Viviane Straub artistak ‘Muga’ izeneko erakusketa zabalduko du barixakuan Portalean

Viviane Straub artistak ‘Muga’ izeneko erakusketa zabalduko du barixakuan Portalean
2021/12/13 10:41
eta kitto!
Viviane Straubek ‘Muga’ izeneko erakusketa zabalduko du hilaren 17an Portaleko erakusketa aretoan eta urtarrilaren 16ra arte egongo da zabalik. Artista eibartarrak pandemiaren ondorioz ezarri diguten mugen inguruan hausnartu du, herriko mugak arakatuz. Horrela, apirilaren 23an ibilaldia egin zuen Eibar inguratzen duten mugetaraino eta bidean jasotakoa batu du erakusketa honetan.

 







Pandemiaren ondorioz, hiru astez Eibartik irten ezinda geratu ginen. “Pandemia hasi zenetik mugak jarri dizkigute begien aurrean eta horren inguruko hausnarketa egitea izan da nire asmoa”, diosku Vivianek telefonoaren beste aldetik. Arte Ederrak ikasten dihardu Leioan eta, ondorioz, Bilbon egoten da astean zehar, baina berak dioen bezala, “Eibar da nire lurraldea”.

Klasean argazkilaritza-lan bat egin behar zutela aprobetxatuta, buruan bueltaka zuen gaia lantzea pentsatu zuen, “baina ez nuen argazkilaritza-lan soila egin nahi, errealitatetik landu nahi nuen”. Horrela, Eibarko mugak zeintzuk diren aztertu eta herriko mendebaldeko mugan, iparraldean, ekialdean eta hegoaldean ibili zen, “aurrean ditugun eta etengabe mugitzen diren, gogaitzen eta erdi itsu uzten gaituzten mugak ezagutzen”.

Apirilaren 23an mendiko botak jantzi eta argazki-kamera eskuan, Eibarko mugetan zehar ibilaldia egin zuen Vivianek. 40 kilometro inguru egin zituen 11 ordutan (ibilbidea goiko irudian ikusi daiteke eta Wikiloc-en dago eskuragarri, artearen eta bizitzaren arteko mugak gaindituz). “Zoragarria izan zen”, diosku pozik. ”Errealitatetik lan egin ahal izan nuen, eta gertatzen ari denaren inguruan protesta egiteko eta konponbide bezala balio izan zidan”, gaineratzen du.

 

Lau argazki eta dama-taula bat

Mugez berba egiteaz gain, bideari buruz hitz egin nahi du erakusketan Vivianek. “Mugak argazkien bitartez egongo dira ikusgai (lau argazki: iparraldea, hegoaldea, mendebaldea eta ekialdea), paretan proiektatuta, ez nuelako nahi gorputzik edukitzea. Zerbait birtuala izatea nahi nuen, mugak gure buruan birtualak diren bezala. Argazkiak goitik behera daude eginda eta lausoak dira, nahita, etengabe mugitzen eta aldatzen diren mugek eragiten diguten miopia islatzeko”, diosku artistak.

Bidean jasotakoa, ostera, beste modu baten ekarri digu. “Erakusketaren erdian, dama-taula antzeko batean, bidean bildutakoa dago jasota. Zianotipoen (urdin koloreko kopiak egiteko argazki-prozedura) bitartez bidean bizitakoa kontatzen dut. Zianotipian, landare bat gainean jartzen baduzu, landarean aztarna zehatza ikusiko duzu”, azaldu digu bere asmoen aurrerapen gisa.

 

Artea errealitate

Performancea klaserako sortu zuen hasiera batean, baina bertan kontatzen duenak guztioi eragin digu eta Eibarrekin lotura zuzena du. Beraz, arrazoi guztiak batzen ditu Portaleak erakusketa jaso dezan. Vivianerentzat lehen aldia da Portaleko areto nagusian, nahiz eta bere argazkiak herriko beste zenbait tokitan egon diren ikusgai. “Kokojaten estudioan eta tabernetan erakusketak egin izan ditut”, diosku. “Oso pozik nago erakusketa honekin eta, era berean, urduri”, dio barrez. “Azkenean, Eibarri buruzko proiektua da eta hunkitu egiten nau Eibarren erakusteak”.

Vivianek txikitatik izan du artista sena eta, artearekin lotura zuzena ez duten unibertsitate ikasketak egin arren, orain dela hiru urte eskaini zigun elkarrizketan Arte Ederrak ikasteko gogoa zuela esan zigun. Esan eta egin, gaur egun arte ikasketak egiten dihardu. “Artea errealitate moduan ikusten dut orain eta, egitea posible ikusten dudanez, buru-belarri egiten du horretan lan”, aitortu digu.

 

muga viviane straub