Ehun bat Lambretta elkartuko dira zapatu goizean Untzagan

0    Berriak, Jaiak 
ETA KITTO ETA KITTO
Ehun bat Lambretta elkartuko dira zapatu goizean Untzagan
ETA KITTO 2019, Uzt 12

Hamaseigarrenez egingo da Lambretta motorren kontzentrazioa asteburu honetan eta, horren harira, ehun bat motorzale elkartuko dira. Gehienek Lambretta motorrak ekarriko dituztela aurreratu dute antolatzaileek, baina beste markaren bateko batzuk ere hartuko dute parte. Lambretta Klubekoek azaldu dutenez, “azken batean beste toki batzuetan denok bat egiten dugunez, elkarren arteko ezagunak gara eta, horregatik, motorzale batzuk, Lambretta barik ere Eibarko topaketan parte hartzeko ilusioa daukate”. Eguaztenean, uztailaren 10ean izan zen San Kristobal gidari eta Lambretta lantegikoen zaintzailearen eguna eta, urteroko martxan, egun horren inguruan antolatu dute Lambretta motorren inguruko topaketa. Betiko lez, girotzen joateko, egunotan herriko dendetako eskaparateetan Lambretta motorrak erakutsi dituzte.

Topaketaren harira antolatu duten programa gaur hasiko da, etorritakoei ongietorria emateko egingo duten afariarekin. Eta bihar goizeko 10:00etan ekingo diote Lambretta Eibar XVI. Konzentrazioari, Untzaga plazan topaketan parte hartuko dutenen aurkezpenarekin. Eguerdira arte, era guztietako Lambretta motorrak ikusteko aukera egongo da Untzagan, 12:00etan herriko kaleetan egingo duten kalejira hasi aurretik. Aurten Eibar foball taldeko emakumeen taldeari egingo diote omenaldia eta, horregatik, talde horretako ordezkariek igoko dute motorren desfilea zabalduko duen bandera. Eibarko kaleetan gora eta behera ibili eta gero, asteburuan jaiak ospatuko dituen San Kristobal auzora igoko dira motorzaleak. Aurtengo bazkaria Lekeition egingo dute eta bazkalostean banatuko dituzte oroigarriak. Arratsaldean Mutrikura joango dira eta, handik bueltan, berriz ere Untzagan elkartzen joango dira. Eta, eguna agurtu baino lehen, La Red Teatrok 20:00etatik aurrera Koskor tabernan eskainiko duen antzezlanarekin gozatzeko aukera izango dute. Domekan agurtuko dute topaketa, baina horren aurretik, 10:00ak aldera Untzagan elkartuko dira.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »