Eli Manzano, kooperantea: “Ematen du errefuxiatuak ez direla inor, ez direla existitzen”

Eli Manzano, kooperantea: “Ematen du errefuxiatuak ez direla inor, ez direla existitzen”
ETA KITTO 2019, Urr 04

Eli Manzano bigarrenez joan da abuztuan Greziako errefuxiatuen kanpamenduetara. Lesbos eta Kiosen izan da eta martitzenean esperientziaren berri eman zuen Portalean. Medikuntza karreran ikasitakoa errefuxiatuen zerbitzura jarri du eta akroyoga klaseak ematen ditu baita ere. Ez du leziorik eman nahi, hemendik gertu gertatzen den gatazka bat erakutsi besterik ez.

 

– Nolako sentsazioarekin itzuli zara Greziatik?

Aurreko abenduan ere egon nintzenez, gutxi gorabehera banekien zer aurkituko nuen. Gainera, uda izanik, dena erlatibizatu egiten da eta sentsazio hobearekin joan nintzen. Eguzkipean gauzak beste modu batean ikusten dira, neguan gauzek larriagoak dirudite. Hala ere, gaur egungo egoera negukoa baino txarragoa da. Kanpamenduetan jende gehiago dago eta pilatuta bizi dira. Neguan Europako beste herrialdeetako asilo prozesuetan mugimendu gehiago zegoen. Horrez gain, abuztuan kanpamenduen beste aurpegi bat ikusi ahal izan dut, beste proiektu batean ibili naizelako eta, orduan, ez naiz itzuli hain sentsazio grisarekin.

– Zertan ibili zara abuztuan?

Hasieran, abuztuko lehen bost egunetan, Lesbosen egon nintzen Yoga and Sports for Refugies proiektuan yoga eta akroyoga klaseak ematen; hurrengo hamabost egunetan Kiosen egon nintzen Itsas Salbamendu Humanitarioaren (SMH) osasun-proiektu batean; eta hilaren azken hamaika egunak Lesbosen eman nituen. Elkarteen beharren arabera hara eta hona ibili naiz.

– Zergatik erabaki zenuen Greziako errefuxiatuen kanpamenduetara joatea?

Lehenengo aldian, abenduan, lankide batek SMH-ren mezu elektroniko bat jaso zuen sendagile bila zebiltzala esanez. Guk ez dugu medikuntza-espezialitaterik ikasi oraindik, baina zerbait eskaini genezakeela pentsatu genuen eta elkarrekin joatea erabaki genuen. Izan ere, antzeko esperientziarik eduki gabe bakarrik joatea kolpe handiegia izan zitekeen. Abuztuko kasuan, bestetik, akroyogako pare bat lagunek esan zidaten Zaporeak proiektuarekin Greziara joan nahi zutela eta esan nien nik berriz joateko asmoa nuela SMH-rekin, baina beste zerbait egin ahal genuela. Errefuxiatuei kanpamenduetan dutena baino zerbait gehiago eskaini nahi nien, han barruan ez dutelako ezeri heltzeko aukerarik. Eurekin zuzenean partekatu ahal zen zerbait eskaini nahi genien eta akroyoga klaseak ematea polita iruditu zitzaigun.

– Errefuxiatuek nola hartu zuten zuen proposamena?

Oso ondo! Jende gaztea etorri da batez ere eta asko gustatu zaie. Oso errez hartzen dute dena eta esperientzia polita izan da.

– Zer aurkitu zenuen Greziara iritsi zinenean?

Lehenengo aldian sentitu nuen ni ez nintzela ni. Modu automatikoan jarduten duzu eta ez duzu pentsatzen bertan zer gertatzen den. Surrealismo kutsua dauka. Aurretik ez dut ezer jakin han gertatzen denari buruz, baina bapatean han nago; nire beharra ondo etortzen zaie ez dagoelako beste medikurik 4.000 pertsona zaintzeko, baina era berean ni ez naiz inor. Surrealista iruditzen zitzaidan ni izatea ardura hori hartzen zuen pertsona. Alde batetik, nire buruarekin txarto sentitzen nintzen, ez nekielako zein puntutara egon ahal nintzen lan hori egiten, ez nekielako gai izango ete nintzen. Baina bestetik, ni han ez banego, ez litzateke beste medikorik egongo. Errefuxiatuek edozein pertsonak merezi dituen zerbitzu eta eskubide berak merezi dituzte, baina ematen du ez direla inor, ez direla existitzen.

– Hasierako sentsazio horri buelta eman zenion?

Momentu batean ikusten duzu zerbait eskaini ahal duzula eta eurek ondo jasotzen dutela. Momentu frustragarriak daude, baina egiten duzun gauza txiki bat eurentzat baliagarria dela ikusten baduzu, balio dizu.

– Udan zehar mintzagai izan da Open Arms, Europako herrialde batek ere jaso nahi ez zuen salbamendu-itsasontzia. Nola bizi izan zen hura kanpamenduetan?

Balkanetako herrialdeen mugen itxierak eragin dituen oztopoak igarri ditugu gehiago, jendea kanpamenduetan trabatuta geratu delako. Hala ere, dena dago lotuta. Errefuxiatuek sentitzen dute ez dutela irtenbiderik, ez dagoela laguntzarik eta zulo batean sartuta daudela.

– Zer dago ‘errefuxiatuak’ berbaren atzean? Zeintzuk dira? Nongoak? Zenbat?

Kolektibo anitza da. Kiosen 4.000 pertsona inguru daude eta Lesbosen 12.000tik gora, nahiz eta 3.000 pertsonentzako tokia bakarrik egon. Herrialde eta kultura ezberdineko jendea da, eta adinari dagokionez ere denetatik dago. Portaleko hitzaldian nik grabatutako bideo bat jarri nuen eta bertan 42 gizon batek esaten zuen bizitza zerotik hasi behar zuela berriz. Nire gurasoak etortzen zitzaizkidan burura. Baliteke eurek ere egoerari aurre egitea, gizakiak aurrera egiten laguntzen dion botere antzeko bat duelako, baina ez ditut gizon horren egoeran imajinatzen. Bestetik, errefuxiatuentzat gogorra da hain kultura ezberdineko jendearekin elkarbizitzea, ghettoak sortzen direlako.

– Arazo edo gatazkak sortzen dira kanpamendu barruan?

Bai. Gainera, kontuan izan behar da oso baldintza zailetan bizi direla. Hala ere, ez dakit ondo han barruan zer gertatzen den. Badakigu mafiak daudela, pertsonen-salerosketa dagoela, prostituzioa… Bizirautea da errefuxiatuen helburua. Errefuxiatu guztiak ez dira onak, baina ezta txarrak ere, denetatik dago. Gerratik ihes egiteak ez dizu pertsona txarra egiten, baina ukatua sentitzen bazara, beste modu batekoa bihurtu zaitezke. Gerra batetik ihes egin ondoren inork ez zaituela babestu nahi ikusten baduzu, zure izaera bihurtu daiteke eta defentsa mekanismo bat eraikitzen duzu.

– Nork gobernatzen du kanpamendu barruan?

ACNUR-ek eta Greziako gobernua arduratzen dira kanpamenduez, baina Grezia da fardela bere gain hartu duena.

– Errefuxiatuenganako arreta mediatikoa amatatzen joan da, baina errefuxiatuek hor jarraitzen dute. Beharrezkoa da arazo honetan fokua beti piztuta mantentzea?

Guztiz. Hondartzan agertu zen umearen irudia ikusitean denok hunkitu ginen, baina gero geure bizimoduarekin jarraitu genuen eta ahaztu egin zitzaigun zer gertatzen zen arazo horren inguruan. Normala da, aurrera egiteko dugun modua da, baina munduan gauza jakin batzuk gertatzen ari direla jakin beharko genuke, eta guk esku-hartzea dugula eta gatazkaren parte garela.

– Zer dago gure esku?

Errefuxiatuei laguntzeko ez dago Greziara kooperante joan beharrik, hemen gauza asko egin daitezke. CEAR dugu hemen, adibidez, errefuxiatuei laguntza eskaintzen dien erakundea. Errefuxiatuen bidaia luzea da, baina ez da kanpamenduetan amaitzen. Europara heltzen direnek (oso gutxik) harrera zerbitzu bat behar dute eta CEAR eta antzeko elkarteen bitartez eskaini ahal zaie laguntza hori. Beti behar dute laguntza. Bestetik, iberiar penintsulara migratzaile asko iristen dira Marokotik (aurten zifra hirukoiztu egin da) eta lan handia egin behar da zentzu horretan.

– Greziara bueltatzeko asmoa duzu?

Bai. Kiosen bizitoki berria aurkitu dut, gustora egoten naiz. Hango lagunekin primeran moldatzen naiz, oso talde-lan ona egiten dugu eta asko ikasi dut eurekin. Bizitzan zehar gauza asko egin ditut eta batetik bestera ibili naiz, baina zerbaitekin konpromezua hartzeko gogoa nuen eta kasu honetan hartu dut.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »