40 urte beteko dituzten Amañako jaietako egitaraua aurkeztu dute gaur eguerdian

40 urte beteko dituzten Amañako jaietako egitaraua aurkeztu dute gaur eguerdian
2018/06/29 eta kitto!
Gaur aurkeztu dituzte aurten 40 urte betetzen dituzten Amañako jaiak, ohikoa denez, Laboral Kutxak auzoan duen bulegoan. Ekitaldian, Jose Antonio Alberdi “Goma” buru duen Amañako Jai Batzordeak, Txus Alzaga Urki FT-ko presidentea eta Fernando Fernandez eskubaloi jokalari-ohi eta entrenatzailea omendu ditu, besteak beste.

Jaietako egitaraua gaur bertan hasiko da, gauean Artetxa tabernan jokatuko den mus txapelketarekin. Izan ere, jaietako ekitaldi nagusienak uztailaren 6tik 8ra bitartean pilatuko badira ere, aurrerapen modura bihar, 19:00etan, Pirritx, Porrotx eta Mari Motots pailazoek urteroko bisita egingo dute auzora. Aurretik, 18:00etan, txokolate-jana egingo da eta gauean, berriz, herri-berbena, 21:00etatik aurrera.

IMG_9935 IMG_9937 IMG_9942 IMG_9948 IMG_9956 IMG_9961 IMG_9963

“Recuerdos Amañados”, Baroja Colleten erakusketa

Bestalde, gaur 19:00etan zabalduko dute “Recuerdos Amañados”, Juan Luis Baroja Collet artistaren erakusketa. Uztailaren 8ra arte egongo da ikustera joateko aukera, astelehenetik barixakura 18:00etatik 20:00etara eta asteburuetan, berriz, 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara.

IMG_9968

 

AMAÑAKO JAIAK 2018


Zapatua, ekainak 30

18:00. Txokolate-jana ume guztientzat.

19:00. Pirritx, Porrotx eta Mari Motots munduko pailazo onenen ikustaldia.

21:00/00:30. Herri-berbena.

 

Barixakua, uztailak 6

18:00. Koadrilen jaitsiera Amañako dorreetatik, Ermuko Irulitxa txarangak lagunduta. Ea gazteak eta gazte ez direnak bildu eta jaitsiera handiena egiten dugun, zapia lepoan lotuta.

19:00. Jai-hasierako txupinazoa, Alain Albizu amañatarra (Athletic kadeteetako jokalaria), Maite Markuerkiaga (Larragest) jaietako kolaboratzaile finena eta Roberto Lopez Etxeberria nazioarte mailako diseinatzailearen eskutik.

19:15. Omenaldia plazan, Amaña es la Caña-ren eskutik, eta Kezka Dantza Taldearen kolaborazioarekin.

19:30. Danborradako piezak joko dira, Amañako Jai Batzordearen 40. Urteurrenaren harira.

19:45. Kalejira, Ermuko Irulitxa txarangak lagunduta.

20:00. Umeendako jokoak, Gorritirekin.

21:00. Elektro-txaranga.

21:30. Entzierro txikia.

21:30. Herri-afaria mundu guztiarentzat, Amañako plazan.

23:00. Ikaragarrizko kontzertua, Deus Ez, Doctor Deseo eta Willis Drummond taldeekin.

 

Zapatua, uztailak 7

11:00/14:30. Errugbi-ekimenak eta stand-a, Eibar Rugby Taldearen eskutik.

12:00. Pintura aire librean.

14:30. Herri-bazkaria: paella. Ticket-ak Laes liburutegian erosi behar dira.

16:30. Gaztelu puzgarriak, zezen mekanikoa eta espuma-jaia.

19:00. Helduen danborrada, Irulitxa txarangak lagunduta.

21:30. Entzierro txikia.

21:30. Herri-afaria mundu guztiarentzat, Amañako plazan.

23:00. Ikaragarrizko kontzertua, La Guardia, La Frontera eta Canal 69 taldeekin.

00:00. Su artifizialak, Pirotecnia Zaragozanaren eskutik.

00:10. Kontzertuaren jarraipena.

Oharra: Ogitartekoak eta pintxoak egongo dira txosnan.

 

Domeka, uztailak 8

11:00. Auzoan eta Eibarren hildako guztien aldeko meza.

12:00. Salda eta txorizoa bildutako guztientzat.

12:30. Umeen danborrada, Irulitxa txarangak lagunduta.

14:30. Ogitartekoak eta freskagarriak danborradako ume guztientzat.

14:30. Herri-bazkaria, “Alas para Aroa”-k eta Amaña es la Caña-k elkarlanean antolatuta.

18:00. Herri-kirolak: Inaxio Perurena eta Eibarko Iñigo Jimenez (harriak jasotzen) eta Mugertza aita-semeen (aizkorarekin) arteko lehia.

19:00. Nafarroako jotak.

19:00. Herri-txorizo-jana.

20:00. Sari-emanaldia auzoko jendearentzat, Amaña es la Caña-ren eskutik.

20:30. 60 eta 70. Hamarkadako herri-berbena, San D.J.-arekin.

 

Barixakua, uztailak 13

14:30. Jubilatuendako bazkaria, Amañako Laboral Kutxarekin elkarlanean.