Ingurumena zaintzeko proposamenak

0    Eibar 
ETA KITTO ETA KITTO
Ingurumena zaintzeko proposamenak
ETA KITTO 2019, Urt 18

Eibarko Udalak 2025. urtera arteko Ingurumen Ekintza Plana zehaztu du eta Arrate Kultur Elkarteak ‘Basogintzaren kudeaketarako proposamena naturatik hurbil’ izeneko erakusketa jarriko du martxan gaur Topalekuan ‘Kolore guztietako basoak’ elkartearen eskutik. Ingurumenaren arloan herrian jarraitu beharreko estrategia zehazten du lehenengoak eta euskal basoen arazoei irtenbidea eman nahi die bigarrenak.

 

Herriaren jarduna ingurumenaren arloan antolatu eta egituratzeko 16 programa eta 80 ekintza zehaztu ditu Eibarko Udalak Ingurumen Ekintza Planean. Plan Estrategikoarekin eta Mugikortasunaren Plan Estrategiko eta Integralarekin bat egiten duen plana da ingurumenarena, eta herriaren trantsizio ekologikoa bultzatzeko erronka du, besteak beste.

Azkenaldian denon ahotan dagoen terminoa de trantsizio ekologikoa eta Pedro Sanchezen Gobernuak izen hori duen ministerio bat sortu du etorkizun bideragarria lortzeko politikak bideratzeko asmoz. Baina, zer da trantsizio ekologikoa? Gizapedia webguneak horrela definitzen du: “Eremu lokaletan nahiz globaletan sortzen diren ingurumen eta gizarte krisi eta arazoei aurre egin eta haiek gainditzeko, hazkundean oinarritutako ekonomia eta dagozkion paradigma industrial eta estraktibistak baztertu, eta jasangarritasunean, elkartasunean eta partaidetzan oinarritutako gizarterantz abiarazten den prozesu teknologiko, ekonomiko eta soziala da. Trantsizio energetikoaren kontzeptua ere barneratzen du, baliabide fosiletan oinarritutako energia iturrietatik energia berriztagarrietara aldatuz”.

Udalaren Ingurumen Ekintza Planak bost ildo estrategiko zehazten ditu. Batetik, karbono urriko energia-eredu baten alde egitea eta herria aldaketa klimatikora egokitzea bultzatzea. Bigarrenik, herriaren ingurumen-kalitatearen hobekuntzan eta baliabideen kudeaketa egokian aurrera egitea, ekonomia zirkularreko eredu batean oinarrituz. Hirugarrenik, natura-ingurunearen eta hiri-ingurunearen kudeaketa integrala egitea, espazio degradatuak berreskuratzeko. Laugarrenik, mugikortasun jasangarria sustatzea, herri barruan eta herrien artean. Eta azkenik, ingurumen-politikak sustatzeko gobernantza-eredu bat eratzea.

Plana 2025. urtera arte gauzatzeko asmoa du Udalak eta 2019an aldaketa klimatikoaren aurkako lana egingo du Ingurumen Sailak. 2019ko aurrekontu-zirriborroak erronka horri ekiteko lerro bat jasotzen du eta horren inguruan Plan Estrategikoa egiteko nahia du sailak. Bestetik, herritarrak ingurumenaren arloan sentsibilizatzeko hainbat kanpaina egingo ditu aurten ere. Beraz, urtero egiten diren Zuhaitz Egunaren, Mugikortasun Iraunkorraren Europar Astearen eta hondakinak murrizteko eta birziklatzeko kanpainez gain, aldaketa klimatikoari buruzko sentsibilizazio kanpaina ere egingo da.

Plan hau baino zaharragoa da Eskolako Agenda 21 egitasmoa, 2003. urtetik Debabarreneko ikastetxeetan egin dena, baina herriko ikasleek lantzen dituzten proposamenak baliagarriak izaten dira ingurumenaren arloan lan egiteko. 2018an, adibidez, Ingurumen Sailak Natura Ondarearen Inbentarioa landu du Eskolako Agenda 21 egitasmoan parte hartu duten ikastetxeetako ikasleen ideietatik abiatuta, eta herriko ingurunearen kudeaketa eraginkor eta egokia egiteko ezinbesteko lan-tresna izango da sailarentzat. Aurten hiri-hondakinen gaia landuko dute ikasleek.

 

Kolore guztietako basoak

Ingurumenarekin jarraituz, ‘Kolore guztietako basoak’ proposamena jasoko du Topalekuak eta, horren berri emateko, erakusketa bat zabalduko da gaur urtarrilaren 27ra arte (basogintzaren kudeaketarako proposamena naturatik hurbil), eta hilaren 24an hitzaldia eskainiko da 19:00etan. Hilaren 27an, berriz, ‘Gutik Zura’ dokumentala eskainiko da 18:00etan.

‘Kolore guztietako basoak’ elkarteak gure basoen analisi sakona egin du eta hortik abiatuta proposamenak garatu ditu. Topalekuko erakusketan eta hitzaldian analisiaren eta proposamenaren berri emango du, “biak direlako garrantzitsuak”, Keko Alonso biologoaren eta ‘Kolore guztietako basoak’ plataformako kidearen ustez.

Orain dela urte bi sortu zen ‘Kolore guztietako basoak’ elkartea. “Ingurumen-krisiaz gain ingurumenaren arloan krisi ekonomikoa zegoela ikusi genuelako”, eta egoera horren aurrean zerbait egiteko beharra ikusi zuten. “Arlo ekonomikoari dagokionez, gure paisaian pinuak ziren nagusi eta errentagarritasun arazoa zegoen. Batetik, prezioa jaitsi zelako; eta bestetik, 2. edo 3. belaunaldiko lursailek ez zutelako lehen bezala produzitzen. Beraz, lursailen jabeek lehen irabazten zutenaren %30-40 irabazten zuten”. Bestalde, ingurumenari dagokionez, “pinuen inguruan burbuila antzeko bat sortu zen”, Alonsoren berbetan. “Egokia ez zen tokietan pinuak landatu zituzten eta biodibertsitatea izugarri sinplifikatu zen”. Kantabria eta Asturiaseko biodibertsitatearekin alderatuz, adibidez, Bizkaia eta Gipuzkoakoa oso ezberdina da, “nahiko antzekoa izan behar zenean”. Gainera, flora inbaditzaile asko sartu zen. “Eta lurrari dagokionez, arazo handia zegoen, erauzketa eta mozketa metodoak oso zakarrak izan zirelako”.

Elkartearen ustez ingurumenaren gaia kontserbazio zorrotzaren eta produkzioaren artean geratuta zegoen, eta alde biak uztartzen zituen eredua aurkitu zuten Europan, Naturatik Hurbileko Basogintza (NHB). “Gurea bezalako tokietan ezarri da batez ere, toki menditsu eta hezeetan”. Suitza da eredu garbiena eta orain dela 115 urte jarri zuten martxan NHB sistema. “Monolaborantzarekin, espezie batek huts egiten badu, zein beste espezie landatu ahal den pentsatzen du jendeak, baina ez du pentsatzen beste kudeaketa modurik ote dagoen”. Alonsoren ustez beste produkzio alternatibek ateak itxita dituzte, dena batera landatu eta mozten duten lursailei ematen dietelako basoko diru-laguntzak. “Besaia enpresarekin lerro horretan nabil lanean eta kontu hau bidegabea dela iruditzen zait”.

Ezer egin ezean, Alonsok garbi dauka. “Lurra hondatzen eta biodibertsitatea sinplifikatzen duen sistema garatzen ari gara. Biologo, ekologo eta baso-ingeniariek ondorioak aurreikusten ditugu, eta gaur egun begi bistan dugu ondorio bat, pinuen gaixotasuna”.

Alonsoren ustez mahai gainean jartzen diren produkzio alternatibak ez dira gure errealitatera egokitzen. “Aldaketa progresiboa egin beharko genuke, eta espezie aloktonoak espezie autoktonoengatik aldatzen dituzten ekoizpen alternatibak probatu beharko lirateke. Metodo hauek lursail publikoetan probatu beharko lirateke, errentagarritasuna atzeratu daitekeelako. Gure espeziekin lan egiten berrikasi beharko genuke. Gero, zifrak konparatu eta ikusiko dugu zer irteten den”.

‘Kolore guztietako basoak’ elkarteak espezie autoktonoak erdigunean jartzeko proposamena egiten du krisitik irteteko, basoetako dibertsifikazioa bultzatuz. “Biodibertsitatea gutxi batzuen kapritxoa dela pentsatzen du askok, baina suntsipen handia eragin dugu”.

Guzti honen berri argi eta garbi emango dute erakusketan eta hitzaldian, “ulertzeko zaila dela dakigulako”. Elkartearentzat berebizikoa da gizarteak guzti honen berri izatea. “Eztabaida soziala egon behar da, gizarteak erabaki behar duelako zein sistema nahi duen gure basoentzat”.

 

Argazkia: Besaia

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »