Emakumeenganako indarkeriaren kontrako kontzentrazioa egin da Untzagan

Emakumeenganako indarkeriaren kontrako kontzentrazioa egin da Untzagan
2018/11/25 eta kitto!
Gaur  Indarkeria Matxistaren kontrako eguna dela eta, eguerdian elkarretaratzea egin da Untzagan, "Emakumeen aurkako indarkeriaren aurrean Eibar martxan" goiburuari jarraituta.

azaroak 25_3

Aurten ere, Udalak bat egin du Emakumeenganako indarkeriaren kontrako Nazioarteko Egunaren Adierazpen Instituzionalarekin, Udal Talde guztiek aho batez onartu eta gero. Horrela, Udalak konpromisoa hartzen du “zerbitzuak hobetzen lagundu, sostengu-zerbitzuzko sare bat gauzatzearekin batera emakumeei arreta osoa bermatzeko bere onera etor daitezen, ahalduntze feminista eta banakako erreparazioa ikuspegi nagusi harturik”.

Hitzarmen horrek bere gain hartzen ditu, era berean, honako neurri hauek: “Bizirik atera diren emakumeak entzun, prebentzio eta segurtasun neurriak diseinatzeko”; “Emakumeen ondoan egon, laguntza-zerbitzuetatik hasita eta bizi izandako indarkeriariu buruzko beraien errelatoa sortzeraino”; “Ekimen kolektiboei laguntza eman (laguntza-taldeak eta plataformak)”; “Biktimen salaketa eta erreklamazio prozesuetan laguntza eman, emakumeek adierazitako testigantza eta beharrak egiaztatzeko”; “Aldiro indarkeria matxistaren biktimen aldeko aitorpen publiko eta erreparazioko ekitaldiak egin, indibidualak zein kolektiboak”; eta “elkarlanean jardun mugimendu feministako ordezkariekin, adituekin eta indarkeria matxistatik bizirik irtendako emakume biktimen kolektibo eta elkarteekin”.

Puntu lila

Amaitzeko, herritar guztiei gogorarazten zaie puntu lilaren kanpaina abian dela. Emakumeenganako indarkeriaren kontrako sinbolo edo ikurra da puntu lila. Sinbolo hori publikoki erakusteak berarekin dakar emakume eta gizonen arteko berdintasun eza oinarri duen era honetako indarkeriaren kontrako konpromiso aktiboa.

Puntu lila jaso nahi duen edozeinek etxeko leihoetan jartzeko, Andretxeara jo dezake astelehenetik eguenera, 09:00etatik 13:00era eta 16:00etatik 20:00etara eta barixakuetan 08:00etatik 14:00etara.

'Emakumeenganako indarkeriaren kontrako Nazioarteko Eguna' adierazpen instituzionalaren dokumentua osorik ikusteko SAKATU HEMEN.

A25 indarkeria matxistaren kontra01