Albaolako museoa bisitatu zuten asteburuan Berbetan programako berbalagunek

Albaolako museoa bisitatu zuten asteburuan Berbetan programako berbalagunek
2021/04/29 eta kitto!
Joan den zapatuan, eta eguraldia lagun, Berbetan mintzaprakatika-programako hogei lagun Pasaiako Albaola museoa bisitatzen egon ziren. Egoerak eskatzen dituen neurri guztiak betez, autobusez abiatu ziren goizean goiz. Trintxerpen Albaolak propio jarritako itsasontzia hartuta horrela iritsi zen taldea museoraino.

Albaola Itsas Kultur Faktoria Pasai San Pedron dagoen ontziola museoa da. Bertan, XVI. Mendeko San Juan baleontziaren erreplika zientifikoa eraikitzen ari dira, sasoi hartako teknikak eta materialak erabiliz. 2015. urtean baleontziaren eraikuntza-prozesuak UNESCOren babesa lortu zuen. Horrez gainera, ontzigintza eskola ere bada Albaola.

Horietxek eta beste hamaika azalpen entzun zituzten berbalagunek gidariaren ahotik: nola eraikitzen zituzten ontziak, egurra nola prestatzen zuten, nolako bidaiak ziren, zenbat denbora behar izaten zuten ontziak eraikitzeko, zein preziatua zen bale-olioa… Bisita gidatua egin aurretik, taldeak bere kabuz bisitatu zuen museoan dagoen erakusketa.

Eta behin bisita amaituta, eta motxila ezagutza berriz beteta, itsasontzira buelta. Ontzi-gidaria ere bikain portatu zen eta “propinako” buelta luzea eman zien berbalagunei; orduan ere azalpenak: Amenabar zinemagilea han inguruan zebilela telebistako serie bat grabatzen, han urrutian ikusten zena Matxitxako zela, beste ontzi hura bakailao-arrantzara zihoala… eta parez pare kargaontzi erraldoi bat Pasaiako portutik irteten, bi atoiontzik lagunduta.

Entzumena eta mintzamena landuz eta primerako giroan; horrela pasa zuten zapatuko goiz partea Berbetan programako berbalagunek. Oraindik ere hilabete batzuk falta dira aurtengo ikasturteari agur esan aurretik, eta, bien bitartean, astean behin elkartzen jarraitzen dute berbalagun-taldeak, ordubete, euskara praktikatzeko. Albaolakoa astean behineko topaketez gain …eta kitto!-k urtean zehar antolatzen dituen ekintza osagarrien barruko jarduera izan da. Ekainean agurtuko dute aurtengoa ikasturtea ohiko afarimeriendarekin.

Albaola M 1Albaola M 2Albaola M 3Albaola M 5Albaola M 6