Mateo Guilabert, kazetaria: “Inoiz ez dut ortografia akatsik egin”

Mateo Guilabert, kazetaria: “Inoiz ez dut ortografia akatsik egin”
2019/03/29 eta kitto!
Kazetari moduan definitu dugu Mateo Guilabert Lopetegi, baina errenazimenduko gizona dirudi. Berriemailea, esataria, musikaria, argazkilaria, tailerreko behargina eta mila saltsatako perrexila izan da (eta izaten jarraitzen du). Pribilegiozko memoria duen gizona, istorio eta pasadizo ugari ditu buruan, eta www.sdeibar.com/eu-k eduki nahiko lukeen artxiboa dauka etxean. Beti umore onez eta izaera maitekorrarekin, omenaldi asko jaso ditu 90 urtetan. Orain dela pare bat aste jaso zuen bat, adibidez, Untzagako jubiletxeko lagunen eskutik Errioxara egindako txangoan. Ez da azkena izango.

 

- Zer moduz Errioxa aldean?

Iaz San Asension egon ginen pertsona nagusientzako udalekuetan eta toki berean pare bat egun pasa genituen orain dela bi aste. Rodeznon bazkaldu genuen eta uste dut inoiz ez dudala hainbeste janari ikusi. Gainera, bodega batean ardoa dastatzeko aukera izan genuen. Ez nuen omenaldirik jasotzea espero. Jatetxean bazkaltzen zegoen jendeak ere txaloak eskaini zizkidan eta emozionatu egin nintzen. Mahairik mahai eskerrak eman nizkien, ez nituelako ezagutzen, eta oraindik txalo gehiago egin zidaten. Oso pozik sentitu nintzen. Txaloez gain hiru koloredun boligrafo bat ere oparitu zidaten “no-venta” inskripzioarekin, irratian egin nuen txantxa baten harira.

- Asteburu betea, beraz?

Guztiz! Eta itzuleran Ertzainak autobusa geratu zuen. Nire ustez Errioxatik zetorren autobusa ikusi eta barruan mozkor batzuk joango zirela pentsatu zuten, baina gu lasai geunden. Behin bakarrik mozkortu naiz, 10 urterekin.

- 10 urterekin?

Meza-mutila nintzen eta Domu Santu egun batean mezako ardo gehiegi edan nuen. Gozoa zegoen! Ez zitzaidan ezer gertatu, baina hurrengo egunean amak egurtu egin ninduen. Ordutik, ez naiz gehiago mozkortu.

- Untzagako jubiletxeko lagunena ez da jaso duzun omenaldi bakarra izan. Gauzak ondo egin dituzun seinale?

Berrogei plaka baino gehiago ditut etxean. Gipuzkoako Kirol-Prentsaren Elkartearena, As Burgas Galiziako Etxearena, Txirrindulari Elkartearena... eta azaroan Bakailauaren Ohorezko Kofrade izendatu ninduten. Gainera, herriko sari nagusia eta Eibar KE-ren urrezko domina ere eman didate.

- 90 bete dituzu eta martxa betean jarraitzen duzu. Aktibo egotea berebizikoa da adin horrekin sasoi betean egoteko?

Baietz uste dut. Jubiletxean tragoak hartzen handik sartu eta irteten direnak ikusten egoten direnek pena ematen didate. Ez daukate bestelako helbururik bizitzan? Nik hainbat gauza egiten ditut eta ahal dudan toki guztietan kolaboratzen dut. Eibarko Artisten Elkarteko kidea naiz, nahiz eta margotzen ez dudan; martitzenetan Radio Eibarren egoten naiz; jubiletxeko ekintzetan laguntzen dut argazkilari moduan... ez dut ezer kobratzen, baina ez dut lan horrek egiteari utzi nahi, asko gustatzen zaizkidalako.

- Buru-argitasunez beteta iritsi zara 90. urteurrenera. Nola gogoratzen duzu Bartzelona utzi eta Mendigorriara joan zinen sasoi hura?

Aita 1936ko uztailaren 3an hil zen, Gerra Zibila hasi baino hamabost egun lehenago, eta nik 7 urte nituen. Gosearen belaunaldikoa naiz. Gaur egun alargunek pentsioa kobratzen dute, txikia bada ere, baina sasoi hartan hori ere ez. Gerra Zibila Bartzelonan bizi izan genuen eta lehen bonbardaketa ondo gogoratzen dut. Amaren gurasoak Mendigorrian bizi ziren eta sasoi hartan %100ean nekazari-herria zenez, errazagoa zen patata eta azalore bana han aurkitzea Bartzelonako kaleetan baino. Hara joan ginen ama, arreba zaharra, anaia gaztea eta laurok. Amak aberatsen arropak garbitzen zituen errekan eta eskolatik irteten ginenean lagundu egiten genion. Eltze batean janaria prestatzen zigun eta ordutik ezin dut janari beroa jan.

- Zergatik?

Oliorik ez genuenez ardi-gantza erabiltzen genuen kozinatzeko eta janaria oso bero jan behar genuen, ia irakiten, bestela haginak itsatsita geratzen zitzaizkigulako.

- Musikak Zarautzera eraman zintuen. Nola?

Zarauzko Bandaren zuzendaria Artajonakoa zen, Mendigorria ondoko herri batekoa, eta lurrak zituen han. Zarauzko uda sasoia amaitzean lurrek ematen zioten etekinak jasotzera joaten zen eta gure musika irakaslearen lagun mina zen. Antza denez ni nabarmendu egiten nintzen eta Zarautzera eraman ninduen 19 urterekin.

- Zer moduz Zarautzen?

Musikoa izateaz gain Enrique Keller enpresan egin nuen lan. Armonikak afinatzen nituen, eta entzumen ona eta esku finak nituela esaten zutenez, musikadun-kaxak afinatzen hasi nintzen. Aurretik ez nuen inoiz musika klasikoa jo, jaietan jotzen zen musika dantzagarria bakarrik, eta Donostiako kontserbatorioan ikasi nuen. Bestetik, Javier Escudero maisuaren anai bik nirekin egiten zuten lan eta sasoi hartan ‘Illeta’ obra konposatzen zegoenez, tronboiarekin laguntzen nuen. Gainera, armonia klaseak ere eman zizkidan.

- Zarautzetik Eibarrera etorri eta hemen geratu zinen gaur egunera arte. Zerk lotu zituen Eibarrera?

Zarautzen egindako lagun bat Eibarko Ayra Durexen hasi zen lanean eta zera esan zidan: “lan zikin baterako mutil garbi bat behar dut, eta zu zara egokiena”. Eta egia zen, oso toki zikina zen benetan. Urte bi egin nituen han.

- Eta gero?

Sasoi hartan Mateo Muxika Urrestarazu gotzaina Zarautzen bizi zen eta harreman estua genuen. “Izenkide gailena”, esaten zidan. Hainbat bikote ezkondu zituen, tartean Alfako administrari kontseiluko presidentea, eta nire gainean egin zion berba. Alfan lanean hasi nintzen eta 25 urtez egon nintzen han.

- Alfatik kazetaritzara. Nola eman zenuen jauzi hori?

Diario Vascorentzat idazten nuen eta 13:30eko autobusean eguneko informazioa bidali behar genuen. Hortik aurrera gertatzen zena bi egun geroago egunkarian argitaratzen zen. Gainera, egunkarirako idatzitako albisteak Radio Juventud de Eibar irratira bidaltzen nituen, ezer kobratu barik, ez nintzelako politikaria eta ez nuelako jendeak horrekin lotzerik nahi. Franco hil zenean Radio Nacional delakoak Radio Juventud irratiak hartu zituen eta lan-eskaintza egin zidaten. Alfan baino gehiago kobratzea eskaini zidaten, beraz, onartu egin nuen.

- Nola trebatu zinen kazetari moduan?

Hemen oso berandu hasi ziren kazetaritza tituluak eskaintzen eta nik Mendigorriako eskolan ikasitakoarekin egin nuen aurrera. Hori bai, inoiz ez dut ortografia akatsik egin.

- Zergatik amaitu zenuen irratiko lana?

63 urte nituenean Madrilgo zuzendaritza-kide batek erabaki zuen 40.000 biztanle baino gutxiagoko herrietan ez zela irratirik egongo. 24 irrati-etxe itxi zituzten, tartean Eibarkoa. Zamorara bidali nahi izan ninduten eta ni joateko prest negoen, baina familiari ez zitzaion ideia ona iruditu.

- Urte asko izan dira kazetaritza munduan. Nola egokitu zara sasoi berrietara?

Kazetaritzan lan egiteko gaur egun dauden erraztasunek enbidia ematen didate. Informazio asko daukagu eskura. Lehen, adibidez, orri bat betetzeko arazoak izaten genituen batzuetan. Sasoi berrietara egokitzen jakin dudala uste dut.

- Iragana errepasatu dugu, baina nola ikusten duzu etorkizuna?

90 urte bete ditut eta ez dut etorkizuna begiratzen, momentua bizi eta gozatzen dut. Oso pozik nago daukadan adinarekin eta are pozago Eibarko jendeak maite nauelako.