Eibarko Koro Gazteko Beñat, Iker, Oihane eta Garazi: “Hilaren 19an gure musikala Ermuko Antzokian aurkeztuko dugu. Animatu!”

Eibarko Koro Gazteko Beñat, Iker, Oihane eta Garazi: “Hilaren 19an gure musikala Ermuko Antzokian aurkeztuko dugu. Animatu!”
2018, Urr 05

Eibarko Koro Gazteko kideek gogoz hasi dute ikasturte berria, eta datorren urriaren 19an “Forjarien kanta” musikala eskainiko dute Ermuko Antzokian, 22:15ean. Zuzeneko musika, koreografiak, antzezpen-lana eta mundu mailako musikalik ospetsuenen kantu ezagunak biltzen dira lan horretan. Eibarren, Coliseoan ikusteko aukera izan genuen, eta, lortutako arrakasta ikusita, Ermuan ere aurkeztea erabaki dute. Taldeko Beñat Laskurain, Iker Machin, Garazi Aizpurua eta Oihane Zabalarekin elkartu gara.

– “Forjarien Kanta” 2016ko amaieran estreinatu zenuten Eibarren eta orain Ermuan aurkeztuko duzue. Badago berritasunik?
Gure taldean Ermuko jendea dago (Oihane eta Garazi) eta, horregatik, musikala Ermura eramatea ideia ona izango zela pentsatu genuen. Musikalean 80. hamarkadako tailer batean gertatzen dena kontatzen da. Enpresa ixteko arriskuan dago eta, langabeziaren mehatxuaren aurrean, langileak irtenbide bat topatzen ahaleginduko dira. Edukian moldaketa batzuk egin behar izan ditugu, Ermuko historia eta errealitatera egokitzeko. Taularatuko garen guztiak ere ez gara berdinak,hor ere aldaketa batzuk egon dira, batzuk joan eta beste batzuk etorri egin dira.

– Musikala genero konplexua da,ondo abesteaz gain beste hainbat gauza egin behar direlako…
Bai, ez da gauza bera geldirik abestea edo denbora guztian dantzan egiten eta alde batetik bestera mugitzen abestea. Gainera, interpretazio-lanak pisu handia hartzen du, eta askotan hauxe izaten da zailena. Batzuei sentimenduak adieraztea asko kostatzen zaigu; eta beste batzuei, aldiz, koreografiak eta posizioak menperatzea, Musikalak lan handia eskatzen du eta ordu mordoa sartu behar izaten dira, dena ondo lotuta izateko. Esperientzia guztiz berria da guretzat eta oso aberasgarria. Hasieran, estreinatu aurretik, urtebete eman genuen prestatzen. Oraingoan, berrizteaz gain, detaile txikienak ere landu ditugu. Beraz, Eibarko eta Ermuko jendea animatu nahi dugu ikustera etortzeko. Merezi duela uste dugu.

– Zeinen laguntza izan duzue?
Gidoia Juanma Canorena da, eta interpretazio alorrean Juanma eta Maite Lorenzoren laguntza izan dugu. Elena Martin da gure zuzendaria eta zuzeneko musika Musikeneko eta Cielito Musika Bandako zenbait kideren esku dago.

– Nola animatuko zenukete jendea urriaren 19an Ermuko antzokira joatera?
Ez da ohikoa musikal batean jende hain gaztea ikustea. Aipatutako musikariez gain, 20 abeslari izango gara eszenatokian, 15-21 urte bitartekoak. Ermuan ez da inoiz horrelakorik ikusi. Beraz, nortzuk garen eta zer egiten dugun ikusteko aukera aparta izango duzue ermuarrek eta eibartarrek. Oso dibertigarria da, umorea ez da faltako eta oso ezagunak eta politak diren abestiak egiten ditugu. Sarrerak 8 euro balio du eta Lobianon edo Kutxabank-en bitartez eskura daiteke. Animatu!!!

Koro Gaztea logoa

 

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »