Sagardo Eguna euskaraz dastatuko dugu bihar
Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak ekarriko du sagardoa, hamahiru sagardotegitatik: Alorrenea, Altzueta, Altuna, Astarbe, Barkaiztegi, Begiristain, Bereziartua, Gartziategi, Gaztañaga, Lizeaga, Olaizola, Sarasola eta Zelaia.
Musika Eskolako Marisol Arrillagak eta bere ikasleak eta KIMUko txalapartariek girotuko dute goiza musikarekin. Aintzane Azkaratek botako du irrintzia.
Iaztik abiatutako bidetik, aurten ere hiru tiket mota salduko dira: berdeak (edalontzia + zapia + pintxoa), 10 eurotan; urdinak (kopa + zapia + pintxoa), 12 eurotan; eta horiak (pintxoa), betiko prezioan, 2 eurotan. Berritasun moduan, aurten edalontziak jasotzeko mahai bat egongo da eta antolatzaileak arduratuko dira biltzeaz eta behar bezala birziklatzeaz.
Sagardoa egiteko prozesua bertatik bertara ezagutu nahi duenak dolarea izango du ikusgai. Kirikoketarekin sagarrak txikitzeko aukera izango dugu.
Euskaltzaletasunari saria
Goizeko saioa eguerdiko 12:00etan zabalduko da eta, txotx! egitearekin batera, euskaltzaletasunari eskainitako saria jasoko du Marisol Arrillaga soinujoleak: "Beti eskuzabal jokatu du gurekin eta lagun izan dugu, ez Sagardo Egunean bakarrik, baita Santaeskean ere, Euskararen Egunean...", diote antolatzaileek.
Haurra zenean hasi zen Marisolen historia musikala, Felix Aranzabal soinujole eta maisu ospetsuaren babespean. Harrezkero, bere talentua loratu egin zen, eta geroago Donostiako Kontserbatorioan osatu zuen bere heziketa formala. Oso gazte zela hasi zen soinu eta trikitixa klaseak ematen Eibarren, udal musika eskolak izan dituen hiru kokalekuetan: Udaletxean lehenengo, Merkatu Plaza zaharrean ondoren, eta Portalea Kultur Etxean azkenik. Bere ikasgelak “Felix Aranzabal” izena darama.
Marisol bereizten duena ez da soilik bere trebetasun teknikoa, baita irakaskuntzarako duen grina ere. Hamarkada hauetan ikasle mordoa gidatu ditu musika deskubritzeko bidaia liluragarrian zehar. Klaseak ez dira soilik ikasgaiak; ikasleek notak ikasteaz gain, musikari oso bat izateko behar duten maitasuna eta dedikazioa ere ikasten dute berarekin.
Musika ikasgeletako hormetatik haratago eramateak duen garrantziaren sinesmena du Marisolek. Bere ustez, musika herrigintza egiteko modu bat da, “modu txikia, baina gauza txikiak egiten gauza handiak lortzen dira”. Horregatik, denbora eta ahalegina eskaintzen dio bere ikasleen artean lagun giroa sortzen. Marisolek uste du elkarrekin harmonian jotzeko funtsezkoa dela elkar ezagutzea eta adiskidetasun-harreman sakonak eraikitzea.
Rifak
Urriaren 7an bertan, iluntzean, luxuzko asteburua zozketatuko du …eta kitto!-k. Sagardo Egunean bertan ere egongo dira salgai rifak, euro baten, eta zozketatuko den saria hau izango da: urriaren 28-29ko asteburua Donostian. 28an Hotel de Londresen bi lagunentzako gaua, afaria eta armosua, eta 29an Arima Hotel&Span 90 minutuko spa eta bazkaria.
Instagram lehiaketa
Beste behin, #sagardoetakitto Instagram lehiaketa jarriko dugu martxan. Hauek dira lehiaketaren oinarriak:
1- @gaztekitto Instagram kontuaren jarraitzaile izan.
2- Eibarko Sagardo egunean ateratako argazkiak igo Instagramera, #sagardoetakitto traola erabiliz.
3- @gaztekitto etiketatu.
Argazki originalenaren egileak 13 sagardotegitako botila bana jasoko du. Animatu eta parte hartu!