IDURRE IRIONDO (Arkitektoa eta marrazkigilea):“Egurraren erabilera sustatu nahi dugu”

IDURRE IRIONDO (Arkitektoa eta marrazkigilea):“Egurraren erabilera sustatu nahi dugu”
ETA KITTO 2019, Uzt 19

Donostian arkitektura-ikasketak amaitzen zituen bitartean, Idurre Iriondo eibartarrak 2015eko gabonen bezperan eman zion bizitza TUTULUMENDIri, aldizkari honetan hamabostean behin kaleratzen dugun komikiaren pertsonaiari. Hiru urte eta erdi hauetan, ikasketak amaitu, masterra egin eta I’M Arkitektura estudioa zabaldu du Eibarren, Asier Mas kidearekin batera. Arkitektura, marrazkigintza eta jasangarritasuna dira bere bizitzako ardatzak. Egurraren eta material jasangarrien erabilera sustatu nahi du eta, aldi berean, azken bi urteetan Debegesan dihardu, Agenda 21eko koordinatzaile bezala.

– 75 tira sortu dituzu azken urte hauetan aldizkari honetarako. Zelako balorazioa egiten duzu?
Eibarren gertatzen diren gauzei buruz eta garrantzia zeri ematen diodanari buruz pentsarazten dit Tutulumendik. Agian alde batera lagata dauden gaiak Tutulumendiren bitartez ateratzea gustatzen zait. Korapilatsuak izan daitezkeen gaiak lantzeko aukera ematen dit, umorearen bitartez. Aurten, urtarriletik aurrera, aktiboki jarrera edo ikuspuntu polarizatuagoa hartzea erabaki dut, kaña gehiago sartzea. Tentsioa mantendu nahian ibiltzen naiz, beti kritikotasun batetik, pentsamendu hutsetik urrunduz.

– Aktualitatea jarraitzea eskatuko dizun lana izango da.
Lagunak maiz erabiltzen ditut, euren bitartez herriko leku desberdinetan zer gertatzen ari den jakiten dut. Txutxumutxuak ez ezik, …eta kitto!-ko albisteak eta udaletxeko agenda ere asko erabiltzen ditut. Ekitaldi edo jai garrantzitsu baten bitartez agian zeozer esan ahal dut…

-Nondik datorkizu marrazteko zaletasuna?
Aita margolaria dut eta nik betidanik marraztu izan dut. Gainera, nire lanbidean oso garrantzitsua da. Marrazki bizidunak betidanik gustatu izan zaizkit. Komikia oso komunikazio-erreminta indartsua iruditzen zait. Unibertsitatean nengoen bitartean, Ainara Azpiazu ilustratzailearekin hasi nintzen ikasten. Orduan …eta kitto!-n horrelako zeozer egitea ondo egongo zela pentsatu nuen. Baina momentu hartan ez neukan gaitasunik. Enfoke bat behar duzu. Tira desberdinetan komikilari bakoitzak gaiak tratatzeko modu bat dauka –pertsonaia baten bitartez, beti aldatzen ari den egoera baten bidez, marrazki abstraktuak erabiliz, sasoi batera joanda–… Nire komunikatzeko modua garatu arte denbora bat pasatu zen. Bi-hiru urte eman nituen ikastaro hauetan marrazteko modu desberdinak ikasten. Marrazkia eta umorea lotzea beti gustatu zait. Kritika oso potoloak ikusten dira, eta hitzez esaten ez duzuna marrazkiaren bitartez esan dezakezu.

– Nolakoa da Tutulumendi?
Noizean behin, Tutulumendi ni bezalakoa dela esaten didate. Pertsona gazte-heldua da, gertatzen diren gauzak estereotipoetatik kanpo irten nahian interpretatzen dituena. Apur bat lasaia eta inuzentea, baina denbora guztian kutsu pikante hori atera nahian.

Tutuluendi 77-2

– Asier Masekin batera arkitektura-estudioa zabaldu duzu aurten Eibarren.
Arkitektura da nire bizitzako ardatz zentrala. Baina horrekin oso lotuta daude “Agenda 21”ean egiten dudan lana –lurraldearekiko ikuspegia ematen didalako– edo komikigile bezala egiten dudan “begirale” lana. Arkitektura ulertu behar da eskala guztietan lan egiten duen ofizio bat bezala, altzarigintzatik hasita hirigintzara. Ikasten zauden bitartean konturatzen zara hirien formen bitartez gizarteak eraldatzen direla, eta horrek bihurtzen zaitu begirale. Lurraldea antolatzeko modua eta gure gizarteko sektore desberdinen funtzionamendua guztiz lotuta daude. Eta guzti horretatik datorkit egurrarekiko pasioa.

– Izan ere, egurrezko egitura eta eraikuntzei buruzko masterra egin duzu.
Bai, eta ez nuen espero hainbeste gauza aurkitzea. Egurraren erabilerak hainbat onura dakartza: basogintza jasangarria, eraikuntza-prozesu garbi eta ez kutsatzailea… Historikoki gizakiak beti erabili izan duen materiala da egurra, baina azken 100 urteetan eten bat izan du. Dena dela, berreskuratu daiteke.

– Beraz, egurra aurkikuntza izan da zuretzat.
Egurraren frikia bihurtu naiz. Nazkatuta dauzkat ingurukoak. Mundu bat da: egur mota desberdinak bereiztea, zeintzuk dauden tratatuta eta zeintzuk ez, interbentzioak egokiak diren edo ez, pipia edo karkoma sartu den… denbora guztian azterketa lanean nabil eta, aldi berean, Alemania, Frantzia, Belgika eta Italia bezalako lekuetan dauden proiektuei begira. Ikasten duzu zer egur mota erabili diren egitura nagusirako, bigarren mailako egiturarako, egur bakoitzaren funtzioa… Ez da berdina haritza, pinua edo lizarra. Aurkikuntza hori mundu bat izan da eta denbora guztian nago ikasten.

– Estudioan zertan diharduzue orain?
Proiektu potolo bat daukagu eskuartean, termita arazoak daudelako eraikin horretan. Egitura osoaren azterketa sakona egin ondoren, egitura hori konpontzeko hartuko ditugun neurriak eta zer egingo den elementu guztiekin zeintzuk izango diren ondorioztatzen da. Gero, termitak eraikinetik botatzeko tratamendua enpresa espezializatuen esku lagatzen da. Ematen du ezetz, baina egurraren esparrua oso araututa dago. Karkomarekin edo pipiarekin egiturazko arazoa ez da hain potoloa izaten, baina termitarekin izugarria da, egurra barrutik jaten baitu. Eibarren termita asko dago, hezetasun asko dagoelako lur azpian eta eraikinek erdisotoak dauzkatelako. Hau kontrolatu egin behar da, eta udaletxean ere eskatzen ari gara. “Termiten mapa” delakoak kabien kokapena zehazten du, eta horien bitartez adituek hiri nukleoaren termitak hil egiten dituzte.

– Hartutako bideari jarraituko diozue?
Gure aldetik egurraren eta material jasangarrien erabilera sustatu nahi dugu. Jakinda munduko kutsaduraren heren bat eraikuntza eta etxeetatik datorrela, uste dugu horren aurrean jarrera trinko bat eduki behar dugula, eta aukeratzen dugun materialetan eta eraikuntza moduan badago ardura horren zati handi bat. Euskal Herriaren erdia baino gehiago basoa da, eta baso horretatik erdia baino gehiago pinua da. Oso potentzial handia daukagu. Egur hau altzariak edo egiturazko elementuak egiteko erabiltzen bada, askoz ere balio handiagoa emango diogu egur horri. Baina egur hori egiteko basoa ondo zaindu eta jakintza asko behar da. Jabe txiki pila bat dago eta horien gestioa ez da erraza. Baso-kudeaketa egoki batetik hasi behar da. Bide luzea dago hor egiteko.

– Aldi berean “Agenda 21-Jasangarritasunerako Hezi” proiektuan ere lan egiten duzu.
Agenda 21eko koordintzaile moduan dihardut Aitziber Kortazarrekin batera Debegesan. Nire lana otsailetik aurrera hasten da batez ere. Ikastetxeekin egutegia antolatzen dut eta ikastetxe eta udaleko zinegotzien artean bitartekari-lanak egiten ditut. Helburua maiatzean edo ekainean eskualdeko udaletxeetara proposamen batzuekin heltzea da, koerenteak eta ikasleek landutakoak. Debegesak 17 urte daramatza lan horretan. Belaunaldi oso bat atera da hondakinen kudeaketa, ura eta ibaiak, dibertsitatea, edo kontsumo eta ekoizpen arduratsuari buruzko ideia batzuekin. Gaur egun ideia sinpleak iruditzen zaizkigu, baina orain dela 20 urte ez ziren lantzen. Eskoletan lantzen diren ideia guzti horiek gero udaletxeetara eramaten dituzte, proposamen bihurtuta. Udalbatza batean aurkezten dira, eta Eibarren kasuan zinegotzien aurrean. Egiten diren proposamen guztietatik laurden bat aurrera doa. Funtzio sozial garrantzitsua dauka horrek. Ikasleek lan handia egiten dute, eta egia da Agenda 21ek ere moldatzen duela ikastetxeen funtzionatzeko modua. Hurrengo ikasturteko gaiak ekoizpen eta kontsumo arduratsua izango dira.

Idurre Iriondo2

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »