Oihane Perez Calle (boluntarioa Marokon): “Orain arte egin dudan gauzarik onena izan da”

Oihane Perez Calle (boluntarioa Marokon): “Orain arte egin dudan gauzarik onena izan da”
2019/09/06 eta kitto!
Marokora boluntario moduan joatea orain arte egin duen gauzarik onena edo onenetakoa izan da Oihanerentzat. 25 urteko eibartarrak itzulpengintza ikasketak egin zituen, eta ingeles eta euskara irakaslea da Aldatze ikastetxean. Bidaiatzea betidanik gustatu zaio, eta aurten zerbait berezia egiteko gogoa zeukan. Interneten boluntariotzan jarduteko dauden aukera desberdinak bilatzen hasi zen eta “Initiative Association without borders” aurkitu zuen. Marokoko Atlasean, Tazouka eta Midelt eskualdeko ume eta gazteei laguntzeko hezkuntza proiektuak dituen GKE bat da. Baliabide gutxi dituen erakundea da eta egiten duten lana ezagutzera eman nahi du Oihanek.

- Nola ezagutu zenuen erakunde hau?
Interneten bilatzen hasi nintzen eta intuizioak eraman ninduen “Initiative Association” aukeratzera. Irakaslea naizenez zerbait eman nezakeela pentsatu nuen. Ingelesezko klaseak ematera joan nintzen, baina denetik egin nuen: eskola margotu, foballean jolastu, sukaldeko lanak…  Elkartearen izena ingelesa izan arren, boluntario guztiak Espainiakoak, eta gehienak Euskal Herrikoak ginen. Bi aste egon nintzen uztailean.

- Nola funtzionatzen zuen eskolak?
Elkarte honek ikastetxe bat dauka ikasturte osoan zehar beste leku batean, eta nik ezagutu ditudanak “Udako kanpamenduak” edo antzerako zerbait dira. Hizkuntzekin hasi dira, baina irakasle gehiago lortzea eta hezkuntza proiektuak zabaltzea da asmoa. Dena dela, momentu honetan premia handiena hizkuntzak direla uste dute. Oso herri txikia da, eta ikastetxe publikoa oso mugatua dago. Hizkuntzak lantzeaz gain, beste jarduera batzuk ere egiten dira: kirola, jolasak…

- Ume asko zegoen eskolan?
Gaztelera ikasten bi talde zeuden, umeak eta gazteak, eta ingelesean 8 urtetik 18 urterakoak. Batxilergoko ikasle bat kenduta, besteek ingeles maila oso oinarrizkoa zeukaten. Kasu batzuetan, 16 urterekin lanean daude (neskak batez ere), ez dira eskolara joaten, eta uda aprobetxatzen dute ikastera joateko.

- Nolakoa da hango egoera?
Pobrezia handiko ingurua da. Batzuentzat heburua Espainiara heltzea da, baina beste batzuk badakite euren herrian geratuko direla betirako, handik irteteko aukerarik gabe. Ez daukate ezer. Hala ere, euren etxera gonbidatzen zaituzte eta beti daukate zerbait emateko, tea, pastak, gozokiak… Gogorra egiten da. Ikusten duzu etxeak ez daukala ezer, bakarrik mahai bat eta lau aulki, baina, hala ere, beti daukate eskaintzeko zerbait. Kulturala da. Asteburuan basamortura joan ginen txango bat egitera eta hango nomadek berdin jokatu zuten gurekin. Lanaz aparte, boluntarioek denbora librea izaten dugu eta hainbat ekintza egiteko aprobetxatzen dugu: hamman, sukaldaritza, arabeko eskolak, trekking, henna, musika afrikarra, etab.

- Motxila esperientziekin beteta ekarri duzu, beraz.
Zoragarria izan da, bizitzan egin dudan gauzarik onenetakoa edo onena. Gauza bat da pentsatzea eta bestea bertan egotea. Hemen, Aldatzen lanean nagoenean, behar dudan guztia daukat, baina han ez daukate ez koadernorik ez arkatzik. Koaderno bat izatea luxu bat da. Umeak egunero etortzen ziren arropa berberarekin. Asko pijamarekin etortzen ziren, zeukaten bakarra zelako. Bidaiatzea beti gustatu zait, eta kulturak ezagutzeko modu on bat da hauxe. Eibarren Marokoko ikasleak ditut, eta bidaia honi esker hainbat gauza ulertu ditut.

- “Initiative Association” erakunde txikia dela esan duzu.
Bai, eta euren jarduna eta helburuak ezagutzera eman nahi dituzte. Baliabide gutxi dituzte. Sortzaileak bertakoak dira, Abdu eta Redouane. Ikasteko aukerarik ez zuten izan, eta horregatik sortu dute elkartea. Euren etxean egon ginen. Ni udan joan naiz, baina urte guztian egin daitezke bidaia solidarioak. Informazioa www.initiativeassociation.com webgunean lortu dezakezue, horrela nahi izanez gero. Nire txandan 18-25 urte bitarteko gazteak egon ginen, baina aurreko txandan ama-alabak  eta familiak egon ziren. Beraz, denontzako zabalik dago.

eskola

OIhane Perez Marokon