarria izan zen. Lagunak eta bikotea zeuden helmugan eta inoiz bizi izan dudan iritsiera onena izan zen. Irabazi egin nuela zirudien!

 

Kilometro asko dituzu hanketan, baina nola hasi zinen?

Lehen, foballean jokatzen nuen eta sasoi hartan lagun batek esan zidan Behobia-Donostia lasterketa egin behar zuela, eta berarekin egin nuen. Poliki-poliki korrika gehiago egiten hasi nintzen, ikusi nuen gero bizkorrago nenbilela eta engantxatu egin nintzen. Gero, ikusi nuen mendiko lasterketak ere bazeudela eta entretenigarria izango zela pentsatu nuen. Mendian korrika egitea probatu nuen eta lasterketa batean izena emateko gogoa piztu zitzaidan. Asko sufritu nuen estreinako lasterketan. Izan ere, ez da gauza bera 20 kilometro errepidean egitea edo mendian. Baina gustatu zitzaidan, eta ikusi nuen lasterketa luzeagoak zeudela eta poliki-poliki gero eta lasterketa luzeagoak egiten hasi nintzen. Gainera, lehiatzea asko gustatzen zait eta, foballa laga ondoren, lehiatzeko beste modu bat da lasterketena.

 

Azken lasterketetan mendi ederretan ibili zara. Paisaiaz gozatzeko aukera izan duzu?

Egia esan, ez. Lasterketa Italiatik hasi zen eta toki ikusgarri batetik pasa ginen, Mont Blancen bista zoragarria ikusten baitzen Chamonixen beste aldetik. Sekulakoa zen, baina bi segunduz bakarrik gozatu ahal izan nuen. Burua altxatu eta kitto, aurrera jarraitu. Horretarako, hobe da horrelako tokietara entrenatzera joatea, lasai, gelditu ahal izateko.

 

Antxintxiketan ibili zaren toki bat aukeratzekotan, zein esango zenuke?

Euskal Herria asko gustatzen zait entrenatzeko: Aizkorri, Anboto... Eibarren ere oso gustura egiten dut korrika. Lasterketa bat aukeratzekotan, UTMB. Bestetik, Canfranc ere asko gustatzen zait eta, nahiko gertu dagoenez, entrenatzera joaten naiz.

 

Jende gehiago ikusten duzu orain mendian antxintxiketan?

Nik ere ez daramatzat urte asko mendian korrika egiten, baina azken urteetan boom bat egon dela uste dut. Mendian korrika egiteak beste askatasun bat ematen dizu. Hasi nintzenean zapatilak ez ziren oso garestiak, baina orain ez dira 100 eurotik jaisten (barreak).

 

Zein lasterketa gustatuko litzaizuke egitea?

UTMB, baina distantzia luzekoa, 170 kilometrokoa. Hala ere, urteak itxaron beharko ditut prest egon ahal izateko.

 

Urteak?

Jendeak errespetua galdu dio distantziari eta uste dut azkarregi animatzen direla 100 kilometro inguruko lasterketak egitera. Nik nahiago dut poliki joan, 100 kilometroko lasterketa batzuk egin eta, gero, jauzia eman. UTMB egiteko 24 ordu baino gehiago behar dituzu, eta hori ondo bazoaz! Gehienek bi gau pasatzen dituzte bidean eta ez da txantxa.

pello berrizbeitia chamonix