Gaizka Urresti (zine zuzendaria): “Filmean kooperatibismoaren sortzailearen ibilbidea isladatzen dugu"

Gaizka Urresti (zine zuzendaria): “Filmean kooperatibismoaren sortzailearen ibilbidea isladatzen dugu"
2019/02/12 eta kitto!
Bihar, asteazkena (otsailak 13), Gaizka Urrestik zuzendutako  “Arizmendiarrieta, el hombre cooperativista” dokumentala ikusteko aukera izango dugu Eibarko Coliseo antzokian. 97 minutuko iraupena duen filmean, Fagor, Eroski edo Euskadiko Kutxaren sortzaile izan zen Jose Mari Arizmendiarrieta apaizaren historia eta ibilbidea kontatzen du. Urresti zine zuzendari, gidoigile eta ekoizlea da. Portugaleten jaio zen eta kazetaritza ikasketak egin eta gero Madrilera joan zen. Han bere ekoiztetxea sortu zuen eta handik Zaragozara joan zen bizitzera. Sari ugari jaso ditu. 2013an, berak zuzendutako Abstenerse Agencias fikzioko laburmetraiarekin Goya saria jaso zuen, besteak beste, eta aurtengo Goya Sarietan saria jaso duen “Cerditas” laburmetraian ere parte hartu du. Emanaldia 19:00etan hasiko da eta sarrerak 3 euro balio du.

- Nola sortu zen Arizmendiarrieta eta kooperatibismoaren inguruko dokumental hau egiteko ideia?
Ideia nirea izan zen. Asko gustatzen zaizkit biografiak, batez ere kulturari lotutako pertsonaia esanguratsuenak, baina 2005ean Fernando Molinak Arizmendiarrietari buruz egin zuen biografia irakurri nuenean guztiz harrituta gelditu nintzen pertsonaiarekin. 2013an krisi garaian murgilduta geunden eta, Arrasateko apaizak egindakoa aztertu ondoren, iruditu zitzaidan oztopoen aurrean beti eman daitekeela pauso bat aurrera. Arizmendiarrietak (Markina 1915-1976) jendearen bizimodua hobetzeko borrokatu zuen eta horretarako baliabideak jarri zituen, beste iniziatiba politiko eta ekonomikoak ikertuz, eta azkenik iniziatiba propioa eraikiz. Kooperatibismoa mundu osoan aztertzen da gaur egun.

- Eibarri ere erreferentzia egiten diozu dokumentalean, ezta?
Zentzu horretan,  Arrasateko kooperatibismoa baino lehen Euskal Herrian izandako esperientzia kooperatiboak ikertzerakoan, Eibar oso inportantea dela esan beharra dago. 20. hamarkadan Arizmendiarrietaren osaba bat Alfako kidea izan zen eta apaizari asko interesatzen zitzaion Alfan gertatutako fenomenoa, ahuleziak eta indarguneak. Alfan gertatu zena Arrasaten ez gertatzeko, ezinbestekoa ikusi zuen Caja Laborala sortzea, proiektuak eta inbertsioak finantziatu ahal izateko. Toribio Etxeberriarekin erbestean izan zuen harremanari buruz hitz egiten da dokumetalean.

- Gaur egun enpresetan azpimarratzen diren balioak kooperatibismoak bultzatu zituenak direla esan daiteke?
Oso deigarria da 50. hamarkadan Arizmendiarrieta bezalako pertsona batek gaur egun multinazionalek erabiltzen dituzten kontzeptu eta ideiei buruz hitz egitea: hezkuntza, berrikuntza, ahalduntzea, langileen partehartzea gestioan, irabazien banaketa. Horretaz Arrasateko apaiz batek egin zuen berba orain dela 60 urte, gezurra badirudi ere! Askotan atzera begiratu beharra daukagu.

- Dokumentalean Arizmendiarrieta ezagutu zutenen testigantzak agertzen dira.
Nik “apostoloak” deitzen ditudanak agertzen dira, Arizmendiarrieta Arrasatera heldu zenean (Markinan jaiotakoa zen) “detektatu” egin zituenak. Arizmendiarrietak lideratu eta inspiratu zituen proiektua aurrera eraman ahal izateko. Batzuk oraindik bizirik daude eta oso  inportantea zen euren bizipenak jasotzea. Filma pertsona askori egindako elkarrizketetan oinarritzen da, besteak beste, Jose Maria Ormaetxea, Alfonso Gorroñogoitia, Roman Balazategui, Javier Mongelos, Juan Maria Otaegui, Ainara Udaondo, Fernando Molina, Joxe Azurmendi, Jose Antonio Oregui, Jesus Maria Arizmendiarieta, Javier Retegui edo Pureza Aranzabal.

- Animazioa erabili duzu zenbait pasarte isladatzeko.
Argazkiak bazeuden baina filmazioak oso gutxi, garai hartan baliabide eskasak zeudelako eta, horretaz aparte, gauzak diskrezio handiz egin zirelako. Zenbait eszena isladatzeko, Caja Laboralaren sorrera esaterako, bi aukera zeuden, aktoreekin egitea eta animazioarekin, eta hau egokiagoa iruditu zitzaigun zenbait eszena birsortzek­o.

 

https://www.youtube.com/watch?v=4fyB-uwV2vc