IRATI JIMENEZ (energia aholkularia): “Munduko Bankuan nire bezeroak herrialdeak dira”

IRATI JIMENEZ (energia aholkularia): “Munduko Bankuan nire bezeroak herrialdeak dira”
ETA KITTO 2019, Urt 20

Irati Jimenez Dorronsoro eibartar gazteak urtebete darama Washington-en, Munduko Bankuan (MB) energia aholkulari bezala lanean. Munduko Bankuaren helburu nagusiak pobreziari aurre egitea eta hazkundea eta garapena bultzatzea dira, eta 2030. urterako muturreko pobrezia desagerrarazteko helburua ezarri zuen orain dela urte batzuk. Iratik gabonetako jaiak aprobetxatu ditu Eibarren aste batzuk egoteko, eta bere lanera bueltatu aurretik berarekin egoteko aukera izan dugu.

– 24 urte besterik ez dituzu eta urtebete daramazu Munduko Bankuan lanean. Nola iritsi zara horraino?
Ingeniaritza zibila ikasi nuen Donostiako Eskola Politeknikoan – lehengo Bide, Ubide eta Portuetako Ingeniaritza. Bigarren mailan nengoenean Koreara joateko beka bat irten zen hango kultura eta hizkuntza ikasteko. Han egon nintzen hilabetez. Laugarren mailan nengoenean berriro joan nintzen karrera amaitzera. Euskal Herrira bueltatzean, Enpresen Zuzendaritza eta Enpresak Nazioartekotzeko masterra egiten nengoela, Eusko Jaurlaritzak ateratzen duen Beint Nazioartekotzeko beka-programan hasi nintzen. Programa honen xedea unibertsitateko tituludun gazteak nazioartekotzean trebatzea da. Horretan nengoela Munduko Bankuan ingeniero plaza atera zen. Aurkeztu egin nintzen eta hartu egin ninduten. Zorte handia izan nuen. Uste dut Korean egotea lagungarria izan zela lan hori lortzeko.

– 189 herrialdek osatzen dute Munduko Bankua eta Nazio Batuen baitan dago. 170 herrialde desberdinetako langileak ditu eta bulegoak 130 herrialdetan. Nola azalduko zenuke bere zeregina, labur bada ere?
Munduko Bankuan 5 erakunde desberdin daude, eta ni “Banco Internacional de Reconstrucción y Fomento” (BIRF) delakoan nago. BIRF-ek herrialdeei prestamoak edo maileguak eta aholkularitza eskaintzen dizkie, pobrezia txikitzeko asmoz eta hazkuntza jasangarriaren onurak pertsona guztiengana zabaltzeko xedearekin. Horren barruan The International Development Association (IDA) dago. Entitate horrek herrialde pobreenekin egiten du lan. Herrialde hauek ez dituzte prestamoen interesak ordaintzen, edo ordaintzekotan oso baxuak izaten dira. 75 herrialdez hitz egiten ari gara, eta horietatik 39 Afrikan daude. Donazioak ere egiten zaizkie txiroenei.

– Zein da zure lana?
Nire lanaren ardatza Latinoamerika eta Karibeko herrialdeetan dago, eta hor dago Haiti, lehen apaitzen genuen munduko herrialde pobreenetako bat. Mexiko, Brasil, Argentina edo Costa Rica bezalako herrialdeekin ari naiz lanean. Lan teknikoa eta finantzieroa egiten dut. Esate baterako, ikusi dugu hondamendi natural bat gertatuz gero, Puerto Ricon gertatu zen bazala, energia kontuetan ez daudela prestatuta, eta horren inguruko ikerketa egin dut, arlo horretan nolako beharrak dauden ezagutzeko eta proiektuak aurrera eramateko dirua nondik lortu dezakegun jakiteko.

– Beraz, proiektuentzako diru-iturriak bilatzea da zure lanetako bat.
Banku Mundialak diru mordoa mugitzen du. Bere aurrekontua herrialde garatuetatik dator, baina ez da nahikoa proiektuak finantzatzeko. Beste fondo batzuetatik ere hartzen dugu dirua. Fondo asko daude, nik uste nuena baino azkoz gehiago, eta nire lana, alde batetik, fondo desberdinetatik dirua lortzea da. Horietaz aparte, Banco Interamericano de Desarrollo eta Banco de Desarrollo del Caribe daude, eta Kanadak adibidez diru pila bat ematen du. Hori guztia ondo aztertu eta plasmatu egin behar da.

– Dirua lortu ondoren, beraz, lan teknikoa dator?
Hori da. Proiektu guztia guk lantzen dugu: ikerketa, bideragarritasuna, inplementazioa… Momentu honetan ditudan proiektuak elektrizitatearekin, aldaketa klimatikoarekin edo geotermiarekin lotuta daude. Proiektu guztiek ingurugiro kontrol zorrotzak pasatu behar dituzte. Nikaraguan planta geotermikoa prestatzen hasi ginenean, esate baterako, erreserba ez zen lekua aukeratu genuen. Energia aholkulari moduan nago lanean, baina laster aldaketa klimatikoko enbaxadore moduan hasiko naiz. Hori borondatezko lana izango da, baina nire lanerako oso ondo datorkit.

– Jende asko ezagutzeko aukera izan duzu?
Hau enpresa oso handia da eta nire bezeroak herrialdeak dira. Hori dela eta, goi mailako agintariekin egoten naiz, askotan ministro edo presidenteekin. Kontratuak
negoziatzen denbora asko ematen dugu elkarrekin.

– Nolakoak dira tratuan?
Bazkaltzera edo kafetxo bat hartzera joaten garenean solasaldiak oso normalak izaten dira. Gauza arruntez egiten dugu berba, laneko gauzak alde batera utzita. Denoi gustatzen zaigu deskonektatzea. Anekdota moduan, behin Espainiako erregea etorri zitzaigun bisitan, Trumpekin egotera etorri zenean, eta Borrelekin ere egon naiz. Asociación de Científicos Españoles delakoan hitzaldi bat eman nuen eta han Espainiko enbaxadorea ezagutu nuen. Bere emaztea euskalduna da. Oso jatorrak dira eta askotan etortzen dira hona.

– Desberdina da lan egiteko modua?
Washington munduko networking sare handiena da. Kontaktuak etengabe egiten dira, eta ohikoa da zure txartela poltsikoan eramatea eta bata eta bestearekin geratzea kafetxo bat hartzeko. Ordutegi aldetik malgutasun handia dago. Ez dago lanera sartzeko edo irteteko ordutegirik. Egun librea hartzen badut edo etxetik lan egitea erabakitzen badut, ez da ezer geratzen. Hori bai, nire lana egin behar dut, bestela ez dago dirurik, eta gaixotzen bazara han ez dago bajarik eta horrelakorik. Eta beti egon behar naiz “konektatuta”. Horregatik etorri naiz hilabete hona. Bestela, ezinezkoa litzateke. Bestalde, lehen ez neukan munduan gertatzen diren arazoei buruzko kontzientzia edo ez nuen arreta handia jartzen. Orain, esnatzen naizenean, lehenengo gauza, informazioa jasotzea izaten da.

– Nola eramaten da etxetik hain urruti egotea?
Hasieran negar pila bat egin nuen. Txarto pasatu nuen. Hizkuntzarekin ere bai. Guk dakigun ingelesa hemen ikasitakoa da, eta txinatar batek ikasitakoa Txinakoa. Gero aldaketa kulturala dago. Egia esan, Korean bizitzeak asko erakutsi zidan: ez zen erraza izan, baina asko balio izan dit gerorako. Dena dela, pozik nago asko ikasi dudalako, aldaketa klimatikoari buruzko Parisko akordioaren inguruko detaile guztiak, esaterako.

– Banku Mundiala oso urruti gelditzen zaigu. Horrelako leku batean lan egitea espero zenuen?
Ez, eta burutik pasatu ere ez. Irudia ez da oso ona eta izakera gogorra izan behar duzu gauzei nola aurre egin jakiteko. Zezena adarretatik hartu behar duzu, bestela Banku Mundialak norbera irensteko arriskua dago. “Nik hau aurrera eramango dut” pentsatu behar duzu. Bestela, benetan zaila da. Herrialde desberdinetako jendearekin egon behar duzu -tratua nire partetik denekin iguala da-, ahalmena eduki behar duzu zenbat proiektu dituzun jakiteko, mentalki antolatzeko, bakoitza zein fasetan dagoen jakiteko… Zailtasunak zailtasun, oso gustora nago eta beti izan dut etxekoen laguntza. Hori ere oso garrantzitsua da. Eurek animatu naute beti aurrera egitera.
Irati Jimenez2

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »