Aitor Buendia, kazetaria: “Gastronomiaren inguruko hainbat telebista saioren antitesia da La Ruta Slow”

0    Elkarrizketak 
Ekhi
Aitor Buendia, kazetaria: “Gastronomiaren inguruko hainbat telebista saioren antitesia da La Ruta Slow”
06 Uzt
12:49

Aitor Buendiak bere bi pasioak batzen ditu ‘La Ruta Slow’ irratsaioan: kazetaritza eta gastronomia. Bere gurasoek Bidebarrieta kalean dagoen Ibaiondo taberna zuten eta taberna giroan hezi zen kazetari eibartarra. Orain, Kazetaritza Lan Onenaren Euskadiko Gastronomia Saria jaso du bertako ekoizle txikiei, sasoian sasoiko produktuei eta elikadura osasuntsuari gorazarre egiten dion irratsaioarengatik. Bidebarrietako Baratze tabernan jarri digu hitzordua, gurasoen Ibaiondo tabernara begira.

 

– Taberna giroan hazi zara, kazetaria zara bokazioz eta Kazetaritza Lan Onenaren Euskadiko Gastronomia Saria jaso berri du zuk zuzentzen duzun irratsaioak. Nola digeritzen da horrelako sari bat?

Lehenik eta behin harriduraz, ez nuelako espero. Gainera, ez dakit jaso dudan hezkuntzagatik den edo zer, baina pentsatu dut egongo dela beste jende bat gure antzeko lerroan lan egiten dabilena eta saria merezi duena. Orduan, emaztea etorri zitzaidan eta zer esan zidan: “Aitor, zuk urte asko daramatzazu honetan, 50 urte beteko dituzu eta ibilbide luzea egin duzu”. Eta bai, arrazoia dauka eta egindakoa aitortzen hastea ez dago txarto. Pertsona batzuei asko kostatzen zaigu hitz gozoak eta laudorioak onartzea, eta tira, kasu honetan gogo onez hartu dut esker ona. Ekoizle txikien, eta bertako eta sasoian sasoiko produktuen defentsa egiten dugu irratsaioan, eta zentzu horretan gauzak ondo egiten ari garela berresten du sariak. Gastronomiaren inguruko hainbat telebista saioren antitesia da ‘La Ruta Slow’ eta gastronomiaren inguruan beste modu bateko saioak egin daitezkela erakusten dugu. Herritarrei beste ikuspuntu bat eta oinarrizko gauza batzuk gogoan hartzeko aukera eskaintzen diegu. Adibidez, merkatu plazara (Eibarko kasuan, ikusiko dugu noiz) eta auzoetako denda txikietara erostera bueltatzea, edo ekoizle txikiak zaintzea (eurek mantentzen dutelako Arrate dagoen moduan edo eurek egiten dutelako posible gure mendiek daukaten itxura edukitzea).

– Beraz, ez da bakarrik irratsaioari egiten zaion esker ona, baizik eta berak adierazten duenari, ezta?

Hori da! ‘La Ruta Slow’ irratsaioak, izenak berak esaten duen bezala, ‘Slow Food mugimenduaren ibilbidea markatzen du eta filosofia horrekin zerikusia duten establezimendu, jatetxe eta ekoizleen inguruan mintzatzen gara.

– Programa ere ‘slow’ hasi zen, poliki-poliki bere bidea eginez, baina gora beti. Radio Vitorian hasi eta Radio Euskadira pasa zen, orain sari hau…

Kazetari moduan kirol eta politika munduan ibili izan naiz, eta 2012an hasi nintzen ‘La Ruta Slow’ saioarekin. Bost urte bakarrik izan dira, baina bikaina da urte hauetako lanari esker horrelako saria jasotzea. Bide honek hasiera bat dauka eta Ibaiondo tabernak garrantzia handia dauka zentzu horretan. Oso argi neukan kazetaria izan nahi nuela, barruan neraman zerbait zelako, baina Mariluz Perez nire amak egiten zituen papata-tortillen usain artean, Antonio Buendia nire aitak prestatzen zituen ozpin-olioko antxoillen inguruan eta ostalaritza-giroan hazi gara Amaia nire arreba eta biok. Kafe osoak, bokatak, menuak eta plater konbinatuak egiten ziren Eibar horretan hazi naiz. Gertuko zerbitzu ona eskaintzen duen ostalaritza, eta tabernari eta bezeroen artean sortzen den harremana gustatzen zait. Hori berreskuratu behar dugu, makinen moduan gabiltzalako azken aldian. Askotan ez dugu agurtu ere egiten!

– Saioak “bost urte bakarrik” daramatzala diozu, baina gaur egungo gizarteak daukan abiadura kontuan izanda bost urte irautea ez da gutxi. Gure bizimoduaren abiadura moteldu beharko genuke?

Baserritar zahar batek seguruenik ez daki zer den ‘slow’ mugimendua eta logikoa da, baina izena edo marka ez da garrantzitsuena, horren atzean dagoena baizik. Debemenek hitzaldi bat eskaini zuen iaz Untzagako Jubilatu Etxean ‘Baserrikoa’ programaren berri emateko, eta gure inguruan ditugun ekoizleen berri eman zen. Hor ikusi zen denetariko produktuak eskuratu ditzakegula inguruko ekoizleen bitartez, orain dela urte batzuk arte egin den bezala. Lehen ez geneukan merkataritza-gune handirik Eibarren, merkatu plaza eta denda txiki batzuk besterik ez. Azken aldian marka ugari ailegatu dira gurera, horietako batzuk Levanteko zonetatik, eta jendeak erosketa masiboak egiten ditu gune horietan. Adi ibili behar gara horrekin, establezimendu txikietan erostea ahaztuko zaigulako, eta gure programan denda txiki horien defentsa egiten dugu, zaindu egin behar ditugulako. Ez gara gizaki perfektuak eta inkoherentziak ditugu, eta ez da ezer pasatzen ez baduzu urteko 365 egunetan zure erosketak denda txikietan egiten, baina ahal den neurrian zaindu egin beharko litzateke, eta ez hitzekin bakarrik. Horrela, daukagun elikadura burujabetza urria mantenduko dugu.

– Nola murgildu zinen ‘Slow Food’ mugimenduan?

Nire emaztea Isabel eta ni neu guraso izan ginenean gure seme-alabei onena ematen saiatu ginen. Ikusi genuen ez zela ezer arraroa bilatu behar, gure inguruan geneukalako eurentzat onena izan zitekeena, hau da, gure inguruko nekazaritza. Maialen eta Mikel seme-alabekin etxetik kanpo jaten dugunean guk irensten duguna jaten dute (barazkiak, haragia, arraina, lekaleak edo postreak, berdin dio) eta ez umeentzat bereziki prestatutako jakiak. Beraz, Isabel, Maialen eta Mikelek berebiziko garrantzia daukate eurekin hasi eta ‘La Ruta Slow’ irratsaioarekin jarraitu dudan bidean.

– Nola hasi zen ‘Slow Food’ mugimendua?

80. hamarkadan hasi zen Italian eta Carlo Petrini kazetariak sortu zuen. Turin inguruan janari lasterreko establezimendu asko zabaltzen hasi zirela ikusi zuen, eta jendeak trattoria eta betiko establezimenduak albo batera utzi zituen. Trattoria asko itxi egin behar izan zituzten, familia askoren ekonomia pikutara joan zen eta, horrekin batera, betiko errezetak. Gizartea homogeneizatzen ari zela konturatu zen, eta janari lasterraren aurrean janari motela aldarrikatu zuen, hau da, ‘Slow Food’. Ez da janari lasterraren aurkako mugimendua, baizik eta ekoizle txikiak eta tokian tokiko establezimenduak babesteko ekimena.

– Euskal Herrian ere betiko sukaldaritza edo elikadura ohiturak galtzeko arriskua daukagu?

Oso baikorra naiz berez, baina jendea Gobernuaren edo diru-laguntzen zain badago, jai daukagu. Maila orokorrean lurrak ezin du jasan hazkunde erritmo hau eta norbanakoek zeresana daukagu hor.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »