Nerea Mendizabal (Psikopedagogoa): “Haurren haserrealdiak ulertzea kostatu egiten zaigu”

Nerea Mendizabal (Psikopedagogoa): “Haurren haserrealdiak ulertzea kostatu egiten zaigu”
ETA KITTO 2015, Mai 25

– Zerk eragiten ditu umeen haserrealdiak eta zein adinetan gertatzen dira?
Haserrealdiak gizaki guztiok egoera batzuen aurrean sentitzen dugun energia bat dela esango nuke. Beharbada gehien kostatzen zaiguna, haurra haserratzera eraman duen arrazoia ulertzea da, helduon ikuspuntutik begiratzen dugulako. Nola jarri daiteke horrela horregatik? Haurraren momentu hortako beharrak kontutan hartzen ez direnean, bere erritmoa helduak markatzen duenean, ulertua ez denean, bere desioak aintzat hartzen ez direnean, nahi ez duen zerbait egitera derrigortua denean haserretu daiteke. Badago heldurik, hori gertatzen zaigunean haserratzen ez garenik?

– Nola jokatu behar dugu gurasook eta nagusiok, orokorrean, haurren haserrealdien aurrean?
Haserrea energiaz eta informazioz beteta dago. Honi baimendu eta kanporatzen laguntzea egin dezakegun gauzarik osasuntsuena izan daiteke. Kanporatzeko hartzen duen forman, norbaiti miña egin edo zerbait apurtzeko bidea hartzen duenean, haserrea moztu edo bukatzeko intentziorik gabe, beste zerbait eskaini diezaiokegu haserre hori kanalizatzen lagunduz (egin nahi ez dugun horretan muga garbia azalduz). Eta ondoren, haserre hau nondik datorren hausnartu eta zer esan nahi digun begiratzen jarri gaitezke.

– Gure seme-alabekin komunikazio egokia izatea ezinbestekoa izanik, ze komunikazio-mota proposatzen duzu?
Exijentziatik eskatzen ari denean, haurra haserretzera eta oposizioan egotera gonbidatzen du. Modu honetan guda bistakoa da. Helduak exijentzia horren atzean dagoen beharra deskubritzetik eta haurraren jarrerarekin bat egitetik (ulertzetik, honek bere jokaera horrek esan nahi diguna argitzetik) benetako komunikaziora eraman gaitzake. Eta hau izan daiteke, biona kontutan hartuko duen irtenbide bat topatzeko modurik eraginkorrena. Eta ez balute irtenbiderik topatuko ere, elkarren arteko ulermenaren, bakoitzaren ezagutzaren eta bategite horren disfrutea edukiko lukete. Eta hori da, ziurrenik harremanean faltan  botatzen dugun elikagai nagusietako bat. Dudarik gabe, gure seme alabei eman diezaiekegun inbertsio eta oparirik baliotsuena.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude