Edurne San Martin eta Asier Ibaibarriaga: “Pello Rubiori, Txillarreko ‘sukaldaria’-ri aitortza egin nahi izan diogu”
Txillarre baserria Elgoibarren kokatuta dago, Sallobente ibarreko ingurunean. Pello Rubio sindikalista ohiaren baserria gatazka politikoari buruz elkarrizketak egiteko espazio bilakatu zen 1999an. Isilpean, Pelloren lagunak ziren Jesus Eguiguren (PSE-EE) eta Arnaldo Otegi (Herri Batasuna) gonbidatu gisa. Etxea eta otordua eskainiz, elkar ulertzeko gunea bilakatu zuen etxeko sukaldea Pellok. Presoez nahiz atentatuez, gatazkaz eta horren aterabideaz hitz egin zuten bertan, besteak beste. Orain, bilerak egin zirenetik bi hamarkada pasa ostean, haren bizipenak liburu eta ikus-entzunezko batean jaso dituzte Asier Ibaibarriaga Apoitak eta Edurne San Martín Larrañagak. Kokatu gaitezen.
Zer da edo zein da ‘Txillarreko sukaldaria’?
Edurne: ‘Txillarreko sukaldaria’ da Pello Rubio. Bera jarri nahi izan dugu fokuaren azpian. Arnaldo Otegi, Jesus Eguiguren, bake prozesu baten hasiera (horrek dakarren guztiarekin)... Ez da hausnarketa politiko bat. Ikuspuntu politiko hori egin dute jada Otegik edo Eguigurenek, adibidez. Guretzat inportantea izan da Pello protagonista izatea. Jakin nahi izan dugu zergatik Pello Rubio Txillarre baserriko baserritar batek erabakitzen duen goi mailako politikako saltsa honetan sartzea. Lasai asko bizi zitekeen bere ortuan eta bere baserrian, baina bat-batean hau guztia aurrera eramateko konpromisoa hartu zuen. Hori da bai liburua eta bai dokumentala: Pello Rubio da. Bake prozesua hor dago, ikuspuntu politikoak hor daude, baina esan genezake Pelloren biografia dela.
Asier: Guk gidoia egin genuenean ere horrela izan zen. Bera zumaiarra da jaiotzez, militantzia politikoa ere badu, eta hori kontatzen du. Bere ibilbidea, nola etortzen den Eibarrera, nola enpresa bat kudeatzea tokatu zitzaion, nola egiten zituen baserriko gauza guztiak, ze orain jubilatuta dago baina gaur egun baserritik bizi da. Orduan, Edurnek esan duena: zentratu gara beregan. Pellok nola erabakitzen duen bi munduak elkartzea. Azkenean, gaztaroan izan zuen ibilbide politiko bat. Bertan ezagutu zuen Arnaldo. Ezagutzen zuen baita Paco Egea ere, lanetik. 1999an zegoen giro politikoa, ilegalizazioak zeuden, atxiloketak, atentatuak… Oso garai nahasiak ziren eta hor erabakitzen du berak biei gonbita egitea eta elkartzea. Horrek erakarpen bat sortzen zigun: nola bizi zuen, zein zen bere papera mahai horretan, eta gero, mahai horrek izan duen eboluzioa denboran. Zeren eta gero horrek izan zuen eboluzio bat denboran, Oslon amaitzen dira negoziaketak, baina hori horretara iritsi bitartean eduki zituen bizipenak, berak zein lan egiten zuen baserri horretan…
Noiz sortu zen Pelloren bizipenak jasotzeko ideia?
E: Ideia sortu zen Arrateko zelaian, iaz. Herri-bazkarian geunden, nik ez nuen Pello ezagutzen eta bere alboan bazkaltzea tokatu zitzaidan. Bazkalosteko konbertsazioan hasi zen anekdota batzuk kontatzen. Gainera, gogoratzen dut Arrate eguna zela eta esan zuela “gaur dira ez dakit zenbat urte Zapatero gure etxean bazkaltzen egon zela. Eskoltak eta guzti etorri ziren etxera!”. Bere kontakizunak azaltzen zebilela, esan nion: “Pello, hau ezin duzu zuretzako bakarrik gorde, hau kontatu beharko litzake”. Eta erantzuna izan zen: “Nik ez dut egingo, baina norbaitek egiten baldin badu…”. Horrela geratu zen kontua. Iluntze hartan …eta kitto!-k antolatzen duen Arrateko bertso-afarian Asierrekin elkartu nintzen. Dena azaldu nion, baita jasotako informazioarekin zerbait egingo nukeela ere. Baina ez bakarrik, noski. Asierrek berak proposatu zidan proiektua bion artean sortzea. Eta horrela sortu zen ideia.
Nondik abiatu zenuten proiektua?
E: Nik argi neukan liburu bat edo liburuxka bat sortu nahi nuela. Asierrek, berriz, liburuaz gain, ikus-entzunezko bat egin beharra ikusi zuen.
A: Testua irakurtzen da, baina ikus-entzunezkoak nagusi diren mundu honetan produktu falta ikusi nuen. Beraz, Pellorekin elkartu eta grabaketak egin ostean zer egin erabakitzea proposatu nuen. Hori bai, hiru bazkari egin genituen aurretik Pellorekin konfiantza hartzeko. Finean, badira gauza oso pertsonalak, bere bizipenak dira. Pellok eskubidea du gauza batzuk kontatzeko eta beste batzuk ez. Orduan, bai lortu genuen horrelako harreman sano bat, konfiantza gune bat. Hortik abiatu ginen. Gainera, egiten genuen guztia partekatu izan dugu berarekin. Goiz batean grabatu genuen guztia, kamera profesionalekin. Hiru orduko jardun bat izan zen, eta guk ez genuen ia galderarik egin. Aurrez, gidoi bat pasa genion Pellori, baina berak jada bazuen gertaeren inguruko informazioa jasota.
E: Monologo bat izan zen. Aipatu behar dugu, gainera, Pello oso hizlari ona dela. Oso ondo azaltzen ditu gauzak, pasioz.
Pellok bazuen beharra hitz egiteko?
E: Ez dut argi. Noizbait inork proposatu bazion… Agian ez zitzaion burutik pasako. Hala ere, nik uste dut egin ostean oso gustura gelditu dela. Eta, batez ere, baloratua sentitu dela. Horrek balio handia du denontzat. Pellok behin eta berriz esan digu “nik ez nuen inoiz pentsatuko hau egingo nuenik eta begira nora iritsi garen”. Egindakoak Pello asetu du, eta, noski, polita izan da berarentzat.
A: Bai. Lehendabizikoz ikus-entzunezkoaren zirriborroa bidali genionean mozketarik gabe, oso hunkituta egon zen. Uste dut bere militantzia politikotik eskaini zela “sukaldea lana” egitera. Troskoa da Rubio eta ohituta zegoen boluntario lana egitera. Orduan, nik uste dut berak bitartekari lanak egin zituela militantzia politikotik eta ekarpen bat egin ahal zuela. Horrela, bi lagun elkartu zituen -Jesus Eguiguren eta Arnaldo Otegi -, etxea jarri zuen, errekaduak egin zituen… Konfiantzazko pertsona izan zen. Azkenean, bere bizitzako hainbeste denbora horretara eskaintzea elkarrizketa horiek aurrera atera zitezen… Konpromiso itzela da.
Aurre-lanketa handia ere egingo zenuten.
E: Ez pentsa. Erreza izan da. Pellorekin pare bat alditan elkartu ginen, konfiantza sortu eta gutxinaka denari forma emateko.
A: Guk garbi utzi genion Pellori ez genuela inongo dirurik irabazi edo morboa bilatu nahi. Bera egindakoarekin gustura gelditzea nahi genuen.
Memoria jasoketa bat, azkenean.
E: Memoriaz etengabe hitz egiten gabiltzan garaiotan bere bizipenak jaso nahi genituen. Zeren eta hori ere bada memoria, ez? Garrantzitsua iruditzen zait aipatzea etsipenetik hitz egiten dela askotan. Badirudi ezin dela ezer ez egin. Gauzak txarto dabiltzala, baina ezin dugula ezer egin. Niretzat liburua eta ikus-entzunezkoa irakaspen bat izan dira. Gure txikitasunetik zenbat gauza handi egin ditzakegun erakusten digun irakaspena. Pellok bere txikitasunetik eskaini zuen baserria, berakatz zopa mahai batean, eta oso emankorra izan zen proiektu bat hasi zuen.
A: Bakoitzak era batera biziko zuen gai hau. 2000. urtearen inguruan hasi zen ezagutarazten Txillarren elkarrizketak egin zirela. Urte horietan, jada, gauza asko landuta zeuden. Bide asko zabalik: Espainiar Estatua ETArekin negoziatzen zebilen Norvegian, alderdi politikoak ere nahiko bideratuta zeuden… Loiolako elkarrizketak etortzen zaizkit burura. Loiolaren inguruan ere egin izan dira lanak. Txillarrekoa lehenago izan zen. Orduan, argi dago isilean lan asko egin izan dela. Atzera begira jarrita, duela 25 urte… Oso urte gogorrak izan ziren haiek.
E: Pentsa, Txillarren elkarrizketak hasi zirenean ekintza armatuak, heriotzak, atxiloketak, ilegalizazioak, dispertsioa… zeuden. Elkarrizketa horiek bidea ireki zuten adibidez, ETAren desagerpenerako, dispertsioaren bukaerarako, alderdien legalizaziorako… Huskeria bat ematen du, baina ostras! Ez da gutxi. Eta hori da oinarriz, Pellori okurritu zitzaiolako. Pelloren alea oso garrantzitsua izan zen.
Liburua eta ikus-entzunezkoa aurkezteko momentua da orain.
A: Dokumentala herriz herri aurkeztu eta osorik proiektatuko dugu, eta era berean, herritarrei liburua erosteko aukera eskainiko diegu. Urriaren 7an egingo dugu liburuaren aurkezpena Donostiako Elkar dendan. Urriaren 10ean, berriz, dokumentala estreinatuko dugu Elgoibarko Musika Eskolan. Urriaren 14an estreinatuko dugu dokumentala Eibarren, 18:30ean Portaleko aretoan. Ermuan ere izango gara, urriaren 22an, 18:30ean Lobiano Jauregian. Aurrerago herri gehiagotan ibiliko gara, seguru.
Bada herritarrei helarazi nahi diezuen mezurik?
E: Pertsona modura, gaitasuna dugula denok txikitik eragiteko. Etsipenean jausi barik, beti dagoela zerbait egiteko. Norberak bere ekarpena egin dezake. Batzuetan oso urruti iritsiko gara, Pello moduan, eta beste batzuetan eragingo dugu gure ingurutxo txikian. Baina beti dago zer egina. Eta gure aleak balio du. Hau da gure alea (barreak).
A: Euskaldunok beti sukaldea aipatu ohi dugula, eta sukaldea janarekin lotzen dugu, baina, mahai inguruan berba egitea, ezberdintasunak albo batera uztea eta aurrera egitea… Batzuetan pila bat kostatzen zaigu gure desberdintasunak atzean uztea (egoak, politikak, boterea…). Baina bitartean, badabil norbait sukalde lana egiten eta eskerrak. Eskerrak norbaitek hartu zuen konpromiso hori gauzak isilpean egiteko eta horrek zekarren arrisku guztiekin.