Maite Darceles: "Fikzioaren bidea eraiki dut egungo gizarteari kritika egiteko"

Maite Darceles: "Fikzioaren bidea eraiki dut egungo gizarteari kritika egiteko"
2019/02/05 eta kitto!
Maite Darceles (Hondarribia, 1970) Eibarko Juan San Martin liburutegian egongo da datorren martitzenen, Harixa Emoten irakurketa taldearen aurrean “Bihotzean daramagun mundua” bere lehen eleberria aurkezten. XXI. mendeko bigarren erdialdean kokatu du Darcelesek eleberria. Liburuan gizarte distopiko bat irudikatu du, zeinetan denak aurrez-finkaturiko gidoi bati jarraitzen dion, sentimenduak erosten diren esperientziengatik ordezkatzeraino. Panorama ilun horretan, esperantzarako izpi bat ikusten du idazleak, badirelako beste gizarte bat amesten dutenak.

- Aurretik saiakera bat daukazu idatzita eta hauxe zure lehenengo eleberria da (Alberdaniak argitaratua).  Zer dela eta aukeratu duzu fikzioa?
Gaur egungo gizarteari kritika egin nahi nion, eta zergatik ez fikzioari bidea irekitzea? Fikzioa eta gizarteari kritika, bi gauza horiek uztartzeko modua nola egin zitekeen ikusi nuenenean hasi zen ideia hau borobiltzen. Hori zen nire asmoa, muturrera eramanez oraingo zenbait joera, kontzientzia hartzea zer egiten ari garen, azaldu gure bizimoduan txertatuta dauden joera batzuk, larriak edo kezkagarriak izan daitezkeenak.

- Etorkizunera bidaiatu duzu, XXI. mendeko bigarren erdialdera. Zer gertatzen da orduan?
Teknologia aurrera egiten ari da etengabe. Hemendik hamar urtetara gure eguneroko bizitzan imajinatzen ez ditugun gauzak egongo dira. Orain ez dauzkagun gauzak agertzen dira liburuan. Gizarte-mailan oso elementu inbolutiboak daude, atzera egin duten gauzak, eta hori da agerian jarri nahi dena, zeren gainean dagoen eraikita gizarte hori. Liburua aurrera egiten duzun heinean deskubritzen joaten zara benetan  zer dagoen guzti horren atzean. Sistemak lortu du pertsonak guztiz otsanak, sumisoak izatea eta lortu du, adibidez, irakurketa  guztiz batertzea garai horretan. Ez dago literaturarik, ez dago libururik… Lortu da jendeak ez galdetzea, ez kuestionatzea, eta horren ondorioz bizi dira azaleko bizimodu horretan.

- Lorea da protagonista nagusia, jakinmin handia eta ikerlari sena duen gaztea. Dena programatuta dagoen munduan bizi da, baina ia ohartu gabe, beste mundu bat badela aurkitzen du.  Beraz, badago esperantza izpi bat gizarte horretan?
Hori transmititu nahi izan dut. Ez nuen liburu apokaliptiko bat egitea nahi. Esperantza duen pertsona bat naiz ni. Garrantzitsua da ulertzea esperantza izateko ekimen kolektiboak behar ditugula. Gizarteak eramaten gaitu askotan pentsatzera bakoitzak bere bidea hartu behar duela, bere kabuz bidea egin, baina horrela ez dugu lortuko gauza handirik aldatzea.