Bingeneko Unibertsitatetik Eibarko Ingeniaritza Eskolara bisitan etorri dira

Bingeneko Unibertsitatetik Eibarko Ingeniaritza Eskolara bisitan etorri dira
2018/07/24 10:47
eta kitto!
Stefan Gabriel, Technische Hochschule Bingen University of Applied Sciences unibertsitateko koordinatzaileak Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako Eibarko atala bisitatu zuen uztailaren 10ean. Alemaniako Rhineland-Palatinate eskualdean dagoen unibertsitate horrek eta Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolak Erasmus+ mugikortasun hitzarmena sinatu dute ikasturte honetan eta, akordio horren bitartez, GIEko ikasleek Bingeneko Unibertsitatean beraien ikasketak osatzeko aukera izango dute eta, era berean, Bingeneko ikasleek Eibarko eskolara etortzeko aukera izango dute.

Eibarrera egindako bisitan, Stefan Gabrielek Energia Berriztagarrietako Ingeniaritzako Graduko ikasketa plana gertutik ezagutzeko aukera izan zuen, baita eskolako hainbat laborategi ikusteko ere. Eskolako irakasleek eguzki energia fotovoltaikoa, eguzki energia termikoa, energia eolikoa, energia hidraulikoa, potentzia elektronika eta elektrizitatea edota bioenergia arloetako irakaskuntzan erabiltzen dituzten ekipoen ezaugarrien gaineko azalpenak eman zizkioten gonbidatuari. Horrekin batera, erregai pilak eta hidrogenoa ikertzeko laborategian ere egon ziren.