Lutxo Egia, idazlea: “Euskaraldiak ahalduntze bat ekarri behar du”

Lutxo Egia, idazlea: “Euskaraldiak ahalduntze bat ekarri behar du”
2018, Ira 21

Ahobizi, Belarriprest edo Bihotzgoxo, hizkuntza ohiturak astindu eta euskaraz bizitzeko urratsak ematea da azaroaren 23tik abenduaren 3ra egingo den Euskaraldiaren helburura. Giroa berotzeko, Eibarren Akebai plataformak hamaika hitzaldi, tertulia edo mahainguru eskaintzeko egitasmoa jarri zuen martxan, ‘Hamaika Berbaldi’, eta Lutxo Egia izango da hurrengo gonbidatua, irailaren 26an, 19:00etan, Indianokua Gaztelekuan. Egiak Euskaraldiak proposatzen duen antzeko ekimena gauzatu zuen 2015ean eta horren berri emango digu hitzaldian.

 

– Hilabetez egon zinen Bilbon hizkuntza hegemonikoa (hau da, gaztelera) erabili gabe. Zein izan zen performance hori egitearen arrazoia? Nondik abiatu zen?

Hizkuntzetatik sortzen diren identitateei buruz hausnartzea izan zen abiapuntua. Arte ekintza moduan planteatu nuen hasieratik eta hiru pausu zehaztu nituen. Lehenik, hausnarketa teorikoa; bigarrenik, ekintza performatibo bat inprobisazioarekin; eta hirugarrenik, ondorioak. Galdera batzuetatik abiatzen nintzen oro har. Alegia, zerk egiten gaituen euskaldun; egiazki euskaldunak ote garen; zer den euskalduna izatea; euskaldunok beste kategorizazio bat ote garen; edo 24 orduz euskaraz bizi ezin bagara, egiazki zer ote garen gu. Zirikatze hartatik praktika batzuk jarri nituen martxan.

– Galdera horiek erantzunik izan zuten?

Planteatutakoa martxan jartzeko subjektu teoriko bat asmatu nuen, hilabete osoan egunero 24 orduz euskaraz bizitzeko gai zena, erdaldun bat erderaz bizi den moduan. Beste ‘ni’ bat jarri nuen martxan eta eguneroko harremanak aldatu ziren. Lehengo oreka, ezinbestean, desoreka bilakatzen da edo oreka berriak sortzen dira.

– Nolako egoerak bizi izan zenituen hilabete horretan zehar?

Desoreka asko sortu ziren nire inguruan. Arau soziala apurtzen duzun unean ezohiko eraginak sorrarazten dituzu, batzuk positiboak eta beste batzuk negatiboak. Euskararekin konpontzen ez duguna erderarekin konpontzen dugu. Lehen berba euskaraz egin eta ulertzen ez badigute, erdarara jotzen dugu. Nire performancean, ordea, nire bigarren berba euskaraz egiten nuen eta horrek hamaika zigor sozial aktibatu zituen. Izan ere, eroso bizi gara, isilezko paktu batekin, euskaraz ulertzen ez badigute, erdarara jotzeko.

– Harritu zintuen zerbait aurkitu zenuen performance horrekin?

Euskaldunok erdaldunei hitza ukatzen diegula ikusi nuen, batez ere etorri berriei. Hizkuntzarekin askoz hobeto jokatzen ikasi nuen. Mostradorean hegoamerikar bat dagoen establezimendu batean sartu naiteke eta nire lehen hitza ez da zertan erdarazkoa izan behar, nahiz eta berak euskaraz ez dakiela somatzen dudan. Ba performancean ezusteko batzuk eraman nituen euskaraz egin eta besteek ulertzen zidatela ikusterakoan. Aurreiritziak ezabatzeko modua da. Hitza eman behar dugu beti eta, bestela, badaude formak elkar ulertzeko. Ideien mailan sendotze bat ekarri zidan performanceak eta Euskaraldiak hori ekarri behar du, ahalduntze bat. Horrek gure jarrerei eragingo die eta gure jarrerek ohiturei.

– Euskaraldian milaka pertsonek parte hartzea espero da. Zure performancearen antzekoa izanik, zein ondorio ekarri ditzake?

Nik egindakoarekin aldeak daude. Hamaika egun izango dira, gaztelera erabili ahal izango da eta euskaldunekin elkar eragingo da batez ere. Bestetik, Euskaraldiak ere hiru fase ditu: hausnarketa teorikoa (orain egiten ari garena), hamaika eguneko praktika eta, niretzat garrantzitsuena dena, norberak bizi izandako esperientzia horretatik ateratako ondorioak partekatzea. Ondorioak ideien mailan sendotzeko eta gure jarreretan eragiteko baliagarria badira, ekimena arrakastatsua izan dela esango nuke. Hau ez dator hiztun komunitatea salbatzera, baina interesgarria izan daiteke.

– Euskal Herrian euskaraz bizi daiteke?

Euskaraz bakarrik ezin da bizi, ez behintzat gaztelaniar bat gazteleraz edo frantziar bat frantsesez bizi diren bezala. Baina harago joan gaitezke eta Euskaraldiak hori ekarri nahi du, behartzea, gure jarrera eta jokabideak hobetzea.

 

Argazkia: Marisol Ramirez – Argazki Press

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »