Brasilen bihotza, Eibarren etxea

Brasilen bihotza, Eibarren etxea
2019/03/29 eta kitto!
Zarautzen zazpi urte bizi izan ondoren, Alexandra Oliveira Brasilera itzuli zen ama gaixo zegoelako. Bere herrialdea izanik eta familia han bizi bada ere, bertan ez zuen nahi bezala bizitzeko behar zuena aurkitu eta Euskal Herrira itzuli zen orain dela bost hilabete. Baina ez Zarautzera, Eibarrera baizik. Ileapaintzailea ofizioz, bizitza berria hasi du senarrarekin eta hiru alabekin gure artean.

 

Rondoniako landaretza

Alexandra Brasilgo Rondonia estatuan jaio zen. “Amazoniatik hurbil dago, Bolivia ondoan”. Lurraldea deskribatzeko orduan, Alexandrak ez dauka zalantzarik. “Ederra da”. Landaretza ikusgarria dago, “oso berdea da”. Zentzu horretan antzekotasunak aurkitu ditu Euskal Herriarekin, baina ez da gauza bera. “Hangoa zabartsuagoa da, toki batzuetan ezin zara sartu ere egin dagoen landaretzarengatik”.

 

Amak baino haurtzaro hobea

Brasilen egon den bitartean Rondonia estatuan bizi izan da beti, baina toki batetik bestera ibili zen txikitan. “Amak haurtzaro zaila bizi izan zuen eta bizitza hobea eman nahi izan zigun anai-arrebei”. Nekazaritza, abereak zaintzea eta “gure diruaz bizitzea” zer den erakutsi zien amak, eta bere nahia bete zuela esan daiteke. “Pertsona adeitsu eta lasaiak gara, eta ondo bizi izan gara”.

 

Alabarentzat bizitza hobea

Hogei urterekin haurdun geratu zen eta Rondoniako basoak Zarauzko olatuekin aldatu zituen. “Nire alabari bizitza ona eman nahi nion eta han ez nuen aukera askorik ikusten. Ez nuen alabaren aitarekin egon nahi, berak ere ez, eta nire esku hartu nuen ardura guztia. Eta anaia Zarautzen bizi zenez, Euskal Herrira etorri nintzen”. Ez zen batere erabaki erraza izan, urtebete zuen alaba Brasilen geratu behar izan zelako. “Bihotza hautsi egin zitzaidan. Gainera, alabaren urtebetetze egunean egin nuen bidaia”, dio hunkituta. “Orain hemen utziko duzu, baina etorkizun hobea edukiko duzue hara joanez gero”, esaten zion amak. Pentsamendu horrekin iritsi zen Zarautzera.

 

Familia Zarautzen

Urte bi egin zituen alaba ikusi gabe. “Brasilen ezagutu nuen gizon batez maitemindu nintzen Zarautzen eta berari pena handia ematen zion alabarengatik hain urrun egoteak”. Beraz, dirua aurreztu eta alaba ekarri ahal izan zuen. Zazpi urte egin zituzten Zarautzen eta beste alaba bat jaio zen bertan, baina handik bi urtera ama gaixotu egin zen eta Brasilera itzultzea erabaki zuten, “ama zaintzea tokatzen zitzaidalako”. Gainera, opari batekin joan zen, haurdun itzuli zelako Brasilera. Hirugarren alaba.

 

Berriz Euskal Herrira

Rondonia Brasil iparraldeko estatu aberatsenetarikoa da, eta nekazaritza eta egur-industrian oinarritzen da hango ekonomia. “Pozik itzuli nintzen, zazpi urte handik kanpo egin nituelako, baina diru kontuetan ez zen itzulera ona izan”. Lan asko egiten zutela dio, baina zerga asko ordaintzen zituztela baita ere. “Nire alabei ezin nien Euskal Herrian zuten bizitza eman. Osasun- eta hezkuntza-zerbitzuak eskasak ziren, segurtasun arazoak zeuden… eta Euskal Herrira itzultzea erabaki genuen”. Bost urte eta gero Zarautzera etorri ziren, “baina herria asko garestitu da urte hauetan”. Beraz, lehengusina Eibarren bizi denez, hona etorri ziren orain dela bost hilabete. “Asko gustatzen zait mendiz inguratuta bizitzea. Orain benetan pozik nago”.

 

 

Educação vem do berço

Hezkuntza sehaskatik dator