Eva Perez de Albeniz (psikologoa): “Nagusia izatea ez da txarra”

Eva Perez de Albeniz (psikologoa): “Nagusia izatea ez da txarra”
ETA KITTO 2019, Mar 29

Martxoaren 22an hasi zen XXVI. Nagusien Hamabostaldiaren barruan ekitaldi ugari antolatu dira Eibarren. ADINDUko Eva Perez de Albenizek eta Adriana Gandiagak “Aisialdia nola kudeatu” hitzaldia eman zuten atzo. Evak ondo ezagutzen du Eibarko nagusien errealitatea eta Eibarren eurentzako dauden zerbitzuak. Izan ere, Ikasten elkartearen Esperientzia Eskolako koordinazioa eramateaz gain, San Andres egoitzan jarduten du psikologa bezala. Eibarren dauden 4 jubiletxeak ere ezagutzen ditu eta orain dela gutxi Adindu bere enpresak “mendekotasuna duten adineko pertsona kalteberak eta haien zaintzaileak” plana egin du Udalarekin.

– Zer da nagusia izatea edo noiz hasten gara nagusiak izaten?
Esperientzia Eskolara etortzen diren asko jubilatu berriak dira, eta badaude 60 urte baino gutxiago dauzkazenak ere. Aurkezpenean nagusiak direla esaten dudanean batzuei muturra okertu egiten zaie. Zaharra izateaz hitz egiten denean, muga normalean jubilatzen zarenean jartzen da. Hala ere, 60 urtetik 90era oso egoera desberdinak daude, hainbat azpietapa bizitzen dira. Pertsona nagusi “gazteekin” eta beste muturrean daudenekin egiten dut lan nik. Hala ere, adinak markatzen duen marraz gain, hor beste marra bat ere badago, autonomoak eta mendekotasuna dutenak banatzen dituena, hain zuzen ere.  Eta erdian daude “kalteberak” deitu daitezkeenak, hau da, autonomoak izanik dependentzia egoeran sartzeko arriskuan daudenak. Eta hau ez dator adinarekin bat: 65 urterekin ere mendekotasuna daukazun pertsona izan zaitezke.

– Zergatik ez zaigu gustatzen nagusiak garela onartzea?
Buruan daukagu zahartzea izatea txarra dela, eta ez da horrela. Bizitzako beste etapa bat da, beste ezaugarri btazuk dituena. Egia da galera asko dituen etapa bat dela, eta egokitzen joan behar duzula: galera fisikoa, jendearen galera… baina ez da dena txarra, beste gauza batzuk ere badira. Lanean zaudenean errobera baten sartuta zaude, eta etapa berri honetan beste gauza batzuk egiteko  eta jende berria ezagutzeko aukera dago. Ematen du nagusi izanez gero ezin garela ondo sentitu edo ondo egon, eta ideia hori baztertu egin behar dugu. Nik beti esaten diet harrotasunez esan behar dela “ni nagusia naiz”, eta momentua disfrutatu egin behar dela.

– Zertaz hitz egin duzue hitzaldian?
Alde batetik denborarekin dugun harremana bizitzan zehar oso desberdina da. Denboraren pertzepzioa desberdina da 10 urte dituzunean edo nagusia zarenean. Lanean zaudenean dena lanaren inguruan antolatzen duzu. Jubilatzen zarenean, lana desagertzen denean, zuk berrantolatu behar duzu denbora: ze ordutan esnatuko naiz? noiz bazkalduko dut? Badira egunean derrigorrez egin behar diren gauzak, baina badago hor gelditzen den denbora libre bat, aisialdia.  Batzuentzako denbora libre horrek denbora galtzea esan nahi du, baina beste batzuk, jubilatu gazteek batez ere, oso argi daukate aisialdia zer den.

– Nola ulertu behar dugu aisialdia edo denbora librea, beraz?
Denbora librea gure bizitzarako ona den zerbait bezala ulertu behar dugu, onuragarria. Gozatzeaz gain, aldi berean osasungarria izan daiteke. Izan daiteke zerbait fisikoa, lan mentala eskatzen duena, harremanak edo jendearekin egotea eta baita parte-hartze sozialarekin zerikusia daukana ere (jubilatuen konzentrazioak, zaharren egoitzara abestera joan…). Adibide moduan koroa erabili daiteke: zerbait mentala egiten da, abestiak buruz ikasi behar direlako. Ekimen soziala da, jendearekin zaudelako. Eta, gainera, zaharren egoitzara abestera badoaz gizartean ekarpen bat egiten ari dira. Disfrutatzearena eta aisialdiarena aurreikusi eta planifikatu beharrekoa da. Ahalegin bat egin behar dugu plangintzatxo bat egiteko. Denbora librea ez da sobran dagoen denbora, gure ongizaterako parte oso garrantzitsua da eta horrela ulertu behar dugu. Batzuetan, etxekoren bat zaindu behar dutelako edo, denbora libre gutxi izaten dute, baina inportantea da tartetxo bat hartzea lagunekin kafetxo bat hartzeko, gimnasiora joateko…

– Zer gertatzen da mendekotasun egoera daudenekin?
Aisialdiari buruz berba egiten dugunean ematen du bakarrik pertsona autonomoei buruz ari garela, baina hori ez da horrela. Disfrutatzeko gaitasuna ez da inoiz galtzen. Eibarren eskaintza handia dago, mila gauza daude, baina mendekotasun egoeran daudenak askoz ere zailago daukate parte hartzeko. Horregatik da inportantea norberak plangintza hori egitea eta moldatzen edo egoera berrira egokitzen joatea. Eta erakundeen eta nagusiekin gabiltzan jendearen aldetik parte-hartze hori erraztu behar diegu. Bagaude horretan, baina oraindik bidea daukagu egiteko.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »