Iker Iraolagoitia, urpekaria: “Gero eta arrain gutxiago dago Kantauri itsasoan”

Iker Iraolagoitia, urpekaria: “Gero eta arrain gutxiago dago Kantauri itsasoan”
2019/09/15 18:56
eta kitto!
Milaka pertsonak bezala Donejakue Bidea egin dute udan Iker Iraolagoitia eibartarrak, Adolfo Rodriguez eta Nekane Fernandez bizkaitarrek eta Deva Prendes asturiarrak. Eurek egindako bidea, ordea, berezia izan da. Santiagua Bidea egin du laukoteak, hau da, urpeko Donejakue Bidea. Uztailaren 25ean, Done Jakue egunean, Hondarribian hasi zuten abentura eta abuztuaren 26an iritsi ziren Santiago de Compostelara. Etapa batzuk urpean eta beste batzuk oinez, bide berri bat zabaldu du laukoteak.

 

- Nolako abentura bizi izan duzue urpeko Donejakue Bidean?

Bikaina! Ez da oso gogorra izan, ni behintzat ondo prestatu naizelako, baina eguraldiaren eta itsasoaren egoeraren arabera ibiltzea izan da txarrena. Hasierako plana moldatu behar izan dugu eta urpean egin beharreko lau etapa atzeratu genituen. Lehen hamabost egunak nahiko luzeak egin zitzaizkidan, baina azkeneko hamarrak oso azkar pasatu dira.

- Nolako ibilbidea jarraitu duzue?

21 etapa egitea pentsatzen genuen eta horrela izan da. Urpean ez geundenean oinez ibiltzen ginen. Normalean ordu eta erdiz edo bi orduz urpean igeri egiten genuen eta gero beste bi orduz oinezean. Oinez egin beharreko ibilbidea nahiko ondo prestatu genuen eta urpekoa tokian tokiko urpekaritza zentroekin koordinatu genuen.

- Nola moldatzen zineten oinezko eta urpeko ibilbideak egiteko behar zenuten materiala garraiatzeko?

Lau lagun izan gara urpean eta oinez ibili garenak, baina beste lagun bat etorri da furgoneta batekin gure ekipoa garraiatzeko.

- Nola sortu zen Santiagua Bidea egiteko ideia?

Orain dela lau urte inguru Adolfori bururatu zitzaion ideia da. Donejakue Bidea egin zuen bikotearekin eta alabarekin, eta maitemindu egin zen. Orduan, ideia ona iruditu zitzaion Donejakue Bidea bere pasioarekin, urpekaritzarekin, uztartzea. Urpekaritza taldekoei bere asmoaren berri eman zigun eta niri ideia zoragarria iruditu zitzaidan, eta orain dela pare bat urte Santiagua Bideari forma ematen hasi ginen.

- Luzea egin zaizue prozesua?

Gogorra izan da. Gure ibilbidean monolito batzuk ezartzeko asmoa genuen, Donejakue Bidea dela zehazten duten gezi horia daramaten harriak, baina baimena behar da hori egiteko eta demaseko bueltak eman behar izan genituen. Urpean bi monolito jarri ditugu. Lurralde autonomikoetako portu zuzendaritzen ardurapean dago hori eta prozesu erraza izan da. Uretatik kanpo daudenak jartzeko, ordea, kostako aginpideekin egin behar genuen berba eta Kantauri itsasoko autonomia guztiek baiezkoa eman baziguten ere, eskaera Madrilera eraman zuten eta Gobernuak ezezkoa eman zigun. Kantauri itsasoko autonomiek eta, batez ere, Eusko Jaurlaritzak asko lagundu digute bide honetan, eta ur kanpoan monolito bat jartzeko aukera izan dugu.

- Non jarri dituzue monolitoak?

Urpekoak Santanderreko Mouro uhartean eta Getxoko portuan jarri ditugu, eta ur kanpokoa Getxoko kirol-portuan.

- Zenbat gehiago jarri nahi zenituzten?

Bost gehiago. Gure asmoa lortzeko lanean gabiltza, Gobernuaren ezezkoaren aurrean erreklamazioa aurkeztu genuelako.

- Esperientzia errepikatzeko asmoa duzue?

Lehenik eta behin esperientziaren balorazioa egin behar dugu. Zer irten den ondo eta zer ez, akatsak berriz ez errepikatzeko. Egindakoa legalizatzea izango litzateke hurrengo pausoa. Jende askok dena eman du proiektu hau gauzatzeko eta Donejakue Bidea urpean egiteko aukera eskura eduki nahi dute. Otsailean, adibidez, Bartzelonan izan ginen urpekaritza-azoka batean eta jendeari ideia bikaina iruditu zitzaion. Askok ez zekien Kantauri itsasoan urpekaritza egiteko aukera zegoenik ere. “Ez da oso iluna? Ura ez dago oso hotza?”, esaten ziguten. 2021. urtea Done Jakue urtea izango da eta ordurako dena prest edukitzea da gure asmoa. Azken finean bi ideia nagusi izan ditugu proiektu honekin: batetik, poliki-poliki itsasoa izorratzen ari garela jakinaraztea. Kantauri itsasoa zaindu nahi dugu. Adolfok 30 urte baino gehiagoko esperientzia du urpekari moduan eta berak esaten duenez lehen askoz ere arrain gehiago ikusten ziren Kantauri itsasoan. Kontzientzia piztu nahi dugu eta, ahal bada, erreserbak sustatzea; bestetik, Kantauri itsasoa urpekaritzarako toki bezala sustatzea nahi genuen, urpekaritzaren munduan nahiko ezezaguna delako. Santiagua Bidea Kantauri itsasoan bakarrik egin ahal da, Donejakue Bidea hortik pasatzen delako, eta turismoari dagokionez eskaintza zabaltzen du.

- Hasiera batean dirudiena baino proiektu handiagoa da Santiagua Bidea. Hasieratik ikusi duzue horrela?

Ez, baina proiektua prestatzen gindoazen heinean demaseko erakarpena izan zezakeela ikusi genuen. Urpekaritza zentroek ere gauza bera ikusi dute eta demaseko laguntza eskaini digute. Proiektuak aurrera egiten badu, eurentzat oso garrantzitsua izan daiteke.

- Zer aurkitu duzue ur azpian?

Kantauri itsasoa zikina dago, baina ez da hainbesterako. Mikroplastikoak aurkitu ditugu batez ere. Kontua da arrainek mikroplastikoak jaten dituztela eta guk arrainak jaten ditugula. Beraz, itsasoan gero eta arrain gutxiago badago, mikroplastiko gehiago egongo da. Ur azpiko garbiketa egiten dugu urtero eta plastiko kopuru handi xamarra ateratzen dugu, baina urpean zaudenean ez dira hainbeste plastiko zati handi ikusten. Arrain gutxi ikusi ditugu, gero eta gutxiago dagoelako Kantauri itsasoan.

- Nola antolatu zarete talde moduan? Bakoitzak eginkizun bat zuen?

Lanak banatzen genituen, baina denetarik egin dugu guztiok. Urpekaritza zentroetara deitu, argazkiak atera, bazkaria/afaria egin, materiala prestatu... Taldeko batek, gainera, espedizioaren irudiak grabatu ditu eta dokumental bat egiteko asmoa dugu. Oso ondo moldatu gara. Bi neska eta bi mutil izan gara, eta emakumeen artean urpekaritza sustatu nahi izan dugu, gutxiago ibiltzen direlako.

- Dokumentala noiz egongo da ikusgai?

Irudiak grabatu ditugu, baina lan handia dago egiteko oraindik eta ez da erraza. Dirua eta denbora behar da eta hor gabiltza, baina guretzat garrantzitsua da egin duguna ezagutzera ematea. Eibarko alkatearekin bildu naiz eta honen inguruan zer egin dezakegun ikusiko dugu. Eibarko Udalak asko lagundu digu, hainbat enpresek eta Klub Deportiboko urpekaritza saileko Javi Escuderok bezala, berari esker gauza asko egin ahal izan ditugulako.