Musika eskolako trikitilari gazteak: “Kalean eta jendartean ibiltzea gustatzen zaigu” (bideoa ikusgai)

Musika eskolako trikitilari gazteak: “Kalean eta jendartean ibiltzea gustatzen zaigu” (bideoa ikusgai)
ETA KITTO 2016, Eka 10

Azken aldian Eibarren gero eta trikitixa gehiago entzuten da. Jai eta ekitaldi desberdinetan hor ikusten ditugu trikitilari eta panderojole gazteak instrumentu hauek daukaten indarra eta alaitasuna transmititzen. Kalean ikusten ditugun gazteak 14-23 urte bitartekoak dira eta gu gaztetxoenekin elkartu gara, 14-16 urte bitartekoekin, hain zuzen ere. Talde honetan Elene Gisasola, Naia Saez, Arrate Aristi, Naroa Kareaga, Juliana Moreno, Julen Leturiondo eta Garazi Perosanz daude.

– Zenbat denbora daramazue trikitixarekin?
8 urte inguru daramagu Musika Eskolan trikitixa eta panderoa jotzen eta Julen orain dela gutxi hasi da panderoa ikasten Adolfo Jainagarekin. Astean bi egunetan entseatzen dugu Marisolekin, eta Julen Adolfo Jainaragen eskolan dago.

– Nolako ekitaldiak egiten dituzue?
Coliseoan ekitaldiak egiten ditugu eta kalean gero eta gehiago ibiltzen gara. Kaleetan Kantuz eta Kantuzaleak abesbatzekin ateratzen gara. Euskal Jaian goiz eta arratsaldez ibili ginen jotzen eta kantu afarian ere egon ginen. Trikipoteoak, kalejirak, jaiak… gero eta gehiago irtetzen dugu kalera eta oso gustura!!! Gutako batzuk nagusien taldearekin ere ateratzen gara. Sanjuanetan, txupinazoaren ondoren 20 bat lagun aterako gara. Hasieran lotsa ematen zigun baina orain, oso ondo pasatzen dugunez, lotsa galdu egin dugu.

– Aste Santuan Irlandan egon zineten. Zer nolako esperientzia izan zen?
Oso gustora egon ginen. Nagusien taldearekin (17-23 urte) eta Koru Gaztekoekin joan ginen. Bidaiak balio izan digu gure artean hobeto ezagutzeko.  5 egun eman genituen han. Ingelesa praktikatzeko aukera izan genuen eta, hizkuntza zala eta, barre asko egin genituen, batzuk ez baitziren oso ondo moldatzen (jejeje). Handik etorri garenetik ingelesa praktikatzen saiatzen gara. Euskal Jaira dantza egitera etorri ziren ingelesekin elkartu ginen kantu afarian, eurekin dantza egiten eta ingelesez berba egiten ibili ginen.

– Beraz, primeran ibili zineten…
Motibazio handiarekin etorri ginen Irlandatik. Leku guztietan kalejiran, abesten, lagunak egiten… Jendeak oso ondo erantzuten zuen. lrlandan asmatutako koreografiak ere baditugu, eta Euskal Jaian, kantu afarian, errepikatu egin ditugu.

– Zer moduz ikasketekin? Ez daukazue arazorik ikasketak eta eskola kanpokoak uztartzeko?
Ondo moldatzen gara. Orain azterketekin gaude eta berdin-berdin etortzen gara. Entseguak berandu izaten ditugu, gabeko hamarretan amaitzen ditugu, baina oso ordutegi ona da: arratsaldean denbora daukagu ikasteko eta gero, hona, deskonektatzera, ondo pasatzera eta trikitrixa ikastera etortzen gara. Oso giro ona daukagu.

Hemen daukazue eurekin grabatutako bideoa. Ez galdu ikusteko aukera!!!

 

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »