Atzegik "Gure txanda da" kanpainaren aurkezpena egin du gaur Eibarren

Atzegik "Gure txanda da" kanpainaren aurkezpena egin du gaur Eibarren
2018/10/04 18:56
eta kitto!
Gaur eguerdian aurkeztu dute Atzegiren kanpaina berria Eibarren, Txolarte aisialdirako lokalean. Aurtengo kanpainarako aukeratu duten goiburua “Gure txanda da” da eta, azaldu dutenez, esaldi horrekin adimen desgaitasuna duten pertsonek ere boluntario izan nahi dutela erakutsi nahi dute. Kanpainak helburu bikoitza duela diote: “Alde batetik, adimen desgaitasuna duten pertsonek boluntario izateko duten gaitasuna ikusgai egitea, eta bestetik, boluntario izateko aukera berriak bilatzea”. Atzegiko boluntarioak Elikagaien Bankua, Lilaton, Ehunmilak edo San Silvestre moduko erakunde eta ekimenekin ari dira lanean dagoeneko. Gaurko ekitaldian parte hartu duen Iñigok kontatu duen moduan, “ni BM supermerkatuan Elikagaien Bankuari laguntzen egon nintzen. Jende askok gure laguntza behar duela ikusi nuen eta, horregatik, nik ere laguntzea erabaki nuen. Premian daudenentzat janaria biltzeko poltsak banatzen egon nintzen eta egindakoarekin oso harro nago”.

atzegi 2

Izan ere, horrelako esperientziak bi aldeentzat baikorrak direla azpimarratu dute Atzegiko ordezkariek. Euren berbetan, “politena boluntario izatea Atzegiko kideek eurek eskatu dutela da”. Kanpainarekin, egiten den boluntariotza ikusarazi nahi dute eta, bide batez, boluntarioekin lan egiten duten erakunde gehiago erakarri nahi dituzte, boluntario izan nahi duten horientzat guztientzat aukera berriak sortzeko helburuz. Gipuzkoa osoan ipintzeko kartelak egiteaz gain, spot labur bat grabatu dute eta hainbat tokitan banatzeko eskuorriak ere eman dituzte argitara. Kanpainaren aurkezpenekin amaitu eta jarraian, urriaren 9an izango da ekitaldi nagusia, Donostiako Antzoki Zaharrean, 18:30ean hasita.

https://youtu.be/URWSosH6dDk