Xabier Oruesagasti, saxofoi-jolea: “Ustekaberekin ikasi ditudan kontzeptu eta teknikak oso baliagarriak izan dira”

Xabier Oruesagasti, saxofoi-jolea: “Ustekaberekin ikasi ditudan kontzeptu eta teknikak oso baliagarriak izan dira”
2018/07/06 10:38
eta kitto!
Xabier Oruesagasti Ustekabe fanfarreko saxofoi-jole eta presidenteak Madrilgo Teatro Real antzokian jo zuen joan den zapatuan hango Orkestra Sinfonikoaekin (Estatuko orkestra finko zaharrena). Angela Gheorghiu sopranoarekin eta Teodor Ilincai tenorrarekin Shostakovichen 2. balsa jo zuen saxofoi klasikoan goi-mailako ikasketak egiten diharduen eibartarrak, eta oso pozik geratu zen eskainitako kontzertuarekin.

 

- Zer moduz joan zen Madrilgo egonaldia?

Bikain! Hiru entsegu egin genituen kontzertua eskaini aurretik, baina horrela izan ohi dira gauza hauek, oso profesionalak. Lehenengo entseguan dena primeran egiteko gai izan behar zara. Gero, kontzertua oso polita izan zen eta gure pieza oso ondo irten zen.

- Pieza bakarra jo zenuen?

Bai, normalean orkestretan saxofoiak ez dira modu egonkorrean egoten, saxofoia berandu asmatu zelako eta orkestren errepertorio zentrala osatzen duten piezak aurreragokoak direlako. Hala ere, errepertorioak berritzen ari dira eta saxofoia gehiago entzuten da.

- Madrilgo Teatro Real antzokian jotzeak errespetua ematen du?

Antzoki ikusgarria da eta beteta zegoen. Gainera, sarrerak oso garestiak ziren eta orkestraren maila demasekoa da. Oso talde profesionala da. Nire lehen aldia zen eurekin, aukera aparta, eta gauza ezin hobe egin behar nituen itxura ona emateko.

- Eta Angela Gheorghiu eta Teodor Ilincai abeslariekin jotzea, zer moduz?

Izugarrizko artistak dira. Kontzertua amaitzean guregana etorri ziren zoriondu egin gintuzten.

- Nola sortu zitzaizun han jotzeko aukera?

Madrilgo Orkestra Sinfonikoan, normalean, bi saxofoi-jole finko daude eta euretako bat nire irakaslea da Musikenen. Beste saxofoi-jole bat behar zuten eta nigan jarri zuten konfiantza. Asko eskertu behar diet biei, horrelako emanaldi baterako aukeratu izana izugarria delako niretzat.

- Gauza puntuala izan da edo eurekin gehiagotan jotzeko aukera izango duzu?

Ez dakit. Ondo irten zen, nire kontaktua daukate, baina ez dakit berriz deituko didaten edo ez. Gaztea naiz oraindik eta ikasten nabil, baina prest nago.

- 22 urte dituzu, baina ia bizitza osoa daramazu musikaren munduan. Nola hasi zinen?

6 edo 7 urterekin Musika Eskolan hasi nintzen. Nire aitxitxa Gabriel Musika Eskolako atezaina zen, musika asko maite zuen, eta anaia eta biori musikarekiko maitasuna kutsatu zigun. Musika Eskolan eta Ustekabe fanfarrean gazte hasi nintzen, baina unibertsitate ikasketak beste bide batetik hasi nituen. Ingeniaritza ikasten hasi nintzen eta, aldi berean, Donostiako kontserbatorioan. Unibertsitatean ez negoen eroso eta kontserbatorioan, aldiz, pozik nebilen. Beraz, musikan buru-belarri jartzea erabaki nuen eta urtebete geroago Musikenen sartu nintzen. Karrera amaitzeko urtebete falta zait eta oso gustora nabil. Gainera, emaitza onak ikustea zirraragarria da, hartutako erabakia berresten dute.

- Bide honetan nolako garrantzia izan du Ustekabek?

11 urte nituenean hasi nintzen eta topera nabil ordutik. 15 urterekin arduradun izendatu ninduten eta asko ikasi dut. Kontserbatorioan ikasten dudanaren ezberdina da, kaleko musika, eta kalean ikasten ditudan kontzeptu eta teknikak oso baliagarriak dira.

- Udako agenda bete-beteta dator Ustekaberentzat?

Bai! Taldeak oso osasun ona dauka. Lagun talde bat gara eta martxa betean gabiltza. Belaunaldi berriak sartu ziren, etorkizuna duen fanfarrea da eta plazerra da eurekin hara eta hona ibiltzea.