V. San Juan Billar Txapelketako finalaurrekoak eta finala jokatuko dira igande honetan Casinon

Aretoa bete arte sarrera libre izango da, baina edukiera mugatua egongo da
V. San Juan Billar Txapelketako finalaurrekoak eta finala jokatuko dira igande honetan Casinon
2026/06/09 11:08
Ekhi Belar Errasti

Eibarko billar zaleek hitzordu berezia izango dute igande honetan, ekainaren 14an, V. San Juan Txapelketa jokatuko baita Casino Artista Eibarrésen. Hiru bandako billarreko txapelketaren bosgarren edizioak maila handiko partidak eta giro aparta eskainiko ditu Bizikleta Plazan dagoen egoitzan.

Txapelketako jardunaldia arratsaldeko 16:00etan hasiko da finalaurrekoekin. Bi ordu geroago, 18:00etan, final handia jokatuko da, eta ondoren sari banaketa egingo dute parte-hartzaile eta ikusleen aurrean.

Antolatzaileek hainbat sari prestatu dituzte: txapeldunak txapela, garaikurra eta afaria jasoko ditu; bigarren sailkatuak, berriz, garaikurra eta afaria. Horrez gain, 2026ko promesa onenak ere aitortza berezia izango du, garaikurra eta afaria eskuratuz.

Txapelketa Club de Billar Casino Artista Eibarrés elkarteak antolatu du, Eibarko Udalaren eta hainbat enpresa laguntzaileren babesarekin. Antolatzaileek gogorarazi dute edukiera mugatua izango dela eta aretoa bete arte sarrera libre izango dela.