Euskadi tropikala ez da Amazonia

Euskadi tropikala ez da Amazonia
2023/09/14 eta kitto!
Brasilgo iparraldeko klima tropikalean jaio eta hazi eta gero normala da Euskal Herriko neguko hotza ez gustatzea, baina hori kenduta oso pozik bizi da Sandra Rocha Eibarren. 10 urte daramatza hemen eta bihotzaren zati bat bere jaioterrian badu ere, hau de bere etxea. Euskara ere ikasi du. “Beno, berba egitea kostatzen zait, baina ulertu gauza asko ulertzen ditut”.

 

Oihanez inguratuta

Rondonian jaio zen Sandra, Brasil barnealdean. “Oihan, oihanean”, berak esan digun bezala. Iparraldean Amazoniako estatuak mugatzen du Rondoniako estatua, baina bere jaioterriak ez du munduko ibai luze eta emaritsuenaren estatuaren osperik. Oihanez inguratuta egonik, egurraren industria da nagusi Rondonian nekazaritzarekin batera (kakaoa, kafea, arroza…). “Nire aitxitxa eta amamak, ordea, behiak dituzte eta esnea saltzetik bizi dira. Orain gauza gutxi landatzen dituzte, lurrak ez duelako gehiagorako ematen”.

 

Aitxitxa eta amama Brasilen

Puerto Viejo eta Yi-Parana dira Rondoniako hiri handi eta garrantzitsuenak, baina Sandra herri txiki batean hazi zen aitxitxa eta amamarekin. “Amak oso gazte eduki ninduen eta nire kargu egin ahal izan arte eurekin bizi izan nintzen”. Landa giroan bizi zen eta berak dioenez alde handia dago hemengo eta hango bizimoduen artean. “Oso lasai bizi ginen han hemengoarekin alderatuz”. Gero, hamalau urterekin amarengana etorri zen Eibarrera bizitzera, baina aitxitxa eta amama Brasilen daude. “Euren falta asko igartzen dut. Zorionez hara itzuli ahal izan naiz, baina eurek ez dute etorri nahi hegazkina ez hartzeagatik”.

 

Lan handia hezkuntza onaren bila

Bere Brasil kuttuna uztea asko kostatu zitzaion eta hasierako momentuak ez ziren errazak izan Eibarren. “Brasilera bueltatzeko zorian egon nintzen”, baina Sandrak eskertzen du hona bizitzera etorri izana. “Hezkuntza-maila, adibidez, askoz hobea da hemengoa”. Hala ere, lan handia egin behar izan du. Euskara eta gaztelera jakin barik iritsi zen Eibarrera eta, iraila zenez, eskolan hasi zen berehala. “Gogorra izan zen, ez nuen hizkuntza eta jendea ezagutzen, eta Oinarrizko Lanbide Heziketako zentrora bidali ninduten nire ikasketa maila ume batena bezalakoa zelako”. Sukalde-laguntzaile titulua atera zuen han eta, gero, eskola-graduatua Helduen Hezkuntza zentroan. Ondoren, erizaintza laguntzailea izateko ikasketak egin zituen eta Arrasateko Aita Menni ospitalean egiten du lan gaur egun. Aurrera begira erizaintza ikasi nahi du, “baina pausoz pauso joango naiz”.

 

Kickboxingera engantxatuta

Sandraren mutil-lagunak kickboxingarekiko zaletasuna sartu zion eta gaur egun egunero entrenatzen du Armeria Eskolan. “Orain dela lau urte hasi nintzen, asko gustatu zitzaidan eta, gainera, ondo dago defentsa pertsonala ikastea”. 60 lagun inguru biltzen dira Armeria Eskolan, “eta 10 neska inguru gaude tartean”. Momentuz disziplina hau ikasi eta praktikatzearekin konformatu da, baina hemendik aurrera serioago hartu eta abenduan lehiatzen hasteko gogoa daukala esan digu.

 

 

No fim tudo dá certo, e se não deu certo é porque ainda não chegou ao fim

(Azkenean dena ondo irteten da, eta ez bada ondo irteten, bere amaierara iritsi ez delako da)