Iñaki Iriondo, Gara egunkariko kazetaria: “Ideologia ezberdineko prentsa egon beharko litzateke”

Iñaki Iriondo, Gara egunkariko kazetaria: “Ideologia ezberdineko prentsa egon beharko litzateke”
ETA KITTO 2019, Ots 22

Gara egunkariak 20 urte bete zituen urtarrilaren 30ean, baina erredakzioan ez zegoen ospakizunetarako gogo handirik. Egin egunkariak Gizarte Segurantzarekin zuen zorra Garak ordaindu behar du Baltasar Garzon epailearen erabakiz eta Iñaki Soto zuzendariak Gizarte Segurantzarekin lortutako akordioaren berri eman zuen urteurren egunean. Datozen urteetan, sei hilabetero, milioi erdi euro ordaindu beharko dituzte 3 milioi ordaindu arte. Iñaki Iriondo Garako kazetari eibartarrak egunkariaren asmoak zeintzuk diren azaldu dizkigu.

 

– Nola egingo diozue aurre egoerari?

Euskal Herriko gizartearen eta gure komunitatearen inplikazioa eskatuz. Harpidetza-kanpaina jarri dugu martxan. 10.000 harpide lortu behar ditugu ekainaren 19rako eta bi urterako harpidetzak izan beharko dira. Hala ere, beste bide batzuk ere zabaldu ditugu. Azken egunetan ikusi da Garako azken orrialdean publizitate-solidarioa agertzen dela eta, bestetik, erakundeen babesa ere eskatu dugu. Prentsaren mundua krisi edo birmoldaketa batean dago gaur egun eta erakundeek zerbait egin dezaketela uste dugu; ez laguntza zuzenak emanez, baizik eta prentsaren mundua nola dagoen ikusiz eta zer egin dezaketen pentsatuz. Ideologia ezberdineko prentsa egon beharko litzateke.

– Erakundeen eta gizartearen babesa jaso duzue akordioaren berri eman ondoren?

Gizartearen babesa bai, 1.000 harpidetza lortu ditugu; erakundeekin berbetan dihardugu, baita aurretik ere; martxoaren 2an Donostiako Kursaalean bilera egiteko deialdia zabaldu da; eta orain arte harpidedunak izan direnei laguntza eskatu zaie boluntario bezala lan egiteko beste harpidetza batzuk jasotzen. Jende asko dabil laguntzeko zer egin dezaketen galdetuz.

– Nolakoak izan dira Gizarte Segurantzarekin izan dituzuen negoziaketak? Nolako prozesua izan da?

Egin itxi zutenean egunkaria. Gizarte Segurantzarekin zeukan zorra negoziatzen zebilen. Zorra enpresa aldetik egon da, langileen aldea ordainduta egon da beti. Egin itxi ondoren Garzonek zor hori Garari leporatzea erabaki zuen, ‘ondorengotza ideologikoa’ zegoela argudiatuz. Enpresa batek zorrak baditu, enpresa itxi eta beste toki batean beste izen batekin berriz zabaltzen bada, zor hori mantendu egingo zaio. Gure kasuan, ez da horrela izan. Egin itxi egin zuten eta gero jakin zen legez kontra itxi zutela; Gara ez zen diru berdinarekin sortu, jendearen ekarpenetik irten zelako egunkari berria egiteko dirua; ez zeuden enpresa ezta akzionista berberak egitasmoaren atzetik; eta Gizarte Segurantzako teknikoek ere horrela zela zioten. Garzon epailea Auzitegi Nazionaleko epailea zen, ez zuen epaitegi sozial edo lan-epaitegiekin zerikusirik, baina auto bat egin zuen Gizarte Segurantzak zorra Garari eskatzeko. Hamabost egunetan ordaintzeko epea eman ziguten, bestela egunkaria itxi egingo zutelako, eta enpresak ordainketa-etendura egitea erabaki zuen. Horrela jarraitu dugu hamabost urte. Klip bat erosteko ere administrazio judizialaren firma behar izan dugu; ezin izan dugu laguntzarik jaso; eta langile bat haurdun geratzen bazen, ezin izan genuen bere postua bete, adibidez. Azkenean, epaile aldaketa egon da eta egoerak horrela jarraitu ezin duela esan du. Beraz, Gizarte Segurantzarekin akordio batera iritsi gara eta, ondorioz, sei hilabetean behin milioi erdi euro ordaindu beharko ditugu.

– Zein sentsazio geratu zaizue akordioarekin?

Aurrera egiteko bidea lortu dugu akordioarekin.

– Proiektu honekiko edo kazetaritza deseroso baten aurkako jazarpen estrategia dagoela esango zenuke?

Argi dago. Egin itxi zutenean ikusi zen legez kontrakoa zela, baina aurretik ere gure atzetik zebiltzan. Guri zorra leporatu eta denbora gutxira Egunkaria itxi zuten. Hor ikusten da zein zen bidea.

– Proiektua arriskuan dago?

Bai, noski. Aurrera egin nahi dugu, baina zorra kitatu behar dugu eta ez da erraza izango.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »