“Lan asko egin dut nire bizitza osoan, oso langilea izan naiz” Fernando Irusta

“Lan asko egin dut nire bizitza osoan, oso langilea izan naiz” Fernando Irusta
2021/04/29 eta kitto!

Fernando Irusta, gitarra-jotzaile eibartarra


Erretiratu berri den gitarra-jotzaile eibartarra da Fernando Irusta. Ibilbide luzea egin du bai profesionalki eta baita pertsonalki ere bere bizitza osoan. Zortzi urtean zehar egon zen Valladolideko “Hermanos de San Juan de Dios” eskolan barneko ikasle, bere beharretara egokitzen zen hezkuntza jasotzen. Eibarrera bueltatu zenean ekin zion gitarra ikasteari eta lanari.

-Nondik datorkizu musikarekiko, eta, batez ere, gitarrarekiko zaletasuna?

16 urte nituela hasi nintzen gitarra jotzen. Hasiera batean, nire kontura, “txapuzillak” egiten nituen musika tresnarekin, eta akorde batzuk ikasteko gai izan nintzen. Ondoren, eskolan fraideek bi aukera eman zizkiguten: judoa, batetik, eta gitarra, bestetik. Nik ez nuen zalantzarik izan, eta musikaren arloa hautatu nuen. Gitarrako oinarrizko ezagutza lortu nuenean, kontzertu eta festibaletan jotzen hasi nintzen.

-Nola garatu duzu zure arlo profesionala gitarra jole moduan?

Valladolideko eskolan nengoela egin nituen gitarrarekin lehen urratsak, baina Eibarrera bueltatu nintzenean hasi nuen benetan gitarrarekiko ikaskuntza. Nire lehen irakaslea “Segales” izan zen, Isasin bizi zen gizona; ondoren, Txikito de Eibar kaleko beste irakasle batekin eman nituen  urte batzuk; handik, Urkiko etxeetara mugitu nintzen, “Garate” irakaslearengana; azkenik, Errebal kalean zegoen Musika Eskolan hasi nintzen; eta, lekuz aldatu zenean, Portaleko eskolan egon nintzen 10 urtean, Ana Caballero irakaslearekin. Gaur egun, Untzagako jubiletxeko gitarra taldean nago.

-Eibarko Musika Eskolako Mariachi taldeko kide izan zara.

Orain dela lau urte desagertu zen taldea, eta sekulako pena sentitu nuen, oso gustura ibiltzen nintzelako bertan musikaz gozatzen. Musikariak poliki-poliki taldea uzten hasi ziren; batzuk Eibartik kanpo bizitzera joan zirelako, eta beste batzuk, aldiz, lanean hasi eta denbora faltagatik.

-Urte askoan egin duzu lan erretiratu aurretik, ezta?

Eibarrera bueltatu eta nire aitaren tailerreko biltegian ibili nintzen kaxak grapatzen 33 urtean, eta, ondoren, Soraluzeko Gol enpresara bidali ninduten. Lan asko egin dut nire bizitza osoan, oso langilea izan naiz.

-Zein da zure egunerokoa?

Astea ondo planifikatuta daukat, nire zeregin guztiak egin ahal izateko. Jubiletxean gitarra ikasteaz gain, matematikako eta lengoaiko klaseetara ere joaten naiz, eta etxerako lanak bidaltzen dizkigute. Beraz, arratsaldero bidalitakoak egiten ditut: astelehenetan errepaso eguna izaten dut; martitzenetan gitarrako klasea prestatzen dut; eguaztenetan matematikako ariketak egiten ditut; eguenetan falta zaizkidan etxerako lanak amaitzen ditut, eta, barixakua libre izaten dut. Horrez gain, goizetan ibiltzera irteten naiz, normalean Txonta-Urki bidea egiten dut.

-Zer egiten duzu zure denbora librean?

Ahal dudanean nire anaiaren etxera joaten naiz Donostiara bisitan, asko gustatzen zait plan hori: pasioak eman hiriburuko kaleetatik, hondartza ondotik, terraza batean zerbait hartu… Eibarren geratzen naizenean, nire lagunak diren Iñigo eta Ignaziorekin elkartu eta plan ezberdinak egiten ditugu: Unbera oinez igo, Elgoibarreraino bidegorrian joan, Dos de Mayo kalean tortila-pintxoak jan… Oporretan hirurok batera joan ohi gara Errioxako Santo Domingo herrira.Horrez gain, egunero joaten naiz arratsaldeko 7etako mezara laguntzera.

-Futbolzalea zara? Nola ikusten duzu Eibarko FT egun?

Asko gustatzen zait Eibarko partiduak ikustera joatea Ipuruako zelaira. Duela gutxi proposamena jaso dut Atzegi Elkartetik. Izan ere, “peña” moduko bat sortuko da ezgaitasuna duten gazteen taldea animatzeko (Eibarko Liga Genuinea), eta ni talde horretan egotea nahi dute. Oso pozik nago jasotako proposamenarekin. Nahiago dut egungo egoerari buruz ez hitz egin, egoera txarrean gaude eta. Denok daukagu salbatuko den itxaropena, baina…. Zaila ikusten dut.