Maitena Urberuaga odontologoa: “Rafael Aranda bezalakoen memoria ezin da galdu”

Maitena Urberuaga odontologoa: “Rafael Aranda bezalakoen memoria ezin da galdu”
ETA KITTO 2018, Urr 21

Lanbidez dentista den Maitena Urberuaga mediku eta odontologoak  “Análisis historiográfico de la Odontología en Gipuzkoa en el siglo XX” tesiaren aurkezpena egin zuen uda aurretik Salamancako Unibertsitatean. Izatez lekeitiarra da,  baina 23 urte daramatza Eibarren bizitzen. Bere lanean lehenago hasi bazen ere, orain dela 17 urte zabaldu zuen Blas Etxebarria kalean daukan hortz-klinika. Horretaz gain,  Eibarko Anbulatorioan ere egiten du lan haginlari moduan. 

– Kontsulta pribatuan eta Anbulategian egiten duzu lan. Horretaz gain, zure lanarekin zerikusia daukaten mila saltsatan sartuta ibiltzen zara.
Nire lanetik aparte, beti gustatu zait dibulgazio lanetan jardutea, aldizkari zientifikoetan artikuloak argitaratzea, kongresuetan lanak aurkeztea, ikastaroak ematea… Mendaroko ospitalean orain dela 5 urte antolatzen ditugun jardunaldietan, estatu eta nazioarte mailako hizlariak ekartzen ditugu. Datorren urtekoa martxoaren 15ean izango da eta, berritasun moduan, Eibarko ospital berrian izango dela esan daiteke. Goi mailako hizlariak ekartzen ditugu eta  beti izan dira oso jardunaldi arrakastatsuak.

– Hainbeste gauzarekin, nola animatu zinen tesi doktorala egitera?
Aukera bat sortu zitzaidan. Oso zaila izaten da gaia aukeratzea. Bizkaia eta Arabako dentistei buruz badago zerbait idatzita, baina ez Gipuzkoakoei buruz. Zer aurkituko nuen jakin barik hasi nintzen ikertzen. Gipuzkoako artxibo guztietan ibili naiz eta zerbait aurkitu dudala esan dezaket. Urte bi egon naiz burubelarri tesia lantzen eta uztailaren 5ean aurkeztu nuen Salamancako Unibertsitatean. Esan beharra daukat Gipuzkoan aberastasun itzela daukagula artxiboetan, eta Eibarko artxiboko Yolanda Ruiz aipatu nahiko nuke. Oso ondo antolatuta dauka dena eta esfortzu handia egiten du laguntzeko.


– Zer da zehazki ikertu duzuna?
Gipuzkoako sasoi nahiko luzea aztertu dut, XIX. mendeko azken urteetatik XX. mendeko 70. hamarkadara arte. Zelan sortu zen Odontologoen Kolegioa edo Elkargoa, nolakoak izan ziren lehenengo kolegiatuak, zeintzuk ziren euren kezkak… Eta zentzu honetan, dentisten arduretako bat pobreak zirela esan beharra dago. Sasoi hartako odontologoei buruz gauzak topatzea zaila da: herri bakoitzak medikua, praktikantea, albaitaria eta, batzuetan, matrona zeukan kontratauta. Baina odontologoak ez dira inon agertzen. Odontologia beti medikuntzaren atzetik joan da eta intrusismo handia egon da estatu mailan eta baita atzerrian ere. Jende desegokia ibili da arlo honetan (kuranderoak, sakamuelasak, barberoak…). 1875an “zirujano dentista” titulazioa sortu zen eta 1901ean heldu zen odontologia unibertsitatera, baina aurretik medikuntza egin behar zen. Ondoren, titulazio horrek aldaketa asko izan ditu eta gaur egun lizentziatura edo odontologia gradoa dago; beraz, ez da zertan medikua izan behar. Odontologoen Elkargoa ere nahiko berandu iritsi zen, 1930ean. Eta hori lagungarria izan zen intrusismotik babesteko, arauak jartzeko, lanbide hau goratzeko eta profesionalei babesa emateko (garai hartan odontologo asko pobrezian hiltzen ziren).


– Zer aurkitu duzu gure herriari buruz? 
Eibarren agertu diren datuei dagokienez, nik ez dut aparteko gauzarik egin: gordeta zegoen informazioa kanpora atera dut. 1911an zirujano dentista bik euren burua eskaini zioten Udalari pobreak zaintzeko: Remigio Guimón eta  Luis Meléndez. Luis Melendez Bilbotik etorri zen eta Remigio Guimón Bergaratik. Azken hau Eibarko alkatea izan zen.  Garai hartan ez zegoen babes publikorik, gaur egun Osakidetza moduan ezagutzen duguna. Udalak txiroen zerrenda egiten zuen, eta Diputazioak emandako dirua “pobreen karneta” zutenen artean banatzen zuen,  medikuen zerbitzuak eta botikak ordain zitzaten. Sasoi hartako gizartea nolakoa zen pentsatu behar dugu: baserri giroa, elikadura nahiko txarra, klima gogorra eta gaixotasun asko. Umezurtz asko zegoen, eta emakume asko bakarrik geratzen ziren seme-alabekin. Odontologo munizipalaren figura ez zen existitzen, eta, horrexegatik, sasoi hartako dentistek borondatez zaintzen zituzten pobrezian bizi ziren haiek. Lan hori euren kontsulta pribatuetan eta euren materialarekin egiten zuten. Hau Gipuzkoa osoan gertatzen zela ikusi dut (Irunen, Tolosan, Azpeitin, Oñatin, Bergaran, Zumarragan, Errenterian…).


– Eibarren, errepublikaren sasoian odontologo munizipalaren figura sortu zen eta hor azpimarratzekoa da Eibarren oso ezaguna izan zen eta oraindik batzuk ondo gogoratzen duten Rafael Aranda Marcuello. 
Donostia (1917) eta Eibar (1934) izan ziren odontologo munizipala oposaketa bitartez eduki zuten herri bakarrak. Bigarren Errepublikan, jakina denez, gogo handia egon zen osasunaren eta hezkuntzaren alorretan gauzak ondo egiteko. Eibarren udal lanpostu horren sorrera bultzatu zuten zenbait pertsona izan ziren, eta horietako bat Rafael Aranda Marcuello izan zen. Madrilen jaio zen, Union Republicana alderdikoa zen eta Remigio Guimónen kontsulta erosi zuen 1932an. Rafael Arandak Estaziño kalean izan zuen lehen kontsulta. Prestakuntza handiko odontologoa zen, eta 1934an Eibarren sortu zen udal plaza berarentzako izan zen. Lanpostu horren oinarrietan azaltzen zen pobreak atenditu behar zituela, langabezian zeudenak, eskoletako umeak eguen eta zapatuetan, mojen konbentura joan behar zen, turberkulosoen ospitala zen bere beste arduretako bat… Ahoko osasunari buruz arduratu zen beste mediku bat aipatu nahiko nuke baita ere, Niceto Muguruza. Antxon Narbaizak Muguruzatarrei buruz idatzitako liburuan irakurri dudanez, Niceto Muguruza Eibarko osasun laborategiko burua izan zen eta Academia de Ciencias Médicas-ek ematen zuen sari bat irabazi zuen, umeen ahoko higieneari buruzko lanarekin.

Rafael Aranda dentistak Estaziño kalean zabaldu zuen bere kontsulta 1932an eta oso ezaguna izan zen Eibarren.

Rafael Aranda dentistak Estaziño kalean zabaldu zuen bere kontsulta 1932an eta oso ezaguna izan zen Eibarren.

– Nolakoa zen Rafael Aranda?
Aipatu dugun lanaz aparte, Errepublika garai hartan osasunari buruzko hitzaldi dibulgatiboak ematen zituen Kruzetaren antzokian eta Klub Deportiboan, beste mediku batzuekin batera. Gerra iritsi zen eta sei urtera kondenatu zuten. Irten zenean  lanpostua kendu zioten eta 1950ean berreskuratu zuen, baina dirua ez ziotela bueltatuko esanez. Gipuzkoako Elkargoan ere inhabilitatu egin zuten. Kartzelatik oso makalduta atera zen. 1970era arte egon zen lanean. Bere lanari buruz ez zaigu ezer gelditu. Kartzelan egon zen denboran bere etxea sakeatua izan zelako eta Eibarko Udaletxea eta artxiboa erre egin zituztelako. Pena da, baina ziur nago bere lana oso interesgarria izango litzatekeela. 1970ean, lan egiteari utzi zionean, bere liburutegi pribatuko liburu guztiak Elkargora eraman zituen  eta han daude orain, Donostian.


– Ikusten denez, Eibarren lan handia egin zuen gizona izan zen Aranda dentista.
Eibarrentzat lan ikaragarria egin zuen. Bere kontsultako denbora eskaintzeaz gain, esan beharra dago udal lanposturako gauza asko ordaindu zituela bere poltsikotik, esate baterako, X izpiko aparatu bat. Horrelako pertsonen memoria ezin da galdu. Rafael Arandaren eskuetatik pasatutako paziente asko ditut nik, eta denek gizon jatorra eta zintzoa zela esaten dute. Pertsona ona, apala, eta nik ikusi ditudan lanak oso ondo egindakoak dira. Oso argi zeukan zer egin behar zen eta zer ez, eta oso leiala zen bere idealekin. Eibarko emakume batekin egon zen ezkonduta. Lana utzi ondoren Bilbora joan zen bizitzera eta bere alaba han bizi da. Hemen, Eibarren, iloba politiko bat dauka.


– Informazio-iturriak zeintzuk izan dira? Lan gogorra izan da?
Gehienbat Euskal  Herri osoko artxiboak izan dira, Eibarkoa barne, eta ondoren hemeroteketako aldizkari eta egunkariak, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialak, Eibarko Juan San Martin liburutegiko boletinak…. Ikerketa hauek nahiko astunak izaten dira eta, azkenean, zure barruruntz egiten duzun ikerketa bihurtzen da. Bide bat hasten duzu nora helduko zaren jakin gabe, eta zure ahalmenean konfidantza izatea ezinbestekoa da. Niri horrelako gauzek ilusio handia ematen didate. Momentu gogorrak izan ditut. Bi urte pasa ditut alde batetik bestera, liburu eta akta pila baten artean, baina zeozer topatzen nuenean kriston emozioa sentintzen nuen. Eta bidean lagundu didaten pertsona batzuren eskuzabaltasunak asko hunkitzen nau.

Urberuagaren  tesia TESEO-ren  webgunean dago eskuragarri.

Urberuagaren  tesia TESEO-ren  webgunean dago eskuragarri.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »