Zaporeak proiektuari laguntzeko pardina dilistak biltzen hasi dira

Barixakura arte egongo da martxan janari-bilketa, ohiko tokietan.
Zaporeak proiektuari laguntzeko pardina dilistak biltzen hasi dira
2025/03/25 12:17
eta kitto!

Atzo abiatu zen Zaporeak erronka solidarioa Debabarrenean, helburu argi batekin: Lesboseko (Grezia) kanpalekuetan dauden errefuxiatuei janari duina ematen jarraitu ahal izateko elikagaiak eta dirua biltzea. Janari-bilketa atzo hasi eta barixakuan amaituko da eta, aurreko edizioetan bezala, herri bakoitzean elikagai bat bilduko dute: Eibarren, pardina dilistak; Elgoibarren, garbantzu pedrosillanoa; Deban, Ermuan eta Soraluzen, arroz luzea; Mallabian eta Mendaron, hodi erako makarroiak; eta Mutrikun, arraina kontserban. 

Zaporeak-en denda zabaldu dute Calbetonen
Eibarren, janari-bilketa ohiko tokietan egingo da. Horrez gain, Calbeton kalean denda zabaldu dute, Zaporeak proiektuaren arropak, poltsak eta bestelakoak saltzeko. Maixa taberna aldamenean dago eta goiz eta arratsaldez zabalduko dute, 10:00etatik 13:00era eta 17:00etatik 20:30era. Nahi izanez gero, bertara eraman daitezke dilistak, baita ...eta kitto! Euskara Elkartera ere.