Domekan Elorrixan zuhaitzak landatzera joateko deia egin dute

Domekan Elorrixan zuhaitzak landatzera joateko deia egin dute
2019/03/15 16:45
eta kitto!
Azken urteotan bezala, aurten ere zuhaitz landaketa egingo dute Elorrixan (Itziar-Deba bitarteko lurretan), Itziarko Auzo Udalak, Lizarbe Guraso Elkarteak eta Euskal Kostaldeko Geoparkeak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin antolatu duten egitasmoan. Ekimenaren helburua bikoitza dela diote antolatzaileek: “Biotopoaren eremuan bertoko basoa eta paisajea berreskuratzea eta, horrekin batera, ingurumenari lotutako baloreekin jendea heztea, ume eta gazteen parte-hartzea modu berezian sustatuta”. Guztira, 150 bat zuhaitz eta zuhaixka landatuko dira jabego publikoko lursailetan, horrela aurreko urteetan egindako landaketak osatuz. Horrez gain, galzorian dauden heskerak (lur- sailak banatzeko zuhaixkekin sortutako mugak edo hesiak) sortzeko landaketak ere egingo dira, iazko saiakerari jarraituz. Zuhaitzak Aldundiak jarriko ditu. Hitzordua 09:30ean ipini dute, Elorrixa auzoko Galarreta gainean. Landaketa 12:30aak arte izango da eta, behin beharrak amaituta, parte hartzen duten guztiei hamarretakoa emango diete Lauhaizeta elkartean. Antolatzaileek herritar guztiak parte hartzera animatu nahi dituzte.