Areparik ezean, ogia

Areparik ezean, ogia
ETA KITTO 2019, Mai 17

go Johan Cruyff 70. hamarkadako foball izar handiena zen eta Kolonbian jarraitzaile sutsu bat zuen. Jarraitzaile honek alaba izan zuen 1977an eta Johan Marbel izena jarri zion, gure protagonista hain zuzen ere. “Nire ama pixka bat zoratuta zegoen, baina tira, nola esan ezetz emakume kolonbiar bati”, dio Johan Marbelek. Gurasoak kolonbiarrak baditu ere, Venezuelan jaio zen Marbel (“horrela deitzen didate”). Beraz, foball izar baten izenarekin hazi zen beisbola nagusi den herrialdean.

 

‘Zintzotasunaren hiria’

Marbel San Kristobalen jaio zen, Venezuelako Tachira estatuan, Kolonbiako mugatik hurbil. “Eibarrekin alderatuta handia da, baina Eibar bezain menditsua. Andeen eskualdean dago eta oso klima ona du. Eguez bero samar egoten da, baina gauean freskatu egiten du”. ‘Zintzotasunaren hiria’ deitzen diote, “adeitsuak eta atseginak garela diotelako”. Abeltzaintza da hiriko ekonomiaren eragilea eta Venezuelako pobrezia indize baxuenetakoa du. “San Kristobalgo unibertsitate publikoak maila handia du eta oso ondo prestatutako graduatuak irteten dira handik”.

 

Amama Chavezen aurretik

Marbelek haurtzaro “oso atsegina” izan zuen San Kristobalen. “Kanikekin (Venezuelan ‘metra’ esaten zaie) eta ezkutaketetan jolasten genuen, eta foballean ere ibiltzen ginen, beti kalean”. Amamak oiloak, ahateak, galeperrak… hazten zituen etxearen atzealdean lehenik eta gero, apartamentu-eraikin batera bizitzera joan zenean, balkoian. “Chavezek esan zuen oilategi bertikalak egin behar zirela apartamentu eraikinetan. Ba nire amama aurreratu egin zitzaion!”. Oiloekin trauma du Marbelek. “Amamak hainbat txita oparitu zizkigun lau ilobari eta bakoitzak berea zaintzen zuen. Hazi zirenean, ordea, amamak lapikoan sartu zituen jateko. Pentsa zein gogorra den zuk hezitako oiloa jatea!”.

 

Ama Caracasen

Batxilergoa amaitu zuenean, amarekin oso harreman ona ez zuenez, Caracasera joatea erabaki zuen, Venezuelako hiriburura. “Ikasten jarraitzea eta lan egitea zen nire asmoa, eta han aukera gehiago izango nituela pentsatu nuen”. Gurasoak bananduta zeuden eta aita Caracasen bizi zen. “Laguntza eskatu nion, baina ez ninduen etxean hartu. Bizkarra eman zidan”. Aita arotza zen eta bere tailerrean toki bat utzi zion denbora batez, gutxienez. “Gizonezko asko zegoen aroztegian, asko nire adinekoak, 18 urte nituen eta sasoi hartan ez nekien maitasuna zer zen. Sexua maitasuna zela uste nuen. Hortik dator nire semea”. 18 urterekin ama izan zen eta bakarrik egin zuen aurrera. “Amarekin haserre negoen, aitak bizkarra eman zidan eta ez nuen maite nire semearen aita. Lur jota negoen eta nire semeari lotu nintzaion aurrera egiteko”.

 

Itzulera gabeko bidaia

Urte batzuk geroago alaba jaio zen eta hirurak San Kristobalera joan ziren bizitzera. Marbelek bi neba gazte ditu eta euretako bat Euskal Herrian bizi zen (orain hirurak). “Hemen lan egiteko aukera nuela esan zidan”. Bere aholkuari onartu eta seme-alabekin etorri zen. “Gogor egin dut lan iritsi nintzen momentutik, baina oso ondo hartu naute eta gaur egun oso pozik nago okindegian”. Seme-alabek, ordea, jazarpen egoerak bizi izan dituztela dio, “azal koloreagatik, ahoskeragatik…”. Marbel euskaldun batekin ezkondu zen eta familian momentu txarrak pasa badituzte ere, hemen du etxea. “Sekula ez itzultzeko asmoarekin joan nintzen Venezuelatik. Bisitan joan naiz behin, baina gauzak asko aldatu beharko lirateke bizitzera bueltatzeko”.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »