Ekitaldiz bete dute azaroa Untzagako jubilatu etxekoek

Ekitaldiz bete dute azaroa Untzagako jubilatu etxekoek
2019/11/21 11:57
eta kitto!
Untzagako Jubilatu Etxekoek ez dute aspertzeko denborarik, azarorako prestatu duten agenda bete-beteta dago eta. Hilaren hasieratik dihardute orain arteko eskaintza are zabalagoa izateko ekitaldiak antolatzen. Besteak beste, euren kultura orokorra hobetu eta matematiketan trebatu nahi dutenentzat klaseak ematen hasi dira jubilatu etxeko bi bazkide: Mª Carmen eta Felix dira irakasleak eta informazio gehiago nahi duenak 943203320 telefonora deitu edo jubiletxeuntzaga@gmail.com helbidera idatzi dezake. Aurreko barixakuan, berriz, urteroko moda desfilea egin zuten, Untzaga Laukotearen kantu eta musikarekin lagunduta (ARGAZKI BILDUMA GURE MEDIATEKAN IKUS DEZAKEZUE). Eta astelehenaz geroztik “Larrabeiti pintor, Larrabeiti futbolista” erakusketa ikus daiteke (abenduaren 1era arte egongo da zabalik). Eta bihar arratsaldean, 18:30ean aurkeztuko du “El Secreto de Clara Lyndon” liburua Elene Lizarraldek, Helmet Housen (Blas Etxebarria, 1) eta ekitaldian Untzagako jubilatuen abesbatzak kantatuko du.