Abenduaren 15ean ailegatuko da Eibarrera Gipuzkoan Gazte Tour

Abenduaren 15ean ailegatuko da Eibarrera Gipuzkoan Gazte Tour
2018, Abe 04

Gaur goizean aurkeztu dute Gipuzkoan Gazte Tour, Gipuzkoan musika eta arte eszenikoen inguruan hainbat ekimen biltzen dituen programa Fernando San Martin Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteriako zuzendariak, Patricia Arrizabalaga Gazteria saileko zinegotziak eta Asier Lopez de Viñaspre Haurreria eta Gazteria Koordinatzaileak. Gipuzkoako Foru Aldundiak beste hainbat eragilerekin elkarlanean garatzen duen programa 12 urtetik 25 urtera bitarteko gazteentzat pentsatuta dago eta, esandakoaren arabera, “bere helburu nagusia nerabe eta gazteei euren gustokoa den kultur programazioa eskaintzea da, beti ere ikuskizunaren parte senti daitezen ahaleginduz. Horretarako, sare sozialen bitartez zein gaztelekuetan sondeo modukoa egiten ibili gara, gazteek euren gustoko artistak aukeratzeko tartea izan zezaten. Aurten lehen aldiz antolatutako ekimena Arrasate, Zumarraga, Azpeitia, Zarautz, Irun eta Hondarribira ailegatu da eta Eibarko emanaldia lehen edizio honetako azkena izango da”.

Abenduaren 15ean ailegatuko da Eibarrera Gipuzkoan Gazte Tour. Arratsalde- iluntzean musikarentzako tartea izango da Parrapas, Bago!az-eko protagonistak, Twin Melody eta DJ Txurruren eskutik, Astelena frontoian. Sarrerak 5 euro balio du eta saioak 18:00etan hasiko dira. Sarrerak Kutxabanken eta Coliseoko leihatilan, ohiko ordutegian eros daitezke eta, horrez gain, egunean bertan Astelenan erosteko aukera izango da. Eta goizean, bestalde, PSK taldearen dantza-master- classa izango da, dohainik.

kartela

11:00: DANTZA-MASTERCLASSA

Lekua: Ipurua kiroldegian

Ordutegia: 11:00

Sarrera doan (izen-ematea Pegoran)

PSK (Pauso-K Dance Studio) Irunen dagoen dantza-eskola bat da, dantzaren diziplina ezberdinak irakasten dituena (klasikoa, modernoa…). Bertako irakasle zein koreografoak Dantzango! telebista-saioko koreografien diseinatzaile gisa aritu dira.

18:00: PARRAPAS TALDEA


Parrapas Erromeria taldea orain dela urtebete sortu zen, 17 eta 19 urte bitarteko Eibar eta Ermuko bost gaztek osatuta: Julen Leturiondo (ahotsa eta panderoa), Marina Ereña (trikitixa), Alex Davies (baxua), Egoitz San Martin (gitarra) eta Josu Cascan (bateria). Lehenengo kontzertua eman zutenetik alde batetik bestera ibili dira euren giroa hedatzeko asmoz. Poliki-poliki talde profesionalagoa sortzea dute helburu, kontzertuen bidez esperientzia desberdi- nak sortuz.  Euren “etiketa” erromeria da, euskara bizi eta hedatu nahi dutelako, baina estilo ezberdineko kantak jotzen dituzte, betiere horien mezuaz jabeturik. www.instagram.com/parrapaserromeria

19:00: BAGO!AZ TALDEko PROTAGONISTAK

Beñat Arizabaleta, Ane Rot, Irati Morales, Aritz Elustondo , Amaiur eta Udara Zubillaga, Bago!az telebista-saio musikaleko protagonistak dira. Sei euskal talentu gazte hauek oholtza gainean ehuneko ehuna ematera ohituta daude. Horrez gain, ezagutzeko aukera ematen dute kontzertuen ostean, meet & greet delako zonaldean.

20:30: TWIN MELODY

Paulak eta Aitanak 5 milioi jarraitzaile baino gehiago dituzte Tik Tok, Youtube eta Instagram-en gaur egun. Bikiak diren bi ahizpa ordiziar hauek sare sozialetan sekulako arrakasta lortzen hasi ziren, beste artista ezagunen abestiak bertsionatuz. Telebista saio ezberdinetan parte hartu dute euren talentua erakutsiz (Bago!az, Goazen! Telesaila). Orain dela gutxi aurreneko diskoa kaleratu dute “Twin Melody” izenarekin. www.instagram.com/twin_melody/

21:00: DJ TXURRU


Publikoarekin konektatzeko ahalmen berezia du Egoitz Txurrukak “Txurru”. Duela 3 urte hasi zen irratian (Euskadi Gaztean) eta 2 urte daramatza DJ lanetan toki ezberdinetako festak girotzen.

gipuzkoan gazte tour04

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »