Deus Ez (musika taldea): “Bigarren disko hau autentikoagoa da”

Deus Ez (musika taldea): “Bigarren disko hau autentikoagoa da”
2019/05/02 eta kitto!
DEUS EZ Eibar eta Azkoitia artean 2016an sortutako rock alternatibo taldeak bere bigarren diska kaleratu du aste honetan, eta dagoeneko eskuragarri dago plataforma digitaletan. SHERPAK izena jarrio diote eta 10 kantuz osatuta dago. Aurkezpen ofiziala datorren asteburuan egingo dute Eibarren, Ez Dok tabernan eskainiko duten zuzenekoan. Eric Deza (gitarra eta ahotsa), Alex  Etxeberria (baxua) eta Koldo Sagarzazu (bateria) talde ezberdinetan jo izan duten musikari esperimentatuak dira. 2017an euren lehen diska atera zutenetik, lokaletik irten eta eszenatoki desberdinetan jotzen ibili dira. Euren indargunea zuzenekoak direla diote eta azken lan honen aurrean jendeak izango duen erreakzioa ikusteko irrikitan daude.

- Denbora gutxi, urte eta erdi pasatu da lehen diskoa atera zenutenetik. Nolako eboluzioa eman da denbora horretan?
Prozesua nahiko naturala izan da. Lehen diskoa egin genuenetik kontzertuak irtetzen joan dira, eta abesti berriak zeudela ikusi dugunean grabatzea eta diskoa berria kaleratzea pentsatu dugu. Beti daukagu kantu berriak ateratzeko eta emateko grina. Aurrekoan bezala Iruñean grabatu dugu DrumGroove estudioan, Josu Ervitiren gidaritzapean. Denok eman dugu pausu bat aurrera. Instrumentuekin erosoago sentitu gara, abestiak konposatzerakoan ere naturalago irten dira… Urte eta erdi horretan, zuzenekoekin eta, zeozer ikasi dugula esan dezakegu. Lehen diskan muga gehiago jarri genituen. Honetan, berriz, autentikoagoak gara. “Rollo popero" hori galdu gabe diskoa ilunagoa da, eta gure nortasuna askoz hobeto isaldatzen da. Gure gustokoa dena egitea garrantzitsua dela ikusi dugu. Zuzenekoetan ezin da gezurrik esan, eta gehien motibatzen gaituena hartu dugu abiapuntutzat. Orain jendearen erantzuna zein izango den ikusteko desiatzen gaude.

- KATAPULTA Tour Gipuzkoarako aukeratu zintuzteten 2018an…
Musikaren eta arte eszenikoen arloan lurraldeko talentua sustatzen laguntzeko Gipuzkoako Foru Aldundiak martxan jarritako programa da. Askoren artean aukeratu gintuzten eta kriston esperientzia ona izan da. Donostiako Festibalean jo ahal izan genuen. Gure izena Berri Txarrak bezalako talde baten ondoan ikustea izugarria izan zen. Bestalde, Amurriock musika lehiaketa irabazi genuen iaz eta horrek ere pisu handia izan du kontzertu berriak lortzeko eta taldea ezagutzera emateko.

- Aurrekoan bezala, rockak oinarrian egoten jarraitzen du lan berrian?
Bai, eta aurrekoa baino rockeroagoa da. Momentu batzuetan metal puntu bat ere badago. Beste abesti bat oso poperoa da… Abesti gogorra edo suabea izanda ere diska osoa lotzen duena melodia da. Aurrekoan bezala, Eric-ek konposatzen ditu kantuak, nahiz eta gero denon artean joaten garen garatzen.

-  Zergatik jarrio diozue “Sherpak” izena?
Izenaren kontuari buelta asko eman genion eta azkenean “Sherpak” jartzea erabaki genuen denon artean. Abesti gehienetan gai pertsonalak lantzen dira, harremanak, bakoitzaren zamak, ikutu erreibindikatiboa ahaztu gabe. Emozioen kontuak pisu handia du eta “Sherpak” izena aukeratu genuen  bakoitzak daukan zama edo bizipenen motxila hori isladatzeko. Ez bakarrik gureak, askotan besteenak ere guk kargatzen ditugulako. Diskaren azken kantuak izen hori darama  eta bereziena da ziurrenik. Ikutu egiten du, edo horrela sentitzen dugu guk.

- Noiz entzun eta ikusi ahal izango zaituztegu?
Atzo atera zen diska osoa, beraz eskuragarri dago plataforma digital guztietan eta youtuben bideoklipa ikus daiteke. Hemendik aurrera promozioa egiten jarraituko dugu, gure lana ezagutzera emateko eta kontzertuak lortzen joateko. Hurrengo asteetarako zazpi bat kontzertu dauzkagu lotuta. Maiatzaren 10ean Donostian joko dugu, Tabakaleran, eta hurrengo egunean, zapatuan, Eibarren, Ez Dok tabernan.

https://www.youtube.com/watch?v=NSBDClxpwaM

Deus ez azala Disko berriaren azala

Deus Ez1 Argazkia: Ainhoa Beristain

 

DuesEz3 Argazkia: Ainhoa Beristain