Samara Velte (`Nik sinesten dizut´ liburuaren egilea): “Erasotzailea gizartean erabat txertatuta dago”

Samara Velte (`Nik sinesten dizut´ liburuaren egilea): “Erasotzailea gizartean erabat txertatuta dago”
ETA KITTO 2019, Aza 22

2016ko sanferminetan bost gizonek emakume gazte bat bortxatu zuten. Erantzun soziala masiboa izan zen, eta elkartasun aldarri gisa “Nik sinesten dizut” goiburua zabaldu zen. Izenburu horixe jarri dio Samara Veltek (Zarautz, 1991) kasuari buruz egin duen liburuari. Zortzi urtez BERRIAn kazetari jardun ondoren, EHUn ikerlari lanetan dabil orain Velte. Azaroaren 26an Portalean izango dugu Nik sinesten dizut. Bortxaketaren kultura eta sanferminetako kasua liburua aurkezten, 18:00etatik aurrera. Ekitaldia Juan San Martin liburutegiak eta Andretxeak antolatu dute, Indarkeria Matxisten Kontrako nazioarteko egunaren harira.

– Zein da liburuaren mamia?
Iruñeko bortxaketaren kasuaren haritik zabaldu ziren galderen inguruan begirada erradiografiko bat eskaini nahi dut. Ez da erasoari buruzko kronika bat, ez naiz sartzen detaile morbosoetan eta dexente kritikatzen ditut, gainera. Sanferminetako bortxaketa hori gertatu zenean indarkeriaren inguruan zein irakurketa zabaldu ziren azaltzen dut, eta hor nolabait bi narratibek egin zuten talka. Bat izango litzateke “Nik sinisten dizut” goiburua laburbiltzen duena. Hor ikuspegi feminista dago, indarkeria matxista gauza orokorra dela ulertzen duena. Hau da, indarkeria matxista gizartearen oinarrian dago, eta adierazpen mordoa dauzka, nahiz eta batzutan atentzioa kasu zehatzetara joaten zaigun. Eta bestetik, horrekin talka eginez, begirada patrialkala dago. Beti geldituko da sinesgarritasunaren galdera hor kateatuta: erasoa izan den ala ez, zer den benetan indarkeria…

– Bi irakurketa horietatik “Nik sinisten dizut” aukeratu duzu liburuaren izenbururako…
Egin ziren irakurketa guztietatik ideia ona iruditu zitzaidan mezu positibo bat erreskatatzea. Salto bat suposatzen du, sinesgarritasunaren inguruko zalantza gainditzen delako. Sinesgarritasuna zalantzan jartzea erasoa sufritu duenari legitimitatea kentzeko erabiltzen den tresna da.

– Zer elementu izan zituen 2016ko eraso hark hainbesteko oihartzuna lortzeko?
Esanguratsua izan zena gizarteak eman zion esanahia izan zen, hau da, gizartearen erantzun masibo hori. Eta alde horretatik uste dut izan zela salbuespenekoa. Erasoak, baita taldekoak ere, etengabe gertatzen dira. Zergatik kasu zehatz hau bihurtzen da bapatean sinbolo edo ikono konpartitua? Liburuan saiatzen naiz horren azpian operatu duten mekanismoak aztertzen.

– Iruñean gertatu izanak badu loturarik gizartean izan zen erantzun horrekin?
Ez horrenbeste sanferminetan gertatu zelako, baina bai Iruñean aldez aurretik talde feministek izugarrizko lanketa egina zeukatelako gai horren sentsibilizazioari dagokionez. Aspaldiko lanketa izan da eta horrek bere emaitzak dauzka, bereziki gizarteak arazo sozial bezala aitortzeko garaian. Gainera, 2016an gobernu aldaketarekin koinziditzen du, eta nolabait udal gobernuaren erabaki batzuk ere lagundu zuten: salaketak jartzeko leku gehiago jarriz, goizero salakaketa horiek komunikatuz…

– Nola jokatu zuten hedabideek?
Hasieratik oso kasu mediatikoa izan zen. Txupinazo egunean izan zen, milaka kamara zeuden. Komunikabide askok euren narratiban nahiko eraikita zeukaten sanferminak erasoen gune direla, eraso asko gertatzen direla. Narratiba hori guztiz faltsua da, espazio eta jai guztietan gertatzen dira erasoak. Horren guztiaren ondorioz dialogo sozial handi bat sortzen da: alde batetik, ikuspegi feminista batetik, hori salatzera protesta egitera joan zirenak; eta, bestetik, erasoari irakurketa nahiko morboso eta patriarkala egin ziotenak, bereziki komunikabideek sustatu zutena.

– Zerk ahalbidetzen du bost gizonek horrelako zerbait egitea? “Manada efektoa” delakoa existitzen da?
Ez dut uste orain gertatzen ari den gauza denik. Biolentzia matxista patriarkatuaren oinarrizko tresna da, dominazioa erreproduzitzen duen mekanismo nagusia, eta historian zehar beti existitu da bortxaketa, baita taldekoa ere. Gehiago esango nuke: eraso gehienek daukate osagarri kolektibo bat. Iruñeko kasuan, elementu klabea da inpunitatea sentitzen dutela. Ordura arte, nolabait, inguruneak eta gizarteak ulertarazi zielako horrelako zerbait egin zezaketela. Eta hori da klabe bakarra. Erasotzailea ez da burua joan zaion pertsona bat. Ez dira munstro batzuk, edo gizartetik apartatutako gizakiak. Gizartean erabat txertatutako jendea da.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »