BPTD, eskualdeko industria suspertzeko marka

0    Ekonomia 
ETA KITTO ETA KITTO
BPTD, eskualdeko industria suspertzeko marka
ETA KITTO 2018, Aza 26

‘Basque Precision Technology District’ marka aurkeztu zuen Debegesak martitzenean Debabarreneko industria-sektorea sustatu eta nazioarteko merkatuan posizionatzen laguntzeko. Eskualdeko eragile publikoen eta pribatuen apustua da, eta Debabarreneko ekintzailetza-tradizioan eta ekosistema sozioekonomikoan oinarritzen da. Eskualdeko industriak duen garrantzia azpimarratu nahi da marka honekin eta ‘We make!’ izango da markaren goiburua, Debabarreneko enpresek egiten dakitena nabarmendu nahi delako.

 

Bere izaera deskribatzeko atzera begiratzen duen eskualdea da Debabarrena. Iraganean izan duen industriaz harro, lanerako trebezia eta asmatzeko gaitasuna duen eskualdea dela esan ohi da. Urre-koloreko iraganari, ordea, kolore apalagoko orainaldiak hartu dio lekukoa. 2008an mundua astindu zuen krisi ekonomikoak eragina izan zuen hemen ere eta hainbat enpresa desagertzeaz gain, beste batzuk tokiz aldatu ziren. Eta zer esan langileei buruz, ekonomiaren azken katebegia. 2007ko irailetik 2009eko abuztura langabezia-tasa bikoiztu egin zen Debabarrenan (%6,5etik %13,61era) eta zifra hori kostata ari da jaisten. Krisiak goia zuen momentutik lanpostu berriak sortu dira, baina hirugarren sektorean, zerbitzuetan. Gizartea pobretu egin da horren ondorioz, industrian lan egiten duen pertsona batek hirugarren sektoreko batek baino %40 gehiago irabazi ohi dituelako.

Eskualdeak hirugarren sektorerantz egindako jauziaren erakusgarri argia da Eibar. Hiriari nortasun berezia eman zioten industria-enpresa askok alde egin dute eta euren tokia ez dute beste antzeko enpresek hartu, hirugarren sektorekoek baizik. Hala ere, datuak eskuan, industriak garrantzi handia dauka gure herrian eta baita eskualdean ere. 706 industria-establezimendu daude, 9.444 pertsonak egiten dute lan industrian eta eskualdeko balio erantsiaren %41,83a sortzen du industriak (EAEn %24,26 sortzen du).

 

Baliabideak mantendu eta erakarri

Industriak Debabarrenan oraindik daukan garrantzia eta eskualdeko ekosistema kontuan hartuta, iraganera begiratu beharrean orainaldia aztertu eta ‘Basque Precision Technology District’ (BPTD) posizionamendu marka sortu dute eskualdeko erakunde publiko eta pribatuek. Atzean geratu baino lehen hartutako neurria da. “Bilbo eta Donostia artean gaude; giza-baliabide, baliabide ekonomiko eta azpiegitura-baliabideen bi xurgatzaileen artean”, adierazi zuen Juan Angel Balbasek martitzenean egin zen BPTDren aurkezpenean, eta xurgatzaile hauen aurrean Debabarreneko industria nabarmendu eta sustatzeko beharra azpimarratu zuen, “baliabide gehiago ez galtzeko eta, edozelan ere, baliabideak erakartzeko”.

BPTD markaren sustatzaileen iritziz Debabarrenak ekosistema berezia dauka. Lau aireportutatik hurbil dago (Loiu, Hondarribia, Foronda eta Biarritz), bi teknologia-zentrorekin (IK4-Ideko eta IK4-Tekniker), lanbide-heziketako sei zentrorekin (Armeria Eskola, IMH, Meka, Mutrikuko Institutua, Uni Eibar-Ermua eta Kardala Akuakultura Eskola), ETEentzako berrikuntzako eta transferentzia teknologikoko zentro batekin (Asmaola), EHUren bi egoitzarekin (Eibarko Ingeniaritza Tekniko Industrialaren Unibertsitate Eskola eta IMHko Ingeniaritza Dualaren Unibertsitate Eskola) eta makina erramintaren edota automobilgintzako sektore laguntzailearen industria-kontzentrazio handiarekin, “Debabarrenak ekosistema sozioekonomiko bereizgarria osatzen du”, Balbasen iritziz. Gainera, eskualdeak industria-sarea handitzeko baliabideak dituela aipatu zuen.

Debabarreneko enpresa garrantzitsuenekin eta erakunde publikoekin batera garatu da BPTD, eta elkarlan hori harro egoteko modukoa dela irizten diote proiektuaren eragileek. “Momentuz 25 enpresen babesa jaso du markak, baina 100era iristea da gure asmoa”, esan zuen Balbasek. Bere burua marka honen barruan ikusten duten enpresak batu daitezke BPTDra, nahiz eta Debabarrenetik kanpo egon.

 

Eskualde ez, district

Bosnan enpresarekin hilabeteetan egindako elkarlanaren ondorioa da BPTD. “Emaitza pozgarria da”, Balbasek esan zuenez, baina hainbat erabaki garrantzitsu hartu behar zituzten marka eratzeko orduan. “Debabarrena enpresentzat bereziki erakargarria den lurraldean kokatzea zen erronka”, eta eskualde kontzeptuari uko egin diote izena eraikitzeko orduan. Horren tokian ‘district’ nabarmentzen da, hau da, barrutia. “Atzerrian ez dute eskualde kontzeptua ulertzen”, argudiatu zuen Balbasek. Alfred Marshall ekonomialariak dioenez, “industria-barrutia gizarte- eta ekonomia-sare bat da”, eta hortik abiatu da BPTDren ideia.

Aipatzekoa da, baita ere, ‘Debabarrena’ berba erabili beharrean ‘Basque’ hitza hartu duela markak. Aurretik esan bezala, Debabarrenetik haratago dauden enpresentzat zabalik daude proiektuaren ateak, baina BPTD mundu mailan ezagutzera emateko ‘Basque’ ‘Debabarrena’ baino ezagunagoa dela arrazoitu zuen Balbasek. “Gainera, Eusko Jaurlaritzak diruz laguntzen digu ‘Basque’ erabiltzen badugu”.

SPRI enpresa-garapenerako euskal agentziak babesa eman dio BPTDri eta Alex Arriola zuzendari nagusiak berba egin zuen martitzeneko ekitaldian. Industriaren espezialitatearen garrantzia azpimarratu zuen, eta Debabarrenak automozioan eta robotikan espezializatuta duen industria nabarmendu zuen balio-erantsi moduan. Lana ondo egiteaz gain, egindako hori saltzen jakin behar dela azpimarratu zuen Arriolak. Horretarako sortu da BPTD eta, hain zuzen ere, lana ondo egite hori nabarmentzen du ‘We make!’ goiburuak. “Egileak garelako, gauzak egiten dakigulako”, Balbasen berbetan.

 

Aurrekontu gabe oraindik

Izena garrantzitsua izango da marka saltzeko orduan, “baina ekintzak are gehiago”, Arriolaren ustez. Hala ere, BPTDren proiektu berriak momentuz ez dauka aurrekonturik ezta markaren hedapena gauzatuko duen langile espezifikorik. Marka honen barruan biltzen diren enpresen esku geratuko da markaren enbaxadore lana egitea eta, enpresek adierazi dutenez, atsegin handiz egingo dute lan hori. Izan ere, eurek eskatutako zerbait da, marka berriarekin edonora joan behar dutenean ez dutelako ezer azaldu beharko, “markarekin nahi duten guztia azaldu dezaketelako”, Balbasen ustez.

Debegesa 2021eko Industria Lehiakortasun Plana lantzen ari da eta abenduan amaituko du. Hor adieraziko da zein den BPTDren zeregina eta markak gauzatu beharreko plana zehaztuko da bertan.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »