Juan Jose Flores: “Galizian egiten den musika ezagutzera emateko jaialdia da”

Juan Jose Flores: “Galizian egiten den musika ezagutzera emateko jaialdia da”
2021/10/22 eta kitto!
Gaur eta bihar egingo da Galizia Eibarren, As Burgas Eibarko Galiziako Etxeak eta Udalak antolatutako folk musika jaialdia. Gaur 20:00etan Tor eta gonbidatuek “Folk Céltico da Galiza” CD berriaren aurkezpena egingo dute Coliseoan eta bihar Astarot heavy-folk taldekoak arituko dira Errebal Plazia eraikinean, 20:00etan hasita.

- Nolatan bururatu zaizue horrelako jaialdia antolatzea? Ekimena berria da zuentzat, ezta?

Pandemia dela eta, azken 18 hilabeteak ezer antolatu barik egon gara, beste asko bezala, eta Galiziako Etxekoak ere zerbait egin ahal izateko irrikitan geunden. Talde bat ekartzeko aukera suertatu zitzaigun eta, Kultura Sailekoekin berba egitera joan eta bigarren kontzertu bat egiteko aukera zegoela ikusi genuenean, ez genuen birritan pentsatu beharrik izan.

- Zeintzuk dira jaialdian parte hartuko duten taldeak?

Galiziatik datoz biak eta hango kulturari lotutako musika egiten dute, bakoitzak bere estiloarekin. Lehenagotik ezagutzen dut nik Tor eta talde honek instrumentu bereziak erabiltzen ditu folk estiloko musika egiteko. Gainera, kontzertuan Pancho Alvarez (biolina), mul- tinstrumentista ezaguna eta Angel Ruiz (banjoa), Overseas banjoko munduko txapelduna Nashvillen (2004) arituko dira taldearekin batera, beste kolaboratzaile batzuez gain. Eta Os Galaicos As Burgas Eibarko Galiziako Etxeko Taldeak ere hartuko du parte. Sarrerak 5 euro balio du eta jende asko joatea espero dugu. Eta bihar Astarot taldearen txanda izango da. Gainera Errebal Plazia eraikinean izango da kontzertua eta oso pozik gaude, bide batez kultur ekitaldietarako toki berri horri bizitza ematen laguntza emateko aukera izango dugulako. Biharko kontzerturako ez da sarrerarik ordaindu behar, baina aurretik gonbidapena jaso beharra dago.

- Pandemia eta gero, gaurkoa izango da lehen saioa Os Galaicos taldearentzat, ezta?

Bai, hala da. Ilusio handia daukate, baina hasieran beldur pixka bat ere izan genuen, 18 hilabete hauetan ezin izan dutelako entsegurik egin. Gainera, Galiziatik etorri den irakasle berria daukate, baina berak esan duenez prest daude taula gainera igo eta dantzan aritzeko. Gogotsu daude, gainera. Bestela, azken bi urteotan ezin izan duzue jairik ospatu... Egia da jendeak gehien ezagutzen duena gure jaia, Dia das Letras Galegas dela, baina hortik kanpora ere urtean beste bizpahiru jarduera antolatu ohi ditugu, besteak beste laster ospatuko ditugun Magostoak, Gaztaiñerreren pareko jaia. Eta aurten bai, azaroaren 6an ospatuko dugu gaztainaren inguruan antolatzen dugun jaia.

- Estreinekoz antolatu duzuen jaialdia ere zuen urteroko agenda osatzera pasatuko da?

Espero dugu jendeak ondo erantzutea eta kontzertuak arrakastatsuak izatea. Gainera, gure jaietan aritzen diren orkestra handi horietatik kanpora Galizian egiten den musika hemen ezagutzera emateko aukera bikaina emango du jaialdiak. Galiziako Etxean urteak daramatzagu jaietan ere horrelako talderen bat ekartzeko aukerari bueltak ematen, baina ez gara ausartu, dantzarako musika eskaintzen duten taldeek beti izaten dutelako arrakasta. Baina publikoak ondo erantzuten badu, agian horrelako emanaldi gehiago antolatu daitezke, jende gaztea erakartzeko.