Bihar, asteazkena, 19:00etan, “Sarean kateatuak” antzezlana eskainiko dute Nomofobikek Portaleko areto nagusian

Bihar, asteazkena, 19:00etan, “Sarean kateatuak” antzezlana eskainiko dute Nomofobikek Portaleko areto nagusian
ETA KITTO 2019, Aza 19

Olatz Beobide, Amaia Lizarralde eta Belen Cruz aktoreak  Portaleko areto nagusian  egongo dira bihar, asteazkena (azaroak 20). Sarean kateatuta dabiltza hiru neska hauek. Nomofobikek ez dakite mugikorrik gabe bizitzen. Selfiak atera eta atera ibiltzen dira egun osoan, sare sozialetan ‘atsegin dut’ sakatzen eta mezuak bertxiokatzen. Umore handiz hartzen dute euren gaixotasuna. Nomofobia aitzakitzat hartuta, hiru emakumeek ikusleekin batera terapia bati egingo diote aurre. Ekitaldia …eta kitto! Euskara Elkarteak antolatu du. 19:00etan hasiko da eta sarrera irekia izango da. Antzezlanaz Olatz Beobiderekin hitz egiteko aukera izan dugu.

– 2016an zuen lana Poltsiko Antzerkia jaialdiaren irabazlea izan zen. Ordutik hona gelditu gabe egon zarete lan honekin. Nola jaio zen proiektua?
Arratsalde batean elkartu ginen, zerbait berria sortzeko asmoz eta elkarrekin lan egiteko gogoari erantzunez. Mugikor eta sare sozialekiko dugun menpekotasunaren gaia atera zen. Hortik dator, hain justu, taldeari jarri genion izena: Nomofobikak. Hasieran ikuskizun laburra zen, kafe antzokietan eta horrelakoetan egiteko pentsatuta zegoen, eta gero luzatzea eskatu ziguten. Umorea eta kritika dago eta jendeak oso ondo pasatzen du. 3 urte daramatzagu alde batetik bestera lanarekin. Eskoletan, kalean, eszenatokietan edo edozein lekutan egiteko aproposa da.

– Zer da nomofobia?
Mobilik gabe geratzeko beldurrari deitzen zaio nomofobia. Mendekotasun gisa katalogatuta dago eta badago jadanik tratamendua jasotzen ari den jendea. Askorentzako arazo serioa bihurtu da. Hemen ez dut uste hainbesterako denik, baina Asia aldean jendea ospitaletan sartzen dute. Arazo larriena da engantxe hori joko adikzioarekin lotzen denean. Mobila edozein lekutan eta edozein momentutan gainean duzuen erraminta da. Askotan pertsona batekin egoteko desiatzen gaude, eta aurrean daukagunean ezin dugu mobila askatu.

– Gizartean hedatua dagoen gaitza da, baina umoreaz baliatu zarete eta ikusleek barre egiteko eta ondo pasatzeko aukera daukate zeuekin.
Hori da, umorearen bitartez kasu ezberdinak ikusteko parada izangu du ikusleak: ofizio ezberdinetako langileek, umeek, nerabeek, adineko emakumeek, batzuetan sketch tankeran eta bestetan bakarrizketa gisa, euren bizipenak aurkeztuko dizkigute, beti ere umorea lagun, burua astintzeko asmotan. Adin desbedinak nahi genituen atera eta, esate baterako, 3 amona agertuko dira, euren rulo eta guzti, facebookera engantxatuta, eurentzako kuxkuxeatzeko erraminta balitz bezala. Gaur egun oso komunikatuta gaude, baina hori nahikoa da?

– Zer pentsatu ematen duen antzezlana da, beraz.
Terapia kolektibo gisako bat bideratu nahi dugu. Baina magnifikatuz eta umore kodean, egoera larri bat islatzen saiatuz. Antzerki forma desberdinak erabiltzen ditugu horretarako: inkesta bat eta terapia antzeko bat egiten dugu publikoarekin –menpekotasun horren kontzientzia har dezaten–, monologoak sartzen ditugu… Jendea animatu nahi dut ikustera etortzeko. Euskera aldetik, pertsonaia asko daude eta bakoitzak bere erara hitz egiten du, baina oso erraza da ulertzen eta jarraitzen. Euskaltegietan asko egin dugu eta erraz jarraitzen den lana da. Ondo pasatzen du jendeak eta guk ere oso ondo pasatzen dugu!

Nomofobia «Ingeleseko no-mobile-phone phobia-ren laburdura da eta kalera mugikor gabe irtetzeko beldur irrazionalari egiten dio erreferentzia. Hau da, kobertura edo bateria falta dugunean, mugikorra etxean ahaztu edota ondo funtzionatzen ez duenean sentitzen dugun antsietatea da nomofobia. Gizartearen gehiengoak sufritzen du gaitz  edo patologia hau, eta 18 eta 24 urteko gazteen artean are zabalduago dago».

Nomo2

Umore kodean egoera larri bat islatzen dute Nomofobikek

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »