Bernardo Ibarra (Arrate Irratiko zuzendaria): “Hasierako ilusioarekin jarraitzen dugu lanean”

Bernardo Ibarra (Arrate Irratiko zuzendaria): “Hasierako ilusioarekin jarraitzen dugu lanean”
2018/09/06 eta kitto!
Lau hamarkada daramatzate emititzen eta etxe askotako sukaldeetan leku berezia irabazia dute jadanik. Tokiko euskeraren defendatzaile sutsua, arrakastaren gagoak gertutasuna eta apaltasuna direla uste du Bernardo Ibarra Arrate Irratiko zuzendariak. Urte guzti hauetan lan egiteko modua asko aldatu da, baina funtsean berdin jarraitzen dute, entzuleei bizipoza ematen.

- Poliziaren aginduz irratia itxita egon zen 4 urteak kontuan izan barik, 40 urte eman dituzu Arrate Irratian. Urte eta ordu asko esatari eta zuzendari bezala. Nola gogoratzen duzu zure lehen harremana irrati munduarekin?
Iurretan jaio nintzen. Txikitan Asturiasera joan ginen, urte t`erdi inguru, aitaren lana zela eta. Ondoren Bllbora etorri ginen bizitzera. Bilboko anbientea oso erdalduna zen. 3 emisora zeuden bakarrik onda median. FM ez zegoen. Gurasoen familiak Iurretan eta Durangon bizi ziren eta, bisitan joaten ginenean, bai leku batean zein bestean irratia zeukaten, holako Telefunken ederra, eta bertatik euskal musika, txistua eta euskera entzuten zen. Eurei beti entzuten nien Arrate Irratiaren gainean berba egiten: “Arratek esan dau”, “disko hau entzun dugu Arraten”… Beti Arrate gora eta Arrate behera. Konturatu nintzen eurentzako Arrate familiako gauza bat zela. Gero Bilbon euskara ikasten hasi nintzen. Irratian garai hartan dena erdaraz entzuten zen, irratsaio bakarra zegoen euskaraz, “El evangelio comentado en vascuence”.
- Nola hasi zen zure harremana Arrate Irratiarekin?
Arrate Irratia grabatuta geditu zitzaidan eta soldadutza egiten nengoela Arratera joatea pentsatu nuen, aldizkari baterako elkarrizketa bat egiteko hango apaizari, Don Pedro Gorostidiri. Gaur egun bezala, garai hartan ere euskara oso inportantea zen niretzat, barrutik betetzen nauen zerbait izan da beti. Don Pedrori elkarrizketa egin nion sasoi hartan irratia itxita zegoen (1959an zabaldu zen eta 1964an itxi). 14 urte egon zen itxita. Don Pedrok bazeukan berriro zabaltzeko asmoa, baina zentzu horretan bakarrik zegoen, laguntzarik gabe. Soldadutza amaitu eta astero Arratera etortzen hasi nintzen. Goizeko 7etan trena Atxurin hartu, Eibarrera etorri eta gero oinez igotzen nintzen. Don Pedroren etxeko ganbaran antzinako diskoak, lehengo kontrolak eta zintak zeuden, hautsez beteta. 1978an zabaldu genuen beste laguntzaile batzurekin batera. Orduan ere zorte txarra izan genuen, 4 hilabete eta gero polizia etorri zen Madriletik bidalita eta irratia prezintatu ziguten. Leku guztietan esaten ziguten “plan de frecuencias” delakoaren zain egon behar ginela. Etorri zen, bai, baina guri ez ziguten eman. Madrilen eta Gasteizen berba onak entzuten genituen beti, baina baiezko argirik ez. Horregatik, 4 urte geroago, 1982an, gure kabuz eta baimen ofizialik gabe zabaltzea erabaki genuen. Prezintoak apurtu eta lanean hasi ginen. Handik 7 urtera baimena etorri zen. Hasieran sakristian jarduten genuen, kriston meritoarekin, den-dena zuzenean egiten zen-eta. 87ra arte egon ginen horrela eta ordutik gaude hemen, elizaren ezkerraldean, antenaren azpian dagoen lokalean.
- Nola lortzen du horrelako emisora batek hainbeste jenderengana iristea eta horrelako arrakasta izatea?
Niretzako gustoko lana da, eta hor dago arrakasta. Hasierako ilusioarekin jarraitzen dugu eta oso lantalde ona daukagu. Urteekin ikasi egiten duzu, martxa hartzen duzu eta azkenean normal egiten duzu, baina nik uste dut horrelako medio batean gertutasuna eta apaltasuna oso inportanteak direla. Kasu kurioso bat gertatu zait orain dela gutxi. Markiñan pelotari izandako batek esan zidan Miamin egon zirela eta Markiñako bat ikusi zutela. “Hementxe noa Arrate Irratia entzuten” esan zien gizonak. Gaur egun, badakigu internetekin ez dagoela mugarik. Hala ere, jakina da konpententzia handia dagoela. Komunikabide bezala, Euskadi Irratia oso ona da. Gurea harekin konparatzen oso txikia da. Gu hemen 6 lagun eta udan 7 gara (2 lanaldi erdian). Mejoratzeko beti daude gauzak… baina uste dut asko egiten dugula, nahiz eta oso apalak izan. Horrelako komunikabide bat defizitarioa da, laguntzak daude eta horri esker justu-justu ateratzen duzu. Orain antena margotzen ari gara eta hori sekulako gastua da. Gastuak bazter guztietatik sortzen dira. Arrate oso paraje berezia da, eta horregatik tximistorratz edo pararrayos berezia jarri dugu. Tximistaren formazioa ekiditen duela esan daiteke. Horrek lasaitasun handia ematen digu.
- Zeuen programazioa era askotako saioek osatzen dute, hala ere musikak berebiziko garrantzia du...
Musikak pisu handia dauka eta horretaz gain informatiboak, meza, eguraldia, Gora Bihotzak, efemerideak, elkarrizketak, euskerari buruzko saioa, herrietako kronikak, kolaborazioak… Egia esan, era askotako edukiak ditugu. Herrietako berriemaleei euren herrietako euskeran hitz egiteko eskatzen diegu, eta hemen ere langile bakoitzak bere euskera egiten du. Tokian tokiko euskeraren defendatzailea naiz.

Bernardo Ibarra Arrate Irratia 2