Raquel Garcia: “Gai lesbikoak modu positiboan landu nahi genituen, drama barik”

Raquel Garcia: “Gai lesbikoak modu positiboan landu nahi genituen, drama barik”
2019/06/14 08:24
eta kitto!
Raquel Garcia Leon ez dabil zinearen munduan azken aldian, baina ikus-entzunezkoetako ikasketak egin zituen Donostiako Larrotxene kultur etxean eta ‘Hilabetean behin?’ film laburra grabatu zuen Gehituren ekimenez egindako gidoigintza tailer baten ondorioz. Han eta hemen egon da ikusgai, baita Zinegoak-en ere, eta tailerrak egin dituzte hainbat herritan. Gaur, adibidez, errealitate lesbikoen film laburren solasaldia egingo dute 18:00etan Portalean.

 

- Zertaz jardungo duzue gaurko solasaldian?

‘Ondas mareadas’ eta ‘Hilabetean behin?’ laburmetraiak ikusiko ditugu eta horren inguruan egingo dugu berba.

- Nola sortu zen ‘Hilabetean behin?’ filma?

Emakumeentzako ekintzak egiteko proposamena egin genion Gehituri eta hainbat tailer antolatu genituen: gidoiak, bideoak, dokumentalak... Gidoi bat egiteko ikastaroa jarri genuen martxan eta hor ibili nintzen ni. Bederatzi ikaslek eman zuten izena eta denon artean gai lesbiko bat lantzen duen gidoi bat egitea zen helburua, beti ere modu positiboan, gai honen inguruan drama gehiegi dagoelako hortik zehar. Beraz, irribarre bat edo zapore ona uzten duen lan bat egitea zen gure asmoa. Ikastaroak hiru hilabete inguruko iraupena izan zuen, oso zaila delako bederatzi pertsonen artean gidoi bat sortzea. Normalean gidoilari bakarrak edo bik idazten dute testua, ez da erraza bederatzi pertsona ados jartzea. Gainera, ikasleek ez zekizkiten irudiak idazten. Dena dela, aurrera egin eta gidoia amaitu genuen, eta pozik geratu ginen emaitzarekin. “Zergatik ez dugu filmatzen?”, pentsatu genuen, eta Gehituk dirulaguntza lortu zuen grabatu ahal izateko. Taldekide bakoitzak zerbait eman zuen: batek bere kamera, besteak mikrofonoak, beste batek aktorea den laguna ekarri zuen...

- Nolakoa izan zen grabaketa?

Asteburu batean entseguak egin eta lokalizazioak bilatu genituen, eta hurrengo asteburuan filmatu egin genuen.

- Laburmetraia zertan datza?

Bere bizitzarekin apurtu nahi duen pertsona baten inguruko laburmetraia da. Airean uzten dugu bere aurreko bikotea gizonezkoa edo emakumezkoa izan den, baina bikote moduan emakume bat nahi duela ikusten da. Oso animatuta dago, ligatu egiten du eta optimista da, baina desamodiozko egoera pare bat bizitzen ditu eta, azkenean, gutxien espero zuen tokian aurkitzen du maitasuna, adiskidetasuna edo berarekin gustora sentitzen den pertsona. Amaiera ez da oso itxia eta zaila da laburmetrai batean istorio bat kontatzea, beraz, ikusleek euren interpretazioa egin beharko dute.

- Gai hau modu positiboan landu nahi zenutela aipatu duzu. Garrantzitsua da hori?

Bai, azken batean hori zen laburmetraiaren helburua. Ez dago errealitate lesbikoak lantzen dituen ikus-entzunezko lan askorik, baina ez dakit zergatik. Maila profesionalean ez dago emakumezko zuzendari edo gidoilari asko, eta hori izan daiteke arrazoi bat. Gehitukoei esan nien laburmetraia edozein jaialditan eskaintzea gustatuko litzaidakeela, beste film labur bat gehiago izango balitz bezala, ez eskaintzea bakarrik gai honen inguruko jaialdietan. Adibidez, laburmetraia euskeraz egin genuen euskerazko edo hemen egindako film laburren jaialdietan parte hartzeko, gaia kontuan hartu gabe. Horrez gain, aktoreen ama hizkuntza euskera da eta horrela hobeto moldatzen zirelako ere erabaki genuen euskeraz grabatzea.

- Gaurko solasalditik antzeko proiektu bat atera daiteke?

Ba ez zait axola berriz esperientzia errepikatzea. Hainbeste urteren ondoren ikus-entzunezkoen mundura itzultzean konturatu naiz asko gustatzen zaidala horrelako lanak egitea. Denbora asko eskatzen du, baina oso atsegingarria da. Ikastaroan parte hartu zutenek, aktoreek eta estrek oso ondo pasatu zuten, oso dibertigarria izan zen.