Azitaingo enpresa-inkubagailua erabiltzeko eskaerak Debegesan egin beharko dira

0    Ekonomia 
ETA KITTO ETA KITTO
Azitaingo enpresa-inkubagailua erabiltzeko eskaerak Debegesan egin beharko dira
ETA KITTO 2022, Mar 11

Azitainen abian jarritako enpresa-inkubagailu berriaren bulegoak erabili nahi dituzten enpresek eskaerak egiteko prozesuaren berri eman zuten atzo Jon Iraola Eibarko alkateak, Ana Telleria Garapen Ekonomiko, Enplegu eta Berrikuntzako zinegotziak eta Juan Ángel Balbás Debegesako zuzendari nagusiak. Prentsaurrekoan, inkubagailuan eskainiko dituzten zerbitzuen ezaugarrien berri ere eman zuten.

Zehaztu zutenez, honako enpresa hauek erabili ahal izango dute bulego bat inkubagailuan: enpresa sortu berriak, batez ere lotura dutenak doitasunezko ingeniaritzarekin (BPTD estrategia), robotikarekin, kirolari aplikatutako teknologiekin, energiarekin, jasangarritasunarekin, ekonomia zirkularrarekin eta 4.0 industriako teknologia gaitzaileekin. Beste kasu batzuetan kontuan hartuko da egitasmoaren berritasuna (teknologikoa eta ez-teknologikoa).

Debegesaren aldamenean dagoen inkubagailu berriak hainbat zerbitzu eskainiko ditu, dohainik: aholkularitza, negozioaren hastapenetan eta sendotze-fasean; prestakuntza espezializatua; BPTD (Basque Precision Technology District) komunitatean integratzea; paketeak jaso eta biltzeko zerbitzua; sarbide independentea egunero, 24 orduz; bulegoko altzariak; officearen erabilera; bilera-gelaren erabilera; eta aurkezpenetarako gune ireki bat.

Esandakoaren arabera, “interesa duten enpresak sartzeko eskaera egin ondoren, Udalak eta Debegesak baloratuko dute, eta, balorazioa aldekoa bada, Debegesak kontratua ixteko izapideak hasiko ditu. Horrela, enpresa bat inkubagailu berrian sartu ondoren, kontratuen hasierako iraupena hiru urtekoa izango da, eta horiek amaitzean, luzapena egiteko aukera baloratuko da”.

Enpresek egokitutako bulegoak okupatu ahal izateko ezarritako prezioa, bestalde,  hilean 260,10 eurokoa izango da (BEZa barne) kanpoko hiru bulegoen kasuan. Eta hilean 229,50 eurokoa (BEZa barne) barnealdean dauden bi guneetarako.

Bulegoetan sartzeko eskaera Debegesan aurkeztu beharko da, 943820110 telefono zenbakira deituta edo ekintzaile@debegesa.eus posta elektronikora mezu bat bidalita.   Informazio gehiago nahi izanez gero,  www.debegesa.eus webgunera jo daiteke.

Inaugurazio eguneko BIDEOA ikus dezakezue hemen:

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »